“Zaharren bat edo badago GPSa erabiltzen ez dakiena, baina bestela denok GPSa erabiltzen dugu gaur egun. Batez ere segurtasuna ematen dizu, lainoa sartzen denerako. Lehorreko erreferentziarik ez daukazunean, GPSarekin ez daukazu arazorik nahi duzun punturaino joateko. Lehengo orientatzeko modu haiek galduta daude”. Arbustain Motor Elkarteko kide dira Jose Ramon Elosua eta Juan Ramon Larrañaga. Biek ala biek, etxean jaso dute arrantzarako tradizioa. “Zaharrez aparte, ibiltzen garenon artean gutxik ezagutzen ditugu lehengo moduak, etxean jaso ditugulako; baina, bestela, gaur egun, gehienek ez dituzte ezagutzen. Jende berri asko dago, sekula ibili ez dena, amua pegatzen ere ez dakiena”.
Urazalaren maparik ezin egin, eta GPSrik ez zegoenean nola orientatzen ziren, bada, arrantzaleak? Lehorreko erreferentziak edo markak baliatuta. “Esate baterako, Orioko Mendizorrotzek eta Getariako parolak osatzen duten lerroak bereizten dizkigu kanpoaeta barrua. Marratik kostaldera izango da barrua, itsasaldera izango da kanpoa. Marra hori oso oinarrizkoa da, askotan erabiltzen den erreferentzia”. Zumaiako bokaletik irten eta Deba alde joanez gero, mendebaldera, beherajoan direla esango dute. Getaria aldera berriz, gora. Eta gero, itsasotik lehorrera begira jarrita, hainbat puntu erabiltzen dira erreferentziatzat: baserriak, tontorrak, baselizak… “Adibidez, Andikaraerresta, Pikoteko puntak Andikara baserriak ezkutatzen dituen puntua; edo Izarraitzeko tontorra Santa Klararekin lerroan…”. Halako erreferentziak erabiltzen zituzten lehen arrantza-tokiak markatzeko.
Zumaian zein dira arrantza toki klasikoenak?
Bat, gehien ezagutzen dena, Iruermita.
Zergatik deitzen zaio horrela?
Saloente, Andre Mari eta San Telmo lerrokatzen diren puntua delako erreferentzietako bat; bestea, itsasoan barrurago edo kanpoalderago markatuko dizuna, Getariako parolak Mendizorrotzekin bat egiten duenean. Bi lerro horiek gurutzatzen diren puntua da Iruermita.
Eta zergatik da arrantzarako leku ona?
Haitza han hasten delako. Zumaiako bokalean dena hondarra da. Debaldera hartuta haitza hasten den lekua da Iruermita.
Iruermitaz gain, ba al dago beste arrantza leku ezagunik?
Pikea. Kasu honetan, bokaletik iparraldera irteten da, Getaria aldera. Hor ere haitza dago hondoan. Izustarriko punta pasa eta hor haitzak koska handi samarra egiten du beherantz. Gutxi gorabehera, bi horiek dira leku ohikoenak.
Eta hortik aurrera, norberak bere leku ezkutuak izango ditu, ezta?
Bai, arrantzarako puntu zehatzak bakoitzak bereak ditu. Perretxikotarako leku ezkutuak bezala, arrantzakoak ere gorde egiten dira, ez dira zabaltzen. Etxean jasotakoak izaten dira, belaunaldiz belaunaldi. Seguru bat baino gehiago hil dela bere ezkutuko lekua inori esan gabe…
Panekarria, esate baterako?
Adibidez. Sekula ez dugu zabalduko non dagoen zehazki. Onddotarako txoko berezi hori zabaltzen ez den bezala… Hori bai, panekarekin gertatzen dena da haitz gogorrak behar dituela, eta nahastuak. Mapa hau irakurtzen duenak ikusiko du non dauden gorabehera handiak. Baina, perretxikoen aldean, pentsatu behar da arraina batera eta bestera dabilela, eta garaiaren arabera edozein lekutan harrapa daiteke. Leku jakin horietan beti seguruago, baina arraina migrazioan dagoenean edozein lekutan topa daiteke. Txibia bezala. Begiaundia datorrenean, hura ez da Iruermitan zain egoten. Hura ez da perretxikoa.
Beraz, hondoa nolakoa den, arrantza mota ere halakoa izango da, ezta?
Nolako hondoa, halako arrantza. Barbarinak nahi badituzu, alferrik ibiliko zara haitzean, hura hondarrean egoten da eta. mihi-arrainarrekin berdin. Kabrak eta panekak nahi badituzu, haiek haitzean egoten dira. Haizeak nondik jotzen duen ere, arrantzara leku batera edo bestera joaten gara, haizearen kontra brankaz ez ibiltze aldera. Eta gero garaian arabera ere aldatzen da arrantza. Adibidez, udaberri aldera,, berdelaren garaia da. Lehen txitxarroa etortzen zen harekin batera eta negura arte hemen gelditzen zen. Orain zeharo galduta dago txitxarroa.
Txibiekin berdin. Berdelaren atzetik, begiaundiak. Apirilean hasten dira pasatzen eta urri-azaro aldera arte hemen izaten dira. Bertako txibia, berriz, txikiak direnean bokalean egoten dira, hondarrean. Koskortzen diren heinean zabaltzen dira haitzera. Hauek urte osoan egoten dira. Begiaundia, berriz migratzailea da, berdela bezala.
"Mapa horretan informazio asko dago interpretatzen dakienarentzat. Informazio gehiegi…"
Eta nola dakizue zuek hondoa nolakoa den?
Hondoa nolakoa den, haitza edo hondarra dagoen, lehen jakiten zen zaharrek emandako erreferentziekin. Mendez mende esperientziaren bidetik osatzen joan den informazioa da, azken finean. “Hemendik aurrera haitza dago, hemendik atzera hondarra”. Gaur zunda elektronikoaren informazioa irakurtzen dakienak ez dauka arazorik, sakoneraz gain hondoan hondarra edo haitza dagoen esaten dizu eta. Azkenean, soinuaren oihartzuna da: haitzean errebote handiagoa dauka hondarrean baino. Hori markatuta agertzen da: marra lodiak haitza adierazten du, mehetzen denean hondarra.
Nolakoa da, oro har, gure itsas hondoa?
Gure itsas hondoa etzan samarra da, baina badauzka koskak. Mapan ikusten diren brankadetan, bizpahiru metroko koskak ere badaude. Kanporago, 78 metroko sakoneratik 90era oso tarte txikian jaisten da. Inguru horretan badaude halako haitz edo tontor batzuk. Horiek oso leku egokiak dira arrainentzat. Arraina, azkenean, egoten da ur asko pasatzen den tokian, igoerak dauzkan tokian, eta hori koska handia dagoen lekuetan gertatzen da. Han biltzen dira, janaria etorri zain.
Beraz, Aztiren mapa gabe ere, batzuek, behintzat, ondo ezagutzen dituzue itsas hondoaren ezaugarriak.
Mapa honetan ikusi gabe ere nik, behintzat, [Juan Ramon Larrañaga] banekien hemen kanal moduko hau zegoela. Kanalaren gainaldetik hondora bost metroko jauzia dago; hondoa 45 metrora dago.Eskuinekoak hondarra du hondoan, eta ezkerrekoak, berriz, haitza. Batzuetan inguru horretara ere jotzen dugu. Txibiak beti ez du haitzean egon nahi izaten, hondarrean egoten da. Probatzen joaten zara. Haitzaelan ere bai, haitza eta hondarra topatzen diren lekuan. Baina mapa horretan informazio asko dago interpretatzen dakienarentzat. Informazio gehiegi…
…
Guk dakizkigun lekuak hor bistan ageri direlako orain. Gaur egun batzuek aparatu bereziak dituzte, zunda eta sonarra batera: nabigatu ahala itsas hondoaren mapa osatzen joaten zaie, informazio guztia gorde egiten du hurrengorako. Aztik egin duen gauza berbera. Baina bai, mapa honetan ederki ikusten da non dauden koska handiak, haitzak…