Biotopo babestua (II): Araudiaren bidezidorretan ez galtzeko oinarrizko gida

Gorka Zabaleta 2008ko eka. 10a, 10:47

Kostaldea itsasotik. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Duela urtebete erreportaje luzea argitaratu genuen Baleiken, biotopo babestuaren inguruan herrian sortutako zalapartari argi pixka bat jartzeko helburuarekin. Iritziak, asmoak eta nahiak bildu genituen orduan gure orrietan. Urtebete geroago, Eusko Jaurlaritzak publiko egin du biotopo babesturako landu duten araudia. Edukia ulertzeko moduan esplikatzen saiatu gara.

Itzurungo hondartzaren irudi panoramikoa.

Zertaz ari garen ulertzeko, komeni da lehenik eta behin zenbait kontu azaltzea, labur bada ere. Jaurlaritzak maiatzean aurkeztu duen dokumentuari NBAP deitzen zaio: Natur Baliabideen Antolamendu Plana. Dokumentu horrek, lehenik eta behin, arautuko den lurralde eremua mugatzen du eta bere ezaugarrien berri eman. Ondoren, ingurune horretan dauden natur baliabideen egoera aztertzen du. Azkenik, eta hemen dago dokumentuaren muina, babestutako eremuan zer egin daitekeen eta zer ez zehazten du; zer jarduera bultzatuko diren, zer onartu eta zer debekatu.

Bere mugen barruan hartzen duen lurralde eremurako maila goreneko araua da NBAPa. Berebiziko garrantzia du, beraz, hor esaten denak. Baina aurrerago ikusiko denez, bada nabarmendu beharreko kontu bat: dokumentu honek esaten du zer egin daitekeen eta zer ez, baina ez du esaten araudia praktikara nola eraman, idatzitakoa nola aplikatu. Zergatik? Hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura delako. Jaurlaritzak erabakitzen du zer naturgunek merezi duen babesa, zer izango den natur parke edo biotopo babestu; Jaurlaritzak idatziko du naturgune horiei aplikatu beharreko araudia, berak esango du arrantzan edo ehizan egin daitekeen edo ez. Hori kudeatzea, baina, Aldundiaren eskumena da.

Eta Jaurlaritzak emandako arau nagusi hori praktikara eramateko, BNAP delako hori benetan gauzatu ahal izateko, bere tresna propioa landu behar du Aldundiak, hau edo bestea nola egin behar den zehaztuko duena. Horretarako, EKPE izeneko planak erabiltzen dira –Erabilera eta Kudeaketa Plan Eraentzaileak–. Hor zehaztu behar da arrantza kontrolatzeko zer neurri jarriko diren, zaindaririk behar ote den, zenbat behar diren, nolako zaintza egingo den, ehiza nola egingo den bateragarri oinezkoen txangoekin, hesiak jarriko ote diren, nolako seinalizazioa jarriko den…

Hori guztia, noski, egin gabe dago, besteak beste, lehen urratsa Jaurlaritzaren NBAPa onartzea delako. Uztailera arte erakusketa publikoan dago eta helegiteak aurkezteko aukera du edonork. Behin helegiteei erantzun ondoren, Jaurlaritzako hainbat bulegoren oniritzia behar du dokumentuak. Jaurlaritzako Biodibertsitaterako zuzendari Elisa Sainz de Murietak espero du abendurako prest egongo dela, “dena ondo joanez gero”. Horraino ez da aparteko zailtasunik aurreikusten. Hortik aurrera, Aldundia noraino iritsiko den, ikusteko dago.

Izan ere, babestutako eremuen artean ere kategoriak daude. Alde batetik, Natur Parkeak daude. Hauek nahitaez behar dute beren NBAPa eta hori praktikara eramango duen kudeaketa plana. Naturgune txikiagoetarako sortu zen biotopo babestua. Legeak ez du horietarako NBAPrik agintzen, eta, horrenbestez, ez eta kudeaketa planik ere. Baina Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen ezin zela babesa bermatu araudirik gabe eta NBAPa egitea erabaki zuen. Orain Aldundiak kudeaketa plana egin beharko du, ez derrigor EKPE bat, baina bai NBAPa praktikara eramateko plan bat. 

Mendata eta Sakonetako labarrak.

Zer dio Jaurlaritzaren NBAPak?

Eranskinak kontuan hartuta, 115 orrialdeko dokumentua da biotopo babestuaren NBAPa. Edukiaren muina lerro gutxitan laburtzea ez da lan erraza. Alea lastotik bereizten laguntzeko eskatu diogu Gontxalo Torre biologoari, esperientzia handia baitu horrelako dokumentuekin. Hona hemen, xehetasunak alde batera utzita, araudiak zer dioen:

Helburu nagusiak

Eremu horretan dauden balio geologikoak babestea da biotopo babestuaren helburu nagusia, mundu mailako garrantzia dutelako. Horrekin batera, kosta tarte horretan garatu diren ekosistemak eta gaur egun arte kontserbatu den paisaia babestu nahi dira. Baina ez hori bakarrik: paisaiaren itxurari eusten lagundu duten giza jarduera tradizionalak babestu eta bultzatu nahi ditu; eta arrantzaren kasuan, baliabideen kudeaketa iraunkorra lortzea izango da helburua, gehiegizko ustiapena saihestea. Azkenik, astialdiarekin bateragarri egitea eta heziketa eta ikerketa sustatzea aipatzen dira.

 Nola arautzen du?

Lehenik eta behin, biotopo babestuaren barruan zazpi babes eremu definitzen ditu, ezaugarrien eta eskatzen duten babes mailaren arabera. Gero, kasu bakoitzean baliabideak nola kudeatu behar diren zehazten du, eta, azkenik, jarduerak arautzen ditu –zer egin daitekeen eta zer ez–.

Babes eremuak (ikus mapa)

Erreserba eremua

Alde batetik, itsaslabarrak; bestetik, harraldean, hamar metroko ur sakonerainoko bi tarte: Sakoneta eta Aitzuri artekoa, bata, Palankamugarritik Aizbeltzera bestea –dokumentuan Pikote Azpia aipatzen du–.

Kontserbazioa da helburu nagusia, eta giza jarduera gehienak erabat debekatuko dira. Ikerketarako eta ingurugiro heziketarako guneak izango dira, beti baimenarekin. Beraz, ezingo da arrantzan egin, ezta itsaskirik bildu ere. Harraldeko partean paseatzea libre izango da.

Erabilera bereziko eremua

Itzurun, Lapari eta Debako Santiago hondartzak, eta Elorriaga eta Errotaberriko astialdirako guneak sartzen dira hemen –eta hondartzen aurrean, 500 metroko tartea itsasoan barrena–. 

Biotopo babestuaren mugen barruan egonda ere, astialdirako gune bezala daude onartuta. Beraz, eremu hauetan araudia ez da hain zorrotza. Astialdiko arrantza baimenduta dago, arrantza legeak dioena betez gero. 

Itsasoko eremu babestua

Kostatik Barruko Uren mugaraino hartzen du, erreserbako eta erabilera bereziko eremuak alde batera utzita.

Dokumentuak bi hutsune aitortzen ditu: batetik, esaten du ez dagoela nahikoa informazio arrantzak ekosistemetan duen eragina neurtzeko, eta aurrerantzean ikerketak egin beharko direla; bestetik, arrantzarako indarrean dagoen legedia ez dela betetzen, Jaurlaritzako Arrantza Sailaren zaintza zerbitzuek emandako informazioa oinarri hartuta –bitxia, kontuan hartuta beraiei dagokiela legea betearaztea…–. Oro har, gaur egun indarrean dagoen legedia betearazi beharko dela dio dokumentuak, eta hori egiteko baliabidea jarri beharko direla –ez du gehiago zehazten, Aldundiaren esku gelditzen da lan hori–.

Nekazaritza guneetako paisaiaren babes eremua

Biotopoaren mugen barruan dauden landa guneez ari da, baratzeez, eta, batik bat, abereentzako bazka larreez. Paisaia hain berezia osatzen duten muino biribilak babestu nahi dira, azken finean. Lekuen izenak ere aipatzen ditu, Debatik hasita: Santa Katalina baseliza eta inguruak, Langaberri, Uzkanga, Arantzabekoa eta Arantzagoikoa, Elorriaga auzoaren iparrera dauden larreak, Pikote alderakoak, Santa Klara eta Ardantza, eta Talaimendi.

Leku horietan orain arte garatu diren nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak bultzatuko dira, paisaiak bere horretan iraun dezan. Gaur egun airetik doazen argindarraren kableak kendu eta lurrazpitik pasa beharko direla dio. Eraikinak berritu edo berriak eraiki ahal izango dira baserrien jarduera hobetzeko ezinbestekoak badira, beti baimenarekin. Ondoriozta daiteke tradiziorik ez duten nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak ez direla baimenduko, esate baterako, txakolinetarako mahastiak, dokumentuak hainbeste zehazten ez badu ere.

Ekosistemak hobetzeko eremua

Mendata eta Errotaberri erreken arroak sartzen dira hor. Bertako basoak berreskuratzeko aukera ona dagoela dio. Kontuan hartu behar da lur horiek Aldundiarenak direla, eta horrek asko errazten duela berreskuratzeko lan hori. Bertako arbolak landatzeaz gain, erreketako ekosistemaren egoera ere hobetu nahi da bi erreka horietan. 

Berreskuratu beharreko eremu hondatua

Itxaspetik Deba alderantz dauden pinudiez ari da, kasu honetan. Inguru hori sasiak hartuta dago, eta nahikoa hondatuta dago naturaren kontserbazioaren ikuspegitik. Paraje hura hobetzea da helburua. Nola? Bertako zuhaitzen landatzea sustatuko da, eta espezie inbaditzaileak desagerrarazteko neurriak hartuko dira. Basoaren ustiapen iraunkorra bultzatuko da.

Nekazaritza eremu arrunta

Aipatutako aurreko eremuetatik kanpo gelditzen den guztia. Oro har, balio eta interes eskaseko lurrak dira, ekologiaren, paisaiaren eta ikerketaren ikuspuntutik. Gaur egun bertan burutzen diren jarduerak biotopo babestuaren helburu nagusiekin bateragarri egiteko ahalegina egingo da.

Zer egin daitekeen eta zer ez

Eremu bakoitza definitzean aurreratu dugu, oro har, zer debekatuko den eta zer den sustatuko dena. Baina garbiago gera dadin, azter dezagun dokumentuak zer dioen kezka gehien sortu duten jardueren inguruan.

Erabilera publikoa

Erabilera publikoa eta kontserbazioa bateragarri egin behar direla dio, lehenik eta behin. Biotopo babestuaren barruan dauden ibilbideen sare bat osatuko da, oinezkoen astialdia sustatzeko. Babestutako eremuaren barruan, autoak ibiltzeko pistak saihestuko dira. Sakonetaraino eta Mendataraino iristen diren pisten erabilera mugatu egingo da. 

Ehiza eta erreketako arrantza

Dokumentuak dio gaur egun zazpi ehiza postu daudela araututako eremuaren barruan, bost Debako aldean eta bi Zumaian –Pikote eta Talaimendi–. Postuen erregistroan ez direla ageri dio ondoren. Horren aurrean, erregistroan sartu beharko direla –erregistrotik kanpo badaude, kentzeko agindua ere eman zezakeen–. Horrez gain, ibiltarientzat kaltegarria izan daitekeela eta arautu egin beharko dela, Ehizarentzako Plan Tekniko batekin –beste lan bat Aldundiarentzat–. Legez kontrako ehizari aurre egiteko giza baliabideak jartzeko agintzen du.

Bestalde, erreketako arrantza erabat debekatzen du. 

Itsasoko arrantza

Ikus Itsasoko eremu babestuapuntuan esaten dena.

Nekazaritza eta abeltzaintza

Ikus nekazaritza guneetako paisaiaren babes eremua puntuan esaten dena.

Ikerketa

Ikerketa lanak sustatuko dira, baina hemendik aurrera modu kontrolatuan egingo dira. Haitzetako laginak hartu nahi izanez gero, baimena eskatu beharko da. Horrez gain, burutzen diren ikerketa lanen datu base bat osatuko da. Hemen gaineratu behar da ikerlariek eta zientzialariek baino ez dutela izango labarretan fosilak hartzeko baimena. Beste guztiontzat debekatutako jarduera izango da.

Azpiegiturak eta eraikinak

Azpiegitura eta eraikin berriak egiteko aukera mugatu egingo da. Ezingo da azpiegitura sare berririk eraiki: aireko argindar sareak, saneamenduko hodiak, pistak, errepideak…Salbuespen hauekin: ingurunearen kudeaketari edota segurtasunari lotutako eraikinak baimenduko dira; nekazaritza eremuetan, eraikinak berritu ahal izango dira edo berriak eraiki jarduera hobetzeko ezinbestekoak badira; gaur egun dauden azpiegiturak konpontzeko lanak; lurrazpiko azpiegitura sareak; NBAParen helburuak bete ahal izateko beharrezkoak diren pistak eta bideak. 

Hori kontuan hartuta, garbi dago biotopo babestuari esker kostalde zati hau urbanizatzeko arriskua ekiditen dela, eta hori ez da gutxi.

Algorriko punta, Galarretako begiralekutik.
 

Biotopo babestuaren datuak

-Zortzi kilometroko kosta lerroa.

-4.300 hektarea hartzen ditu –hektarea bat=futbol zelai bat–. Horietatik, 495 baino ez lurrekoak: % 11,51. Beste guztia, itsasoa da.

-Babestutako eremuaren % 16 baino ez Zumaiako lurretan.

-Jabegoari dagokionez, babestutako lurren % 52 publikoak dira.

-Eremuaren ia % 5 erabat babestuta egongo da, erreserbako eremua izendatuko da. Zehazki, 208,6 hektarea –horietatik 140,9 itsasokoak–. 

Laburbilduz

-Atzerapen handirik ez bada, urte amaieran biotopo babestu izendatuko dute Zumaia eta Deba arteko kosta.

-Ondoren, Aldundiari dagokio naturgune hori kudeatzea, eta araudiak dioena benetan aplikatzeko neurriak hartu eta baliabideak jartzea.

-Lan horietan, Algorri Ezagutza Etxeak protagonismo gehiago har dezake, naturguneko parketxea bihurtuta.

Araudiak (NBAP) dioena

-NBAPa izango da biotopo babestua arautuko duen lege gorena. Hau da, udal planeamenduetatik ateratzen dira lur horiek. Beraz, kosta zati horretan ezingo da eraiki –salbuespenak salbuespen–.

-Itsaslabarrak eta harraldeko bi eremu –Sakoneta aldean eta Pikoteazpian– erabat babesten ditu, hamar metroko ur sakoneraino. Han ezingo da arrantzan egin. Ikerketarako eremuak izango dira.

-Erreserbako eremuetatik kanpo, arrantzan egin ahal izango da. Baliabideak jarriko dira gaur egungo araudia betearazteko.

-Ehiza ez da debekatuko, arautu eta antolatu egingo da ibiltariek arazorik izan ez dezaten.

-Landaguneko paisaia ere babestu nahi denez –muinoak–, baserrietan jarduera tradizionalei eusteko neurriak hartuko dira.

-Oinezkoentzako naturgunea izango da: ibilbide sarea osatuko da eta autoen sarbidea mugatu egingo da zenbait pistatan.

-Neurriak hartuko dira bertako ekosistemak bultzatzeko, kontserbazio maila hobetzeko.

-Ikerketa eta dibulgazioa bultzatuko dira, naturgunearen ondarea hobeto ezagutu dadin.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide