Goiz Eder Iturainek Haurrendako Antzerki Testuen XXVII. lehiaketa irabazi du

Baleike 2018ko urriaren 5a

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatutako Haurrendako Antzerki Testuen XXVII. lehiaketa irabazi du Goiz Eder Iturainek. Guztira, gaztelaniazko eta euskarazko 48 lan aurkeztu dira. Euskarazko lanen artean irabazi du zumaiarrak.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatzen duen Haurrendako Antzerki Testuen XXVII. lehiaketa irabazi berri du Goiz Eder Iturainek Mikaela Paela lanarekin. Guztira, 48 lan aurkeztu dira lehiaketara: 41 gaztelaniaz, eta 7 euskaraz.

Atzo egin zen sari banaketan, lehiaketara aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmendu zuten Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi den Maider Belokik, Nafarroako Antzerki Eskolako ordezkari gisa joan zen Fuensanta Onrubiak eta epaimahaikideen ordezkari Mikel Mikeok.

Sariak 2.500 euroko diru laguntza ematen du, eta datorren urtean, lana ekoiztu eta taularatzeko aukera.

Mikaela Paela lanean, istorioaren interesa baloratu dute epaimahaikideek, hau da, joskera, ikuskizun erakargarri gisa taularatzeko aukera eta testuaren aberastasuna. Mikaela halako goiz batean eskolara hankan hazkura bitxia duela doan haurra da. Eskolan haur batek iseka egiten dio. Mikaela Paela deitzen dio; horrek ez dio inolako graziarik egiten eta modu txarrean erreakzionatzen du. Haserre, zapuztuta... gelditu da. Ez daki zer egin berriro ongi egotearren. Beharbada, lehendabizi hazkura hori baretu beharko luke, baina hori ez zaio erraza suertatuko. 

Gaztelaniazko lanen artean, Javier del Barrio izan da irabazlea El hijo de Bean Nighe obrarekin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide