Pinuaren gaitza eta basoen egoerari buruz jardunaldia egingo da Itziarren ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Itziarko Auzo Udala 2018ko azaroaren 27a

Alorreko adituen hiru hitzaldi iragarri dituzte, gaiari buruzko ikuspegi desberdinak partekatu eta hausnarketa sustatu asmoz

“Pinuaren gaitza eta basogintza” izenburuarekin jardunaldia antolatu du Itziarko Auzo Udalak ostiral honetarako, udazken-neguko kultur programaren barruan. Izan ere, pinuaren gaixotasunak basogintza bidegurutzean jarri du azkenaldian, eta gaiak gizartean hartu duen atentzioa sumatuta sortu da asmo hau. Baso-jabeen artean ez ezik, kezka areagotu egin da jendartean ere, eguneroko hizketagai bihurtzeraino. Horrela, hainbat dira azken hilabeteotan herri desberdinetan burututako hitzaldi eta mahai-inguruak, basoek bizi duten egoera larriari erantzunez. Ildo horretatik ekarpena eginez, gaiarekiko ezagutza hedatu eta herritarron artean hausnarketa sustatzea du helburu ostiraleko jardunaldiak.

Nagusi dira pinudiak gure inguruan, batez ere Insignis motakoak. Baina gaixotasunak erasotu ditu pinudiak, eta arriskuan dira baso ugari. Aspalditik omen dugu gaitz honen berri, baina urte hauetan oso azkar zabaltzen ari da. Bi onddok eragiten dute kaltea, Mycosphaerella dearnessii eta Mycosphaerella pini deitura dutenak, “banda marroia” edo “banda gorria” izenez ezagunagoak, hurrenez hurren. Pinuen hostoak infektatzen dituzte, gorritu eta fotosintesia edo elikadura prozesua geldiarazi. Horrek, azkenik, zuhaitzaren heriotza eragiten du. Hain zuzen ere, Debabarrena eskualdea da kaltetuenetako eremua, ondoko eskualdeekin batera. Aurreikuspenak betetzen badira, bost urteren buruan pinu landaketa ia guztiak onddoek jota egongo dira. Gauzak horrela, basoen egoera eta egur ustiaketen etorkizuna kolokan egon liteke. Mehatxuari aurre egiteko hainbat neurri iragarri dituzte dagoeneko erakunde publikoek, baina ez da erabateko irtenbiderik nabari epe motzean.

Ondorioz, baserritar eta baso-jabeen artean larritasuna piztu du egoerak. Pinudietako asko erabat gorritu dira, eta gaitzetik babesteko zuhaitzak moztea erabaki dute jabe askok. Baina ez da hor amaitzen arazoa eta hainbat zalantza ageri dira, aurrera begira zer komeni den landatzea ez dago garbi, esaterako. Ondorioz, basogintza ereduaz eta etorkizunaz areagotu egin da eztabaida.

Jardunaldi honetan baso alorreko adituek gaiari buruzko ikuspegiak emango dituzte. Hiru hitzaldi izango dira guztira, bata bestearen segidan. Lehenik, Basoa Fundazioa-ren izenean hitz egingo du Aitor Onaindia baso-ingeniariak. Eskualde bakoitzeko baso jabe elkarteek bultzatuta EAEn diharduen irabazi asmorik gabeko elkartea da Basoa Fundazioa. Ondoren, Baskegur, Euskadiko baso sektore profesionalaren gerente gisa hitz egingo du Josu Azpitarte baso-ingeniariak. Baso eta egur sektorearen eta hartan jarduten duten topaketa-organoa eta aholku-zentroa da Baskegur. Azkenik, Naturkon, Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionisten kolektiboaren izenean arituko da Aitziber Sarobe biologoa eta elkartearen koordinatzailea. Gizartean zein erakunde publikoetan naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortu zen Naturkon elkartea.

Banaka aurkeztuko diren hitzaldien ondoren hitza hartu galderak luzatzeko aukera izango dute bertaratutako guztiek. Jardunaldia irekia da, eta gaiak piztu duen interesa kontutan hartuta, herritar guztiak daude gonbidatuta. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da, Itziarko Burugorri aretoan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide