Arroa Beheko bizilagunak: "Gu ez gaude etsitzeko prest, ez ditugu gauzak horrela utziko"

Baleike 2018ko azaroaren 24a

Arroa Beheko bizilagunak haserre daude Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Zestoako Udalarekin auzunean eraiki nahi duten biribilguneak ez dituelako bidegorria eta herrirako sarrera aurreikusten. Atzo elkarretaratzea egin zuten. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean aurkeztu zuen Zestoako udaletxean Arroa Beherako proiektatutako biribilgunea. Lanak otsailean hasiko direla iragarri zuen Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek, eta uda sasoirako amaituta egongo direla espero dute.

Egun hartan bertan gutuna igorri zuen Arroa Beheko Ezkaizto Auzo Elkarteak. Tamalgarritzat eta mingarritzat jotzen zuten biribilgunearen proiektu horretan ez zirela txertatu herrirako sarrerak eta Urola bailarako bidegorriarentzako lekua. 

Arroa Beheko bizilagunak ez dira horretan geratu, eta atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten herrian. Azken bi urtetatik hona egindako aldarrikapenen berri eman zuten, eta baita Zestoako udalaren jarrera kritikatu ere. 

Biribilgunearen proiektua datorren astean onartuko dutela ere eman dute jakitera. Horren aurrean geldirik egoteko asmorik ez dute. "Gu ez gaude etsitzeko prest, ez ditugu gauzak horrela utziko. Udalarekin ezer ezin dela egin ikusi dugunez, zuzenean Foru Aldundira eta arartekora jo dugu zer gertatu zaigun azalduz. Agian berandu izango da, baina datorren astean bertan biribilgunearen proiektuaren moratoria bat eskatzeko asmoa dugu", azpimarratu dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide