Erkibek antolatutako Gabon abestien lehiaketarako izen ematea zabalik dago

Baleike 2018ko abenduaren 20a

Haurrentzat zuzendutako lehiaketa hau Eusebio Gurrutxaga plazan izango da abenduaren 24an, 18:00etan.

Erkibe kultur elkarteak urtero antolatzen duen haurrentzako Gabon abestien lehiaketan izena emateko aukera dago jada. Horretarako, Zumaiako Batzokian dagoen zerrendan jarri behar da izena abenduaren 24ko 16:00ak baino lehen.

Lehiaketan parte hartzeko gutxienez lau haurrez osatutako taldeak izan behar dira. Ohiturari jarraituz jantzi beharko dira eta Jaiotza eraman beharko dute.  Talde bakoitzak bi Gabon kanta abestuko dituzte; horietako bat antolatzaileek esandakoa, eta bestea, beraiek aukeratutakoa. Antolatzaileek aurtengo ediziorako aukeratu duten kanta Haur eder baten bila da.

Sariak

Abesti mailan lehen postuan gelditzen den taldeak 70 euro lortuko ditu, bigarrenak 40 euro, eta hirugarrenak 30. Saririk gabe gelditzen diren taldeak, baina, ez dira esku hutsik geldituko, eta horiek guztiak 15 euroko ordainsaria jasoko dute.

Jaiotza mailako sariak ere egongo dira. Hala, lehenengoek 40 euro irabaziko dute, bigarrengoek 25 euro, eta hirugarrengoek 20 euro. Kasu honetan ere, saririk gabe gelditu diren taldeek 10 euro jasoko dituzte.

Sariak ematerako garaian talde bakoitzak aukeratzen duen Gabon abestiaren orijinaltasuna kontuan hartuko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide