Ardantzako paisaia karstikoa

Gorka Zabaleta 2009ko api. 10a, 18:18

Ardantzako bailara.

Kobazuloa nola sortu zen azaltzen du Txomin Ugalde zientzialariak 1988an kobazuloaren aurkikuntzaren harira idatzi zuen txostenean

Txomin Ugaldek azaltzen duenez, parrokia azpiko kobazuloak eta Ardantzako bailarak harreman zuzena dute, biak dira fenomeno karstikoaren parte dira. Paisaia karstikoak kareharria dagoen lekuan osatzen dira. Urak pixkanaka harria jan egiten du, eta bailara itxiak, kobazuloak eta antzekoak sortzen ditu. Hori da, hain zuzen ere, Zumaian gertatu dena. 

Ugalderen iritziz, Ardantzako bailara itxia eta parrokia azpiko kobazuloa beste garai klimatiko batean sortu ziren, itsasoaren maila orain baino askoz beherago zegoenean. Garai hartan, behin bailara osatuta, lurazpian bildutako urak gaur egun kobazuloa den horretatik agertuko lirateke berriro azalera. Horko ur sistemaren iturburuetako bat izan zen kobazuloa. Baina urak kareharria etengabe zulatzen jarraitzen zuenez, lurazpiko erreka horiek gero eta beheragotik egiten zuten bidea, eta kobazuloa lehortu egin zen, iturburuak beherago sortuz. Kontuan izan behar da orduan itsasoaren maila ehun bat metro beherago zegoela, eta ez zuela inolako eraginik ibaiarengan. Behin urak beste bide batzuk hartu zituenean hasi ziren kobazuloko estalaktitak eta estalagmitak sortzen. 

 Txomin  Ugaldek egindako eskema.

Milioika urte batzuk aurrerago, itsasoak gora egin zuen, gaur egun duen mailatik hiru bat metro gora. Garai hartan itsasoak Ardantzako bailara itxia eta kobazuloa hartu zituen. Urola ibaiak zekartzan limoak pixkanaka kobazuloan pilatuz joan ziren, buztin geruza lodi bat osatu eta ia erabat bete arte. Horrek esplikatzen du buztin geruzaren azpian estalagmitak agertu izana. Itsasoak berriro atzera egin zuenean, limoaren pilaketa eten egin zen. 

Erlazionatuak

Kobazulo bat herriaren bihotzean

Gorka Zabaleta 2009 api 10 Zumaia

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide