2017ren aldean %54 gutxitu da hondartzan sortutako zaborra

Baleike 2018ko urriaren 12a

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eman du 2018ko hondartzen denboraldiko balantzea.

2018ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean Gipuzkoako hondartzetan 696.691 kilo hondakin bildu dituzte, aurreko urtean baino %18 gutxiago. Zumaia zaborra gehien murriztu duten herrien artean dago, zehazki, %54 gutxitu du hondakinen sorrera.

Asensioren hitzetan, datuek gipuzkoarrek birziklapenarekiko duten konpromisoa eta kontzientziazio zein sentsibilizazio kanpainen eraginkortasuna adierazten dute. Hala, Gipuzkoako hondartzen kudeaketa jasangarri eta integralean lan egiteko konpromisoan berretsi da Ingurumeneko diputatua.

Gaikako bilketaren eta plastikoaren eraginaren inguruan kontzientziatzeko abiatu zuen Ingurumen Departamentuak hondartzen sentsibilizazio kanpaina. Informazio gune ibiltariak Hondarribiako hondartzan ekin zion bere lanari, eta Donostiako Kontxan amaitu zen abuztuaren 31n. Guztira, 4.204 herritarri eman dio arreta gune ibiltariak.

Irisgarritasuna hobetzeko eta hondartzak garbitzeko ekintzak ekarri ditu gogora Asensiok. Gipuzkoako 12 hondartza zaintzeko ardura du Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak, eta aurten aparteko garbiketak egin dituztela jakinarazi dute, zubietan eta jaiegunetan izan den erabiltzaile kopuru handia dela eta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide