Gabonetako ekitaldietan laguntzeko deialdia egin du Kultura sailak

Baleike 2018ko azaroaren 2a

Gabonetako ekitaldien antolaketari begira, aurten ere, boluntario aritzen diren norbanako eta taldeez gain, herriko talde handi baten laguntza behar da. Izen-ematea azaroaren 13a arte izango da.

Ohikoa denez, Jaiotza, erregeentzat karta-jasotzea, eta urtarrilaren 5eko Kabalgatak osatuko dute 2018ko Gabonetako egitarau nagusia. "Ekitaldi horiek aurrera eramaten herriko talde eta norbanako ugarik hartzen dute parte, baina antolaketan laguntza eskainiko duen talde handi baten beharra ere dugu", azaldu dute.

Lan guztiak kultur eta turismo sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta burutuko dira.

Laburbilduz lankidetza beharko da:
- Abenduaren 24an: arratsaldean Jaiotzan.
- Urtarrilaren 4ean: Erregeen pajeekin batera haurren kartak jasotzean.
- Urtarrilaren 5ean: Jaiotza Eusebio Gurrutxaga plazan, eta Kabalgataren prestaketa eta ibilbide osoan laguntza.

Izena eman nahi dutenek azaroaren 13a bitartean izango dute aukera, Alondegia kultur etxean, 943 861 056 telefonoan edo kultura@zumaia.eus helbidean.

Izen ematearen arabera taldeei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.

Nor aurkez daiteke?

Zumaiako herriaren edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteak.

Elkarte hauek Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide