Bihar hasiko da Pablo Ibarren epaiketa, fiskalaren lekukoekin

Baleike 2018ko azaroaren 25a

Pablo Ibar eta Candido Ibar. (Argazkia: Candido Ibar)

Lekuko eta perituak aurkezten hasiko da egunotan fiskaltza, eta Ibarren erruduntasuna defendatuko du. Ondoren, defentsak aurkeztu dituen lekuko eta perituen txanda izango da.

Herri epaimahaia hautatzeko prozesua amaitutzat eman ondoren, bihar hasiko da epailea lehen deklarazioak hartzen. Fiskalak Ibarren erruduntasuna defendatuko du, eta bere peritu eta lekukoak aurkeztuko ditu egunotan. Ibar hilketaren lekuan zegoela gezurtatuko duten lekuoak eramango ditu defentsak. Fiskala lekuko horien deklarazioak eragozten saiatu den arren, epaileak ez du eskaera onartu. Hilketa ikertu zuen taldeko buruari deklarazioa hartzeko baimena ere eman dio epaileak defentsako abokatuari. Hilketa Ibarri zergatik leporatu zioten eta beste froga batzuk zergatik baztertu zituzten galdetuko diote, besteak beste, ikertzaileari. Bi aldeen azken ondorioekin bukatuko da epaiketa, 2019ko otsailan edo martxoan. 

AEBetan zabalik dagoen auzi judizial luzeenetakoa da Pablo Ibarrena. 24 urte daramatza preso Floridan, eta horietatik 15 heriotzaren korridorean eman ditu. 1994an klub baten jabea eta han lanean ari ziren bi neska hiltzea egotzita, 2000. urtean heriotzara zigortu zuten Ibar, baina 16 urte geroago, zigorra baliogabetu zuen Floridako Auzitegi Gorenak, eta orain berriz epaituko dute. Hirugarren epaiketari egin beharko dio, beraz, aurre. Haren aita Candido Ibarrekin (Zestoa, 1945) hitz egin zuen UROLA KOSTAKO HITZAk irailean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide