'Gelidium corneum', urtutako gelatinaren afera

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2018ko uzt. 6a, 17:22

Algak Itzurunen.

Itsasoak Itzurunera ekartzen dituen algak biltzeko ohitura handia egon da Zumaian, baina azken urteotan oldizalerik ez da agertu. Zergatik? Zer ari da gertatzen gure kostaldeko algekin?

Mendebaldean ohitura berri samarra den arren, antzinatik da ezaguna Txinan, Korean edo Japonian algek giza elikaduran duten garrantzia. Halere, gure inguruan algen (Zumaian oldien) erabilera ez da guztiz arrotza; Kantauri aldeko baserritarrek bildu ohi izan dituzte, sikatzen utzi ondoren larreak ongarritzeko eta ukuiluetan ganaduen azpietan jartzeko. Azken hamarkadetan, gure hondartzetan pilatutakoak ere jaso egin izan dira, horien artean galtzear dagoen Gelidium corneum izeneko altxorra aurkitzen baitzen.

Itsaspeko harkaitzetako alga edo oldi bizikorra da Gelidium, eta 0-10 metro sakoneko hondoetan hazten da, olatuek gogor astintzen dituzten parajeetan. Tamaina handia eta egitura konplexua du, ekosistemaren estruktura eratzailea da eta baso antzekoak sortzen ditu. Hori horrela, itsasoko ekologian oso espezie garrantzitsua da, izaki askoren bizileku, aterpe eta janari iturri baita.

Hori gutxi balitz, agar-agar izeneko gelatina ekoizteko lehengaia ere bada. Esaterako, ohiko osagarria da flanak, marmeladak eta izozkiak egiteko, edota eguzkitako kremetan substantzia babesgarri gisa erabiltzeko. Horretarako jaso izan da itsasertzean, baita itsasotik atera ere, ustiatzeko tramankuluak erabiliz.

Alabaina, azken 30 urteetan euskal kostaldeko toki askotan alga mota honek nabarmen egin du atzera, ia desagertu arte. Horren ordez, beste alga txiki eta arrunt batzuk agertu dira, eta askoz ere pobreagoak diren zelaiak osatu dituzte. Ikertzaileak gainbeheraren arrazoiei buruz zuhur mintzatzen dira, baina uste dute horren atzean klima aldaketa egon daitekeela. Arrazoiak bilatzen hasita, faktore bat baino gehiago dagoela dirudi.

Azken 30 urteetan euskal kostaldeko toki askotan alga mota honek nabarmen egin du atzera, ia desagertu arte

Batetik, itsasoko uraren tenperatura asko igo da; azken hogei urteotako udetan aise gainditu du 23 ºC-ko langa. Alegia, Maroko aldeko uretan alga honen distribuzio eremuaren hegoaldeko mugan ohikoa den tenperatura. Beraz, pentsatzekoa da hain ur epeletan Gelidiumaren biziraupena kolokan jartzen dela.

Bestetik, adituek diote Kantauri itsasoan nutrienteeneskuragarritasuna murriztuta dagoela; euri gutxiago egin izanak eragin du ibaiek sedimentu gutxiago garraiatzea. Horren ondorioz, itsasoko ura gardenagoa da eta alga ahuldu egiten da.

Dena den, badira beste faktore batzuk ere kontuan hartzekoak. Uraren gardentasuna dela medio, eguzkiaren erradiazio mailak gora egin du itsasoan, eta horrek kaltetu egin du algen garapena. Erradiazio handiegiak maila apaleko erradiazioak bezain beste mugatzen du fotosintesia, horretan espezializatutako zelulak saturatu egiten direlako. Gelidium-aren kasuan, EHUko ikertzaileek zenbait ondorio atera dituzte: aldaketa fisiologiko eta biokimikoez gain, erradiazio handia jasotzen duten lekuetan oldiaren ale dentsitatea eta biomasa txikiagoa da, algaren taloa (gorputza) ahulagoa, eta zenbait kasutan horituta agertzen da.

Bestalde, Azti teknologia zentroak egindako ikerketen arabera, Gelidium-aren gainbehera itsas denboraleekin dago lotuta.

Nonbait, aipatutako eragile horiek guztiek oldien erresistentzia gutxitu dute, eta olatuek errotik erauzten dituzte algak.

Gauza bat edo bestea dela, lehengo baratzeak basamortu dira orain. Eta iaz Itzurunen ikusi izan zen moduan, urertzean pilatzen diren algen artean apenas dago Gelidium-ik. Horrenbestez, hura aurkitu ezean, algak jasotzea alferrikako lana denez, bertan uzten dituzte oldizaleek.

Bistan denez, ondorioak nabarmenak dira, oldiak aurrera eta atzera ibiltzen baitira uretan, olatuen eta mareen kapritxoaren menpe. Eta osasunarentzat kaltegarria ez den arren, badago kexu azaldu denik ere, bainua hartzean deseroso sentitu delako, edo hondarretan pilatutakoaren usaina sumatu duelako.

Ikusteko dago egoera hau aurtengo udan errepikatuko den, baina garbiketa zerbitzuek alga horiek kendu behar badituzte, badirudi klima aldaketak denon patriketan eragingo digula.

Oharra: Eskerrak Euskal Herriko Unibertsitateko Itsas Bentos Ikerketa Taldeari emandako laguntzagatik.

 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide