Erakusketan parte hartzen duten argazkilariek lan bana aukeratu dute. “Erakusketaren formatua iaz aldatu genuen, eta erantzun ona izan zuen. Lehen tamaina txikiagoko argazki asko jartzen genituen; orain handiagoak dira eta gutxiago. Ikusgarriagoa ere bada orain”, dio Soraya Lopezek, Distirako zuzendaritza taldeko kideak.
Erakusketa formatoagatik bakarrik ez, erakusten diren lanengatik ere berezia da aurtengo erakusketa. “Erakusketan parte hartzen dutenei gaia libre uzten zaie. Aurten paisaien argazki gutxi daude eta, adibidez, labarretako edo flyscheko argazki bat bera ere ez. Egia esan, pixka bat nekatuta geunden paisaiekin. Gauez ateratakoak badaude. Modan daude argazki hauek eta badirudi bazkideei gustatzen zaiela”, dio Lopezek. “Erakusketa polita eta askotarikoa da”.
Distirak omenaldi xume bat egin dio orain aste gutxi zendu zen Rikardo Txapartegi bazkideari. Bere lana leku berezian jarri dute.
Egutegiak salgai
Elkarteak 2019. urterako egutegiak ere prestatu ditu. Egutegi hauek Zumaiako turismo bulegoan daude salgai. Elkartetik adierazi dutenez, tamaina txikikoak dagoeneko agortu dira, eta ertainekoak eta handiak geratzen dira salgai.