Proiektuaren helburua da herritarrei helaraztea gaikako bilketa egitearen eta plastikoa birziklatzearen garrantzia. Azaleratu egin nahi dute, baita ere, baztertzen dugun plastikoaren arazoa: plastiko hori planktonaren oso antzeko mikroplastiko bihurtzen da itsasoan, eta ondoren, gure mahaietara iristen diren arrainek irensten dute.
Kanpaina honen baitan arrantza sareez egindako nasa bat jarri dute Eusebio Gurrutxaga plazan. Herritarrek botatzeko diren plastikozko poltsak eta botilak eman ditzakete ontzia osatzeko. Sarezkoegiturak poltsak sartzeko aukera ematen du, eta, aldi berea, kanpora erori ez daitezen saihesten du. Gainera, poltsen bolumena nola hazten den ikusteko aukera ere eskaintzen du, eta horrek ekarpenak egitera animatuko ditu herritarrak. Bestalde, sarezko egituran bertan egunerokoan aplikatzeko modukoak diren prebentzio adibideei buruzko aholku mezuak eta datuak zintzilikatuko dira.
Prebentzio Astea amaitutakoan, plastiko berreskuratuak prozesatu eta birziklatu egingo dituzte Eko-RECen, eta, horri esker, lantzeko moduko ehunak lortuko dira. Prozesu horretatik ateratako ehuna poltsa eta erosketa orga berrerabilgarriak egiteko baliatuko da; Emaús Fundazioak diseinatu, eta Sindesperdicio markak landuko ditu.
Kanpaina honetan sortutako poltsak eta orga birziklatuak sare sozialetan zozkatuko dira gero. Zozketan parte hartu nahi dutenek argazki bat egin beharko dute plastikozko hondakin bat puntu horietako batean uzten ari direla, eta Twitter, Facebook edo Instagram bidez sareratu beharko dute, #PlásticoAlPilPil traola gehituta.