Adolfo Uriarte: “Urola ibaiaren antzinako ubidea ikus daiteke itsas hondoan”

Gorka Zabaleta 2011ko ots. 10a, 11:14

Hiru urteko lanaren emaitza da Aztik osatu duen euskal kostaldeko itsas hondoaren mapa. Besteak beste, duela milaka urte Urola ibaia kilometro batzuk kanpoalderago itsasoratzen zela ikus daiteke, itsas hondoan baitago antzinako ubidearen arrastoa.

Aztiko Ozeanografia saileko buru da Adolfo Uriarte. Kostako herrietan hain estimatuak diren itsas mareen taulak ditu bulegoko mahaiaren gainean, bisitarientzat opari. Gu, ordea, itsasbeherarik baxuenean ere urazpian ezkutatzen denaz galdezka joan gatzaizkio: Aztik osatu berri duen itsas hondoaren mapaz. “Orain arte ezezaguna zitzaigun lurralde baten mapa daukagu orain esku artean; estreinakoz, itsas hondoan dagoena ikus dezakegu”, bota du elkarrizketa hasi bezain pronto.

“Lan honek informazio asko eman digu”, jarraitu du. “Batetik, itsas hondoko erliebea nolakoa den ikusi ahal izan dugu, zehaztasun handiz. Lurraren bilakaera ikertzen dutenentzat leku ezin aproposagoa da itsas hondoa. Kontuan hartu lehorrean normalean haitzak lur geruza batez estalita egoten direla. Zumaiako labarretako kasua salbuespena da. Bada, itsas hondoan, eta zehazki Zumaiako marearteko zabalgunearen segidan, haitza erabat garbi ageri da olatuen lanari esker, eta oso ondo ikus daitezke geruzen tolesdurak eta haitzak jasandako bestelako prozesuak. Geologoentzat leku paregabea da”.

Marianton puntaren aurrean, brankada hausten duen egitura bitxi bat dago itsas hondoan.

Eta hauxe da itsas hondoan egin duten aurkikuntza deigarrienetakoa: gaur egungo ibai nagusienen antzinako ubideen arrastoa. “Kontuan hartu behar da duela 20.000 urte itsasoaren maila ehun metro beherago zegoela. Kosta lerroa sei, zazpi edo zortzi kilometro urrunago zegoen, itsasorantz; horrek esan nahi du ibaiak ere kilometro batzuk aurrerago itsasoratzen zirela, eta horren lekuko dira itsas hondoan aurkitu ditugun antzinako ubideen arrastoak”. Paleokanalak deitzen zaie. “Esate baterako, Urumea ibaiaren paleokanala Santa Klara uhartearen aurrean dago, lehen ibaia Kontxako badiatik itsasoratzen zelako”.

Aztiren mapan oso ondo ikusten da Urola ibaiaren paleokanala, gaur egungo bokalearen aurrean, pixka bat mendebaldera. “Urola ibaiak duela 20.000 urte utzitako arrastoa ikus daiteke itsas hondoan, gutxienez 70 metroko sakoneraraino”. Eta bada bitxikeria bat ibai nagusi gehienetan errepikatzen dena, baita Urolaren kasuan ere: “Une jakin batean, mugimendu tektoniko baten ondorioz, hondoa ekialdetik pixka bat altxa egin zen, eta, inklinazioaren ondorioz, ibai gehienek bigarren ubide bat sortu zuten jatorrizkoaren mendebaldera. Bigarren paleokanal hori ere ederki ikus daiteke Urola ibaiaren kasuan”. Mugimendu hori noiz gertatu zen zehazteke dago oraindik, eta ondorioz ezin oraindik ziurtatu zerk eragin zuen.

"Azken 20.000 urteotan itsasoak sei edo zazpi kilometro jan dizkio lurrari. Gure arbasoak Ekaingo kobazuloan bizi ziren garaietan, kostaldea askoz urrutirago zegoen”

Urolaren paleokanalez gain, antzinako beste ubide txikiago batzuk ere garbi ikusten dira Zumaia aurreko itsas hondoan. Andikaraerrekak, Oristoerrekak edota Galarretaerrekak utzitakoak izan daitezke, lasai asko. “Haiek ere gaur baino askoz aurrerago itsasoratzen ziren. Erreka hauek gaur egun amildegitik jauzi egin behar izaten dute bidaiaren azken urratsean: higatze lanetan itsasoa azkarragoa izan den seinale. Pentsa: azken 20.000 urteotan itsasoak sei edo zazpi kilometro jan dizkio lurrari. Gure arbasoak Ekaingo kobazuloan bizi ziren garaietan, kostaldea askoz urrutirago zegoen”.

 Itsasontzi batekin eskaneatu dute itsas hondoa, gero mapa osatzeko.

Ibaiek duela milaka urte utzitako arrastoez gain, gaur egun itsasoaren azpian dauden antzinako marearteko zabalguneak aurkitu dituzte. “Gaur egun Algorritik Deba aldera ikus ditzakegun brankada horiek segida oso luzea dute ur azpian, eta, gainera, tarteka koska bat ageri da: garai batean hor amildegia egon zen seinale”. Izan ere, azken 20.000 urte hauetan itsasoaren maila ez da beti abiadura berean igo. Itsasoa urtetik urtera proportzio berean igotzen bada, orduan haitzean eragingo duen higadura beti neurri berekoa izango da, eta zuzengune bat sortuko da. Baina itsasoaren maila ohi baino azkarrago igotzen hasten bada, orduan koska bat sortuko da haitzean”. Aztik egindako lanari esker, lau edo bost eskailera maila aurkitu dituzte gaur egun ur azpian dauden brankadetan, antzinako lauzpabost labarren arrastoak. “Horrek esan nahi azken 20.000 urte hauetan itsasoaren maila ohi baino azkarrago igo dela lauzpabost aldiz. Oraindik ez dakigu kolpe horiek noiz gertatu ziren, datak zehazteko daude”. 

Horiek dira Zumaia inguruko itsas hondoan aurkitu dituzten arrasto interesgarrienak. Baina Marianton puntaren aurrean bada oraindik azalpenik ez duen egitura bitxi bat: “Brankada horietan badago egituraren bat nahikoa bitxia. Oraindik aztertu egin behar dugu naturala ote den edo ez. Brandakaren lerroan bat-batean hutsune moduko bat ikusten da, lauki formarekin. Barruan hiru haitz punta nabarmentzen dira hondar artetik. Ziurrenik, higaduraren ondorioz sortu da forma bitxi hori, baina aztertzea merezi du”.

Jasotako informazio guztia aztertzen ari dira pixkanaka. Uriartek aitortzen du dena egiten zaiela deigarri. “Mundu berri bat deskubritzea bezala izan da. Hondoan dagoena ikusten hasi gara. Onerako zein txarrerako, itsas hondoa ez dugu ikusi orain arte, eta askotan zabortegi modura erabili dugu. Lan honetan oso garbi ikusten dira hondakinak isurtzeko erabili izan diren guneak (Bilboko portua, Jaizkibel…). Hori dena oso ondo ikusten da. Hozkailuak ere ikusi ditugu...”.

Erabilerak

Itsas hondoa nolakoa den ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, mapak beste hamaika erabilera izan ditzake. “Zertarako erabil daitekeen mapa hori? Edozertarako. Hasteko, intereseko naturguneak marraztu ahal izateko oinarrizko kartografia lortu dugu. Dagoeneko horretan ari gara, leku bakoitzean zer espezie bizi diren zehazten. Ikusi beharko dugu non dagoen bioaniztasun handiena, zeintzuk diren ondoen kontserbatu direnak eta zeintzuk merezi duten berreskuratzea. Badakigu itsasoan leku batzuk besteak baino produktiboagoak direla. Esate baterako, gelidium oldiz osatutako zelaiak oso aberatsak dira, arrainkumeen babesleku direlako, eta espezie askorentzat janari toki aproposak. Badakigu gune horiek babestu egin behar direla”. Europako Habitats zuzentarauak itsas hondoko naturguneak identifikatzeko eskatzen duelako jarri zuten martxan proiektua, hain zuzen ere.

"Mila erabilera izan ditzakete mapa hauek. Adibidez, azpiegituretarako kokaleku egokiena aurkitzeko" 

“Hortik aurrera, mila erabilera izan ditzakete mapa hauek. Adibidez, azpiegituretarako kokaleku egokiena aurkitzeko: ur zikinak itsasora botatzeko urazpiko hustubideak, gasa ustiatzeko plataformak, haize-errotak, olatuen energia baliatzeko azpiegiturak… Surflariek badakite, olatu berbera izanik ere, ezberdin lehertzen dela han edo hemen, hondoaren arabera. Beraz, olatuen energia baliatu nahi badugu argindarra sortzeko, ezinbestekoa zaigu jakitea non sortzen den energia gehien. Azken finean, edozer erabakitzeko itsas hondoa nolakoa den jakin behar da”.

Arrantzarako ere oso baliagarria izango dela uste du Uriartek, “orain informazio askoz zehatzagoa izango baitute”. Erreskateetarako ere bai. “Adibidez, gure mapak aztertu zituzten Motxo harraldetik itsasora ateratzeko leku aproposik ba ote zegoen ikusteko. Itsasoan hondoratutako itsasontzi zaharren kokaleku zehatzak ere lortu ditugu lan honi esker. Gure itsas hondoan dagoen ondarea izugarria da. Azken finean, gaur egun haurdunaldietan egiten diren zehaztasun handiko ekografia moduko bat egin diogu itsas hondoari”.

Donostiako itsas hondoaren mapa.

Itsasoaren mailak gora jarraitzen badu?

Zientzialariek diote klima aldaketaren eraginez kontinenteetako izotza urtzen ari dela eta, ondorioz, itsasoaren maila ohi baino azkarrago igoko dela. Zenbait kalkuluren arabera, mende amaierarako metro bat ere egin dezake gora. Hori horrela gertatzen bada, garbi dago kostaldean dauden herri guztiak, Zumaia barne, arazo larri baten aurrean daudela. Arazoari aurre nola egin aztertzen ari dira Aztin.

“Esan dugu azken 20.000 urteetan inguru hauetan bizi izan direnek ezagutu dituztela itsasoaren igoera handiak. Frantziako iparraldeko kostan, duela milaka urte gizakia bizi izandako kobazuloak aurkitu dituzte itsas hondoan”. Beraz, ez da fenomeno berria. Baina ondorioak sekula ez bezalakoak izango lirateke. “Lehen ez bezala, gizakiok kostaldea erabat okupatu dugu, hiriak eta azpiegiturak urertzean eraiki ditugu. Esate baterako, Urola gainezka egiteko zorian ikusten dugu urtero itsasgora bizienetan. Itsasoaren maila metro bat igoko balitz, uholdeak nahi baino sarriago izango genituzke”. Hondartzen etorkizuna ere jokoan dago. “Gipuzkoako hondartza gehienek horma bat dute atzealdean, ez dute elikatuko dituen dunarik. Kalkulua egin da itsasoaren maila igotzen den metro bakoitzeko hondartzak ehun metro egingo dutela atzera”. Horrek esan nahi du Itzurun ia erabat desagertuko litzatekeela…

Arazoari aurre egiteko, funtsean, hiru aukera planteatzen dituzte zientzialariek. “Batetik, kostaldea babesteko azpiegiturak eraikitzea, Holandan egin duten bezala: dikeak eta beste. Bigarrenik, itsasoa gainera datorkigun neurrian guk atzera egitea, pixkanaka herriak gorago eraikitzea. Estatu Batuetako zenbait lekutan erabaki hori hartu dute. Hirugarrenik, azpiegitura bigunak erabiliz, itsasoaren igoera oztopatzea. Adibidez, itsasoaren maila igotzen den heinean hondartzarena ere igotzea hondarra pilatuta”.

Duela lau urtetik Aztik mareografo propioa du Pasaiako badian. Tresna horri esker, itsasoaren maila urtetik urtera aldatzen ari ote den aztertzeko aukera dute. “Oraindik goizegi da ondorioak ateratzeko. Gutxienez hamar urte beharko ditugu nahikoa datu izateko. Orain arte Santanderko eta Las Palmasko mareografoen datuak erabili ditugu, eta haien arabera urtean hiru milimetro ari da igotzen itsasoaren maila. Orain arte, Pasaiako aparailuaren datuak ez dira hiru milimetrora iristen”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide