Datorren urriaren 12an eta 13an, Itsasotik herrira ekimena ospatuko da Urola Kostako bost herritan: Aia, Orio, Getaria, Zarautz, eta Zumaian. Bi egun horietan, guztira, 30 ekimen baino gehiago egongo dira eta bailarako sormen, kultura eta gastronomiaz gozatzeko aukera izango da.
Urola Kostako Udal Elkarteak estrategikoki sustatutako ekimena da, baina bailarako hainbat profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoekin elkarlanean osatu du. Hain zuzen, sortze-esparru ezberdinetatik datozen kideekin egin da programa: hasi gastronomiatik, artisau, antzerki-ikuskizun, eskultura, margolari, bertso edota musikaz osatu da kultura-ondarean jirako egitaraua. Ekitaldi guztiek eskualdearen kutsua izango dute. Horietako batzuk, itsasalde honetan, kostan, urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begira bide bat zabaltzeko asmoz eratu dira.
Zumaian zehazki, urriaren 12an ospatuko da Itsasotik herrira ekimena. Egun osoko egitaraua izango da herrian. 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara, Amaia Zinkunegi, Aran Santamaria eta Ander Ormazuri artisten erakusketa egongo da ikusgai Kofradian. Arratsaldean, berriz, 16:00etan, eskualdeko ontzigintzaren historiari buruzko erakusketa jarriko da Kofradiako plazan. Ondoren, 17:00etan, Beduola elkartearen eskutik, batelen erakustaldia izango da ibaian. Ordubete beranduago, Kosta Gastronomikak antolatuta, Flyscheko olagarroaren bisita egingo da pintxo eta txakolinarekin amaituz. Azkenik, gauean, 22:00etatik aurrera, Buffalo taldearen kontzertua izango da Kofradian.
Zumaiarren parte hartzea beste herrietan
Lehen esan moduan, Itsasotik herrira ekimena bi egunez ospatuko da eta bost herritan izango da. Hala, zumaiar batzuk, beste berri batzutan ere hartuko dute parte. Alde batetik, ostiralean, hilaren 12an, Joseba Esnalen erakusketa egongo da Aian. Emakumeak eta itsasoa izeneko erakusketa 12:15etatik aurrera egongo da ikusgai. Beste aldetik, urriaren 13an, Aran Santamaria eta Ander Ormazuriren artelanak egongo dira ikusgai Zarautzen egingo den Itsasoari zortzi begirada bizipen-ibilaldian, 10:30etatik aurrera. Gainera, egun berean, eta Zarautzen ere, The Grace of Dionysus taldeak kontzertua emango du Lege Zaharren Enparantzan, 22:00etatik aurrera. Amaitzeko, urriaren 13an ere, baina kasu honetan Getarian, Javier Carvalloren eskutik Egurretik altzairura diaporama emanaldia egingo da Berdura plazan, 12:30ean.
Informazio gehiago www.itsasotikherrira.eus webgunean.
