Kobazulo bat herriaren bihotzean

Gorka Zabaleta 2009ko api. 10a, 17:53

Erribera kaleko kobazuloa. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Ez sinestekoa da: herriaren erdian, parrokiaren azpian, estalaktitaz jositako kobazulo eder bat. Duela 23 urte aurkitu zuten, Erribera kaleko atari batean egiten ari ziren lan batzuk medio. Urte guzti hauetan gutxi batzuk izan dute ikusteko aukera. Baleikek sartzeko pribilejioa izan du.

Juan Jose Manzisidor.

2009ko otsaila. Buzoneko etxea, Erribera 17. FotoGar dendaren atzean du ataria, Parrokiarako eskaileren ondoan, erdi ezkutuan. Zain dugu Juan Jose Manzisidor. Atari ondoan dagoen trastelekura eraman gaitu. Katikuskak eta arropa zaharrak ekarri ditugu, bere aholkuari jarraituz. “Hasieran ez dago zutik egoteko arazorik, baina barrurago sartzeko makurtuta joan behar da eta zorua buztinekoa da. Gainera, itsasgorarekin ura sartu eta putzuak sortzen dira”, ohartarazi du. Ate zuri txiki bat ireki du giltzarekin. Argiari eman dio. Pare bat metro beherantz egiten duen burdinezko eskailera bat ikusten da. Kontuz jaisteko. Behin behean, lehen estalaktitak ikus daitezke. Zorua ordekan dago eta ez dago erortzeko arriskurik. Pasabide moduko bat ere prestatua du, helduleku eta guzti. Metro batzuk aurrera eginda, kobazuloak eskuinerantz egiten du eta metro bat inguruko koxka gainditu behar da. “Hemendik aurrera makurtuta joan behar da”. Aurrera egin dugu, politena zain dugula jakitun. Argazkiak nola edo hala egin ditugu, ez baita leku erosoa. Baina ikusmira txundigarria da: neurri ezberdinetako estalaktitak, estalagmitak, zutabe lodiak…Horman margotutako zaldiak baino ez dira falta… “Hor eskuinean zulo bat ikusten da. Itsasoko ura hortik sartzen da. Behin tintea bota genuen ikusteko ea nonbaitetik ateratzen ote zen, baina ez genuen topatu. Baina garbi dago marearekin sartzen den ura dela”.  

1986ko iraila. Buzoneko etxean, Erribera 17. Hezetasunak agertu dira atari ondoko trastelekuan eta han dabiltza lanean igeltseroak jatorria aurkitu nahian. Ur zikinen tutua zulatuta egongo dela eta handik sortu dela hezetasuna. Horman lanean hasi dira: “ Halako batean zulo bat agertu zen horman. Jesus Martinen semeetako bat, mutikoa orduan, zulotik sartu eta hogei bat minutu egin zituen han barruan. Zeharo harrituta etorri zen, dena estalaktitaz beteta zegoela eta oso polita zela esanez. Hura entzunda, ni neu sartu nintzen ondoren, arrastaka. Denok ahoa bete hortz gelditu ginen, txundituta, halakorik ezin baikenuen espero”. Orduz geroztik, harribitxi bat bezala zaindu du kobazuloa Juan Jose Manzisidorrek, etxearen jabeak. Ez da gutxiagorako. “Bitxiena da herriaren erdian dagoela, Parrokia zeharkatzen duela azpitik eta sarrera etxe partikular batetik duela; gero, ikusteko ederra da, estalaktitak-eta asko dituelako oso espazio txikian”.

 

Gizakiaren arrastorik ez

Kobazuloa ez zela nolanahikoa ohartuta, zientzialariei eta agintariei aurkikuntzaren berri ematea erabaki zuen. “Kontu hauei errespetu handia diet, eta hurrengo egunean Jesus Altuna ekarri nuen badaezpada. Lagun handia dut bera. Goizeko zortzietarako hemen zegoen. Altunak ere jakinmin handia zuen, pentsatu baitzuen Ekaingo kobazuloarekin harremana izan zezakeela honek. Azpeitiko Antxieta Elkarteko laupabost lagun ekarri zituen laguntzaile, kata bat egiteko asmoarekin”. Emaitza, ordea, ez zen esperotakoa izan, ez baitzuten inolako arrastorik aurkitu. “Oso polita da eta nahiko nuke neuk ere horrelako bat eduki nire etxean gordeta ditudan gauzak jartzeko, baina ez dugu inolako aztarnarik topatu”, esan omen zion Altunak Manzisdorri. Horretan gelditu zen. “Gero Jesus Areso etorri zen, eta honek ere berdin, oso polita zela, eta herrigunean egoteko eta hain txikia izateko oso aberatsa zela estalaktita aldetik”.

Udaletxera eta Aldundira ere deitu zuen Manzisidorrek: “Alkateari ere deitu nion, Castor Agirrezabalaga zen orduan, eta hura ere etorri eta barruraino sartu ginen. Aldunditik Esther Larrañaga etorri zen bere garaian”. Denak txundituta gelditu ziren kobazuloaren edertasunarekin, baina arazo berbera ikusten zioten: txikiegia zela hura jendeari irekitzeko.

Kobazuloa aurkitu eta bost bat urtera erabaki zuen Juan Jose Manzisidorrek hura pixka bat txukuntzea. “Kontuan hartu behar da guk aurkitu genuenean makurtuta sartu behar zela, buztinezko geruza lodi bat zuelako pilatuta. Orduan, lehenengo lana izan zen buztin hori kentzea. Donostiatik lagun koadrila bat ekarri nuen eta haiek lagundu zidaten. Lokatza pixka bat atera genuen, batez ere sarrera libratzeko. Edukinontzietara botatzen genuen lokatza eta gauean jendea etortzen zen buztin horren bila. Batzuek aprobetxatu zuten, bai. Proba bat ere egin genuen: labea daukan lagun batek buztina eraman eta 1.200 gradutara gogortzen dela konprobatu zuen. Baina ez du keramikarako balio, itsasoko urak gatza erantsi baitio”.

Duela urte batzuk argiak ere jartzea erabaki zuten: “Ikusita noizean behin norbait etortzen zela bisitan, pentsatu genuen argiak jartzea. Hor egindako lan guztiak gure kontura izan dira gainera. Guk badakigu hori ez dela gurea, baina hor agertu da. Kontuan hartu behar da sarrera etxe partikular bateko ataritik duela. Horrelako kobazuloak asko daude Euskal Herrian, baina honek duen berezitasuna da herriaren erdian dagoela, parrokiaren azpian. Parrokiaren erditik pasatzen da, gaur egun Xanti Altzariak dagoen pare hartarantz”.

Itzurungo labarra eta kobazuloetako bat.

Manzisidorrek dioenez, “Itzurunen dauden kobazuloetako beste bat da parrokia azpikoa. “Itxita egon denez, berotasunarekin hezetasuna kondensatu egin da eta estalaktikak sortu dira. Tenperatura beti 14-15 gradu artean mantentzen da. Aresok esan zigunez, haitz geruza hau Bermeon agertzen da, gero hemen Zumaian, Meagaraino; eta han ezkutatu egiten da Donostiako Loretoperaino. Gezura Herreraraino doa –han harrobia dago–, eta jarraitzen du Beraraino eta Elizondoraino”. Zumaiako parrokia eta Donostia parte handi bat geruza horretako harriekin omen dago egina.

Galdera bat airean

Galdera bat gelditu zaigu erantzun gabe: 1986ko irailean izan al zuten lehen aldiz zumaiarrek kobazuloaren berri? Juan Jose Manzisidorrek azaldu digunez, eraikina XVII. edo XVIII mendekoa da. “Martinez Kleisserrek idatzi zuen liburuan aipatzen da etxe hau. Ospital bat izan zen. Sarreran ikusten den harria XVII. edo XVIII. mende ingurukoa da. Eraikina oso zaharra da, beraz. Bere garaian beste hiru solairu eraiki zituzten jatorrizko bien gainean, dena egurrean eginda”. Lehen eraikina egin zenean, edo haren aurretik, ez al zuten zumaiarrek zulo horren berri izan? 

Jesus Altuna: “Ez du interes arkeologikorik”

Kobazuloa ikuskatu ondoren idatzitako txostenean Aranzadiko antropologoak dio interes didaktikoa izan dezakeela “eskola garaian dauden haurrentzat”. 

Erribera 17ko etxean aurkitutako kobazuloari buruzko txostena

1986ko irailean, Jose Manzisidorrena den Zumaiako Erribera 17ko etxeko atarian egindako lan batzuk medio, zazpi metro zabal eta 40 metro luze den kobazulo bat agertu zen, zeinaren sarrera etxearen atarian bertan zabaltzen den.

Jabearen seme Juan Jose Manzisidor jaunak berehala eman zion aurkikuntzaren berri Aranzadiko Zientzia Elkarteko Historiaurreko sailari. Txosten hau izenpetzen duenak, aipatutako saileko presidente, kobazuloa bisitatu zuen Juan Jose Manzisidorrek lagunduta; kata bat egitea erabaki zen, 1986ko abenduan burutu zena.

Arkeologiaren eta palentologiaren ikuspegitik erabat antzua da kobazuloan pilatutako buztina. Buztin hau urak ekarri du, eta, irteera zaila duenez, azkenean hondoan pilatuz joan da geruza bat sortzeraino. Beraz, kobazuloak ez du interes arkeologikorik ez paleontologikorik. Hala ere, kobazuloak egitura trabernitiko, estalagmita eta estalaktita ugari ditu, eta interes didaktikoa du eskola garaian dauden haurrentzat. Bisitak egiteko egokitzeko aukera ikusten dugu, sarrera oztopatzen duen buztina kentzeko lanek ez baitute inolako arazorik eragiten ondare arkeologiaren ikuspuntutik.

Donostia, 1987ko apirilaren 8an
Jesus Altuna

Asentxio Elustondok jarritako bertsoak

 

Zumaiako harzuloa

(“Nere Etxea”-ren doinuan)

-1-

Aurtengo urri-hilean,
Gure herriko kalean,
Hots bat dabil zabalean.
Zulo bereizi bat dagoela
“Buzo”neko portalean,
elizarako aldean,
harriaren bihotzean…
Zer ote dauka gordean?

-2-

Zumaiko kaia-gaina,
Hango eliza liraina
Harkaitz sendoan du oina.
Haren azpian zulo haundia
–inork ez zekien baina–
luze eta ezberdina,
ia eliza adina,
beste barrunpe bikaina.

-3-

Berrogei bat metro luzez,
gorakoa beste biez,
pasatu liteke oinez.
Sapaia txukun apaindurikan
estalaktita ederrez,
ur-isuri eta gatzez,
piskana menderen mendez
hantxe moldatuak berez.

-4-

Zabaluneetan gela,
jauregietan bezela,
gero jarraituz tunela.
Argia piztuz gero dirudi
beste munduan gaudela
hainbat gatzezji kandela,
esegirikan daudela
giro isil ta epela.

-5-

Zoluko buztin gogorrak
eta harkaitzen muturrak…
hartutzen gaitu beldurrak.
Hor ote daude lurperatuak
lehen gizonen hezurrak,
haizkora eta haitzurrak
laneko baliadurak
denak estalirik lurrak?

-6-

Gure asaba zaharren
bizileku ta babespen
harzuloak ziren lehen.
Gure euskaldun arraza zaharra
haietanxe mamitu zen.
Hau dugunean ikusten
buruak digu ematen
halakoren bat ote den.

-7-

Jakintsuak dira sartu,
barru hori begiratu
eta zeharo harritu.
Miragari hau hemen zegonik
nork behar zuen pentsatu,
taju bereizia bait du,
nola ote da moldatu?
Ongi behar da aztertu.

Asentxio Elustondo
Zumaia, 1986ko urria

Erlazionatuak

Ardantzako paisaia karstikoa

Gorka Zabaleta 2009 api 10 Zumaia

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide