Ibilbide profesionalean zehar, eta, bereziki, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Infekziosoen Unitatean (GIU), Purificacion Tena Corralesek egindako lana txalotu dute Elkargotik.
Bere lankideek beraiek bultzatu dute saria berari ematea: “Eguneratuta eta behar bezala prestatuta mantentzeko kezka erakutsi du, eta, horregatik, ikastaro, jardunaldi eta biltzar ugaritan parte hartu du, maila konpetentzial eta profesional handia lortzeraino”.
Halaber, lankideek lidergorako gaitasuna azpimarratzen dute, 2014an ebolaren epidemiak eragin zuen erronka profesionalean, Erizaintzako arduradun nagusia izanik, Maila Altuko Isolamendu Unitatea (MAIU) jarri baitzuen martxan Donostia Unibertsitate Ospitalean.
“GIUko langileentzat oso garrantzitsua izan zen Puri izatea, eta ez beste inor, gure liderra, une hartan gure jardun profesionala benetako arriskua baitzen gure osasunerako zein gure senideen osasunerako, eguneroko zainketa lanengatik. Gai izan zen bere langileei lasaitasuna eta segurtasuna helarazteko, psikologo eta adiskide izanik, arduradun bezainbeste”.
Lankideek gaineratu dutenez, saria merezi du, “ez soilik langileen artean zabaltzen duen maitasunagatik, baizik eta eguneroko lan onaren bidez erizaintzaren lanbidea bultzatzeko duen konbikzioagatik”.
Purificacion Tenak, berriz, eskerrak eman dizkio Elkargoari errekonozimendugatik: "ustekabean eta emozio handiz jasotzen dut, ez nuen espero... Batez ere oso eskertuta nago nire lankideekin. Benetan maite ditudalako, ni taldearen parte bat baino ez naiz, haiek gabe ez naiz ezer. Beraiek babesten naute, eta beraiei esker oso talde batua gara”, azpimarratu du.
Purificacion Tenak datorren ostiralean, abenduak 14, jasoko du Ibilbide Profesionalaren 2018ko COEGI Saria, Gipuzkoako erizainek urtero egiten duten Gabonetako afarian.