Zumaiako beste puntista batzuek ere izango dituzte partidak asteburu honetan. Finalak jokatuko dituzte, gainera. Eduardo Agirreren kasua da. Xistera klubak antolatutako Ugarein zirkuituko finala jokatuko du larunbatean, 18:00etatik aurrera, Markina Xemeingo frontoian. Gazte mailako finalean izango da, eta Danel Mendiola markinarrarekin osatuko du bikotea. Aurkariak Lekeitioko Aitzol Galletebeitia eta Miarritzeko Aize Iturralde izango ditu.
Eduardoren anaia gazteak, Gonzalok, eta Julen Cabanillasek ere finala izango dute asteburu honetan. Kasu honetan igandean izango da, 11:15ean Urruñako frontoian. Julen Zamora eta Gorka Mugartegi izango dituzte aurkariak. Urrian hasi ziren txapelketa hau jokatzen, eta Iparraldeko klubez gain, Hegoaldekoek ere parte hartzeko aukera izan dute.