Asko dira Zumaian dauden ekosistemak, baita horietako bioaniztasuna ere. Ekosistema horietatik, bereziki aipagarriak dira orkideak. Nork ez daki zer den orkidea bat? Loradendetan salgai egoten dira. Ikusgarriak, koloretsuak, handiak dira. Baita oso apaingarri onak ere. Mundu guztiko orkideak saltzen dituzte loradendatan. Askok ez dute jakingo, baina gure inguruko ekosistematan hainbat orkidea mota aurki daitezke. Mendian, basoan, dunetan, labarretan, etxe azpiko belardian, egunero ikusi ohi dugun txoko horretan ere aurki ditzakegu orkideak. Behin landare motak ezagutzen eta bereizten ikasten dugunean, konturatuko gara zenbat orkidea mota desberdin dauzkagun gure inguruan. Eta nahiz eta loradendetan saltzen dituztenak bezain handiak ez izan, hemen ingurukoak ere oso ederrak izan daitezke.
Nola ez dakigu, baina haizeak ekarritako haziak, hemen, Zumaiak dituen ekosistema desberdinetan, ernaldu dira. Landare gogorra, indartsua da orkidea. Bulba duen landare mota da orkidea eta horri esker baldintza desberdin eta gogorretan bizitzeko gai da. Neguko giro ezean bulba handitzen joaten da, pilak kargatzen, eta horri esker urtaro lehorretan loratzeko gai izaten da.
Eboluzionatzen ikasi duen landarea ere bada. Gure inguruan topa daitezkeen animalia, landare, zomorro, hegazti eta perretxiko asko sinbiosi konplexuetan bizi dira. Aski ezaguna da landareen polinizazioa zomorroek egiten dutela; orkideek, baina, zomorroak erakartzeko modu desberdinak gauzatu dituzte. Batzuek intsektu emeen itxura hartu dute eta arra erakartzeko gai dira, eta horrela polinizazioa bideratzen da; beste mota batzuek, berriz, tranpa txikiak erabiltzen dituzte zomorroen bitartez polinizazioa gauzatzeko.
Orkideen familia zabala da, eta kontrastez betea. Sortzen diren ekosistemaren arabera tamaina eta itxura desberdinak izan ditzakete. Batzuk baso ilunenetan sortzen dira eta txikiak eta ia kolorerik gabeak dira; beste batzuk labarretan sor daitezke eta kolore ederrak izan. Ez hori bakarrik: orkidea mota berberak itxura oso desberdina izan dezake sortzen den ekosistemaren arabera. Are gehiago: elkarren ondoan ateratako orkideak oso desberdinak izan daitezke, bata koloretsua eta alboko “anai-arreba” ia kolorerik gabea. Ikusten denez, amaierarik gabeko mundua da orkideena.
Hemen biltzen ditudanak gure inguruan aurki daitezkeen orkidea motak dira. Horrekin ez dut esan nahi hauek bakarrik daudenik; litekeena da oraindik gehiago izatea. Ez dut egokia ikusi landareen kokapena ematea, jendeak landare politak etxera eramateko joera duelako. Dunetatik krabelinak eramateko ohitura handia dago, adibidez. Jendea ez da konturatzen landare hauek dunetan bakarrik ateratzen direla. Orkideen kokapena emanda, antzerako zerbait gerta litekeelakoan nago. Eta ez dugu ahaztu behar denok dugula eskubidea ikuskizun zoragarri berdinez disfrutatzeko. Beraz, ez eraman lorerik etxera. Izadia ez dugu berak merezi duen bezainbat maiatzen eta horrek inguru batzuk babestu behar izatera eraman gaitu. Nire helburua Zumaiak duen landareen aberastasuna ezagutaraztea izan da eta horretarako orkideez baliatu nahi izan dut.