15 urte igaro dira emakume migratzaileen elkargune den Malen Etxea elkarteak lehen pausoak eman zituenetik. Urte hauetan guztietan elkarteak ez du egoitza ofizialik izan. Jessica Guzman lehendakariak gogoratu zuenez, elkarteko kide baten etxebizitzako gela bat erabiltzen zuten bulego bezala. Orain arte. Igande honetan zabaldu zuen Malen Etxeak bere egoitza, Zumaiako Basadi auzuneko 14. zenbakian. Festa giro itzelean ospatu zuten egoitzaren irekiera.
Bailara osoko emakumeak inguratu ziren igandean Zumaiara. Gizonezko batzuk ere bertaratu ziren ekitaldira. Egun berezia zen eta bertaratutakoen irribarreetan eta emozioan nabari zen. Malen Etxeako kide Silvia Carrizok eta lehendakari Jessica Guzmanek eskerrak luzatu zizkieten bertaratutako guztiei, eta baita urte hauetan guztietan lagundu dieten instituzioei eta norbanakoei. Maddi Gallastegi zumaiarrak bertso batzuk abestu zituen eta izan zen, nola ez, Latinoamerikako gastronomia dastatzeko aukera.
Elkarteko kide beraiek apaindu dute lokala. “Oxfam elkarteak emandako laguntza bat izan dugu horretarako, baina hemendik aurrera gure ardura izango da dirua lortzea lokalaren alokairua ordaintzeko”, adierazi du Guzmanek.
Funtzio anitza
Egoitza honek funtzio bat baino gehiago izango duela ere azpimarratu du Malen Etxeako lehendakariak. “Batetik, emakumeren batek hona etorri nahi badu irakurtzera edo kafe bat hartzera, ateak zabalik izango ditu. Baina, bestalde, garapen ikuspegitik ere zabaldu dugu. Norbaitek zaintza lanetarako emakumeren bat behar badu, hona etor daiteke, emakume hauek lan baldintza duinak izan ditzaten”, argitu du.
Hasiera batean arratsaldetan izango da zabalik egoitza. “Elkarteko kide bat arduratuko da ateak irekitzeaz eta zerbitzua eskaintzeaz. Egoitza egun osoan zabalik egotea da gure helburua, baina lana ere egiten dugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den”, gaineratu du Guzmanek. Elkarteko kideekin telefonoz edota posta elektronikoz harremanetan jar daitezkeela ere adierazi du, contacto@malenetxea.org helbide elektronikora idatzita, edo 653 729 117 telefonora deituta edo mezuak bidalita.
