Beduolako bi txalupa erasotu dituzte azken asteburuetan

Baleike 2018ko urriaren 24a

Ordu txikitako baldarkeria, edo nahita egindako erasoa. Orain hamar egun moilan lotutako batel baten sokak soltatu zituzten; pasa den asteburuan, berriz, txalupa bati soka bat soltatu zioten eta beste bati landareak eta lurra bota. Beduola elkarteko kideek ez dituzte azken asteburuetan beraien batelei egindako erasoak ulertzen.

Elkarteko kide Beñat Ibaieta minduta dago gertatutakoarekin. Orain bi asteburu Magallanes batel berrituaren bi sokak soltatu zituztela esan digu. "Pertsona batek txalupa errioan behera zihoala ikusi zuen eta uretara salto egin zuen gantzontzlloetan. Batela salbatu zuen, bestela arroketara joango zen eta. Asteburu honetan, berriz, Magallanesen soka bat soltatu dute eta nire txalupara, Ilunabarrera, Pulpo ondoan zeuden landareak eta lurra bota dituzte".

Aurten jasaten dituzten lehen erasoak dira, baina aurretik antzerakoak izan dituztela gogoratu du. "Iaz lautan soltatu zituzten ontziak". Ibaietak ez du azalpenik aurkitzen. "Ez dakigu jendeak zergatik duen halako erreakzioa gure txalupekin, ez diogu inori kalterik egiten. Herrikoak gara, herrikoekin egoten gara eta ez dugun inorekin inongo arazorik". 

Aurreko urteetan bezala, negu partean txalupak gorde egingo dituztela adierazi du. "Neguan izaten diren uhaldiekin, ordu txikitan, lo gaudela, norbaitek soltatuko balitu, auskalo non bukatuko zuten".

Inork zerbait ikusi badu beraiekin harremanetan jartzeko eskatu du Ibaietak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide