Olagarroaren bila tituluaren ondoren, bideoaren lehen irudia: harraldearen irudi panoramikoa, zuri-beltzean. Hurrengo planoa: kolorerik gabeko ur azalean gaude; ur tanta batek irrist egin du kameraren objektiboan, eta kolorez betetako itsasoan murgilarazi gaitu: alga berdeak, gorriak eta arreak haitzari helduta, tximaluzeak etengabe atzera eta aurrera astintzen, olatuen erritmoan; arrain txikiak itzulinguruka; bat-batean, olagarro bat parean! Tintazko bonbak jaurti dizkigu eta ihesi doa ziztu bizian… Zuloren batean ezkutatu da. Jarraian, gomexaren begirada mehatxaria, anemona koloretsuak, itsas izarraren erro arantzadunak, izkira piano jotzailea; Karraspioa, ostarrena, andarika, mantarraina, txangurroa, sepia, itsas aingira, anemona gehiago… Hor olagarroa! Ihes egin digu berriro, tinta artean… Itxaron… hemen dator… kamera heldu du erroekin… Irentsi egingo gaitu!
Hamar minutu eskaseko bideoan, gure kostaldean bizi diren hainbat itsas animalia eta landareren irudi ederrak bildu ditu Xabier Mina itsas zientzialariak (Iruñea, 1976). Urpekaritza eta argazkilaritza ditu afizio, eta ahal duen bakoitzean Iruñetik etorri eta gure inguruko uretan murgiltzen da. “Apenas dago euskal kostaldeari buruzko urpeko grabaziorik, eta nire gogoa da lan txukun bat prestatzea, hemen ditugun ekosistemak eta animaliak erakusteko, euskarazko azalpenekin”.
Munduko itsaso askotan izan du urpekaritza egiteko aukera –Cabo Verde, Galapagoak, Costa Rica, Indonesia, Itsaso Gorria– eta esperientzia ederrak bizi izan ditu gehienetan: “Itsas Gorria zoragarria da, ez dago animalia handirik, baina koralez beteta dago; Azoreetan marrazo urdinak gertu-gertutik ikusi genituen, bultza ere egiten ziguten albotik pasatzean…”. Baina Kantauri Itsasoa ere bizitzaz betea dagoela aldarrikatzen du Minak: “Mediterraneoan ura garbiago dago, badakigu Kantauri itsasoan olatuak izaten direla sarri, baina hemen askoz arrain gehiago ikusten dira. Gainera, Kantauri Itsasoak badu berezitasun bat: itsas korronteen dinamikaren eraginez, berez latitudeagatik dagokiona baino tenperatura epelagoa du, alga asko daude, eta horri esker Mediterraneoan edo Maroko iparraldean ikusten diren espezieak aurki daitezke, Galizian ez daudenak”. Zumaia eta Deba arteko harraldea, Deba eta Mutriku arteko Arbeko badia, Getaria eta Elantxobe ditu gogokoen. Bideoko irudi gehienak leku horietan daude grabatuta.
Oxigeno botilarik gabe
Gehienetan apnean murgiltzen da Mina, oxigeno botilarik gabe. “Erosoagoa da, askatasun gehiago daukazu. Ez duzu hainbeste aparailu behar. Botilarekin bazoaz, erne egon beharra daukazu beti, nitrogenoa kontrolatu, deskonpresioa… Zure biriken gaitasun soilarekin ezin sakonera handiegian ibili, hamar metrora gehienez, eta horrela askotan ez duzu argi gehigarririk behar”.
Gauez ere murgiltzen da askotan, normalean Getarian. “Nautikoaren atzean, edota hondartzako arranplan”. Ez omen dago urrutirago joan beharrik une gogoangarriak bizitzeko: “Gauez hondar gainean urpekaritza egitea zirraragarria da. Animalia asko ezkutaturik egoten dira. Zu argiarekin zoaz eta soilik bolatxo zuriak edo berdexkak ikusten dituzu. Begien distirak dira. Behin, Getarian, hondarretan behatza sartu nuen distira zerk egiten zuen jakiteko, eta berberetxo handi bat agertu zen. Beste behin, antzeko egoera batean, Blanesen (Katalunia), bolatxo distiratsu pila bat ikusi nuen. Hondarretan arakatu eta langostino multzoa atera zen. Argazki haiek Quercus aldizkarian argitaratu zituzten”.
Itsas bizitzaren urteko zikloa jarraitzeko aukera ere izaten du Minak. “Adibidez, otsailean eta martxoan oso erraz ikusten dira txangurroak. Behin Mutriku aldean zazpi ikusi nituen murgilaldi labur batean. Gero, apirilean, sepiak hasten dira arrautzak jartzen. Getariako arranplan bertan ikus ditzakezue arra eta emea elkarrekin; eskuarekin uki daitezke. Orain, udazken-negu partean, haien kumeak daude…”.
Fusilarekin arrantzan ibiltzea ez du gustuko; hala ere, aitortzen du noiz edo noiz zerbait harrapatu eta jan izan duela. “Batzuetan, animalia hobeto ezagutzeko ere bai”. Baina uretara sartu eta inguruan dozena erdi lagun fusilarekin arrantzan ikusteak pena ematen omen dio. “Gainera, istripu larrienak arrantzan ari den jendeari gertatzen zaizkio. Batzuetan, metro asko jaisten dira, eta zerbait harrapatu eta tiraka hasi behar badute agian uste baino oxigeno gehiago kontsumitu eta gero igotzeko nahikoa ez…”. Berak nahiago du kamerarekin murgildu eta gozatu: “Lagun batzuek esaten didate meditazioaren antzekoa dela. Zure arnasketa entzuten duzu, horrekin gozatzen hasten zara, harreman berezia daukazu kamerarekin, animaliekin, urarekin… Dinamika berezi batean sartzen zara. Flotatzean ere sentsazioa berezia da, hegan zoazela dirudi. Eta, uretan, basoan ez bezala, animalia asko ikusten dituzu”.