Harriak arte garaikideko programaren baitan antolatutako erakusketa honetan, Ismael Iglesias da komisarioa eta hiru artista garaikide hauen lanak ezagutu daitezke: Raisa Alava, Alberto Albor eta Ane Rodríguez Zaitegi/Anemotorazing.
Lucky filma ikusten ari zela bururatu zitzaion idea Iglesiasi. Pelikulako elkarrizketa batean errealismoa zer den definitzeko hausnarketa bat dago:
- Ikusten duzuna baino ez dago.
- Halere, zuk ikusten duzuna ez da nik ikusten dudana.
Hori abiapuntu hartuta, hiru artista elkartu eta horien lanekin erakusketa bat egitea bururatu zitzaion. “Lehen begiratuan hiru artista hauen lanek zerikusirik ez dutela iruditu arren, niretzat badute puntu amankomuna”, kontatu zuen Iglesiasek.
Erakusketak hiru zati ditu eta horietan artista bakoitzaren lanak aurkitzen dira. Oxforden sartu eta ezkerretara Raisa Alavaren lana dago. Guztira sei koadro eta zeramikazko beste sei eskultura ekarri ditu. Lan honetarako komikia eta ilustrazioa hartu ditu abiapuntu marrazkilari arabarrak. “Erakusketa Alberto eta Anerekin egin behar nuela aprobetxatuz, kolorea sartu dut nire lanetan. Orokorrean ez dut erabiltzen, eta oraingoan ausartu egin naiz. Beste bi artisten lanekin elkarrizketa moduko bat sortzeko”, azaldu zuen Alavak.
Alberto Alborrek, aldiz, lau koadro ekarri ditu Zumaiara. Erakusketaren erdialdean kokatzen dira horiek. “Natura hilaren generoarekin jolastu dut nire koadroetan. Leiho bat ireki eta bertatik ikusten diren paisaiak margotu ditut. Bere baitan sostengatzen den unibertso bat eraikitzea zen nire asmoa. Bitxikeria moduan guztietan landare bat dago”, adierazi zuen Burgoseko artistak.
Amaitzeko, Ane Rodríguez Zaitegi/Anemotorazing lana dago; Oxfordeko hondoko horma guztia hartzen duen lana. Irudi askok eta koloretsuk jasotzen dute Rodríguez obra. Spraya eta akrilikoa erabili du lan honetan. “Collague moduko bat da baina guztiak osotasun bat hartzen du. Street art eta grafitiak hartu ditut oinarri. Bertan, adarbakar asko azaltzen dira. Itsusiak, arraroak eta desitxuratuak margotzen ditut. Ez dakit zergatik dagoen munstroaren irudia edertzeko eta goxatzeko beharra. Nik beste modu batean ulertu nahi ditut, eta munstro arraroak eta itsusiak ere ongi ikusiak egon beharko liratezke. Gizakiak ezegokia irudikatu eta erakusteko hartzen duen arduran asko hausnartzen dut”.
Erakusketa urriaren 19a arte egongo da zabalik Oxforden, egunero, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan, 12:30etatik 14:00etara ere bai.