Patricia Camacho da Uzin Zumaia herri plataformaren alkatetzarako hautagaia

Baleike 2018ko abe. 21a, 13:45

2019ko udal hauteskundeetara begira Uzin Zumaia izeneko herri plataforma sortu da. Herriarentzako “alternatiba, aldaketa eta berrikuntza” izango dela azaldu dute.

Gaur ezagutu da 2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan izango den Uzin Zumaia herri plataforma. “Benetako alternatiba” gisa aurkeztu dute beraien burua, eta plataformaren sorreraren berri emateaz gain, alkatetzarako zerrenda burua nor izango den adierazi dute: Patricia Camacho. “Ilusio askorekin eta gogotsu aurkezten naiz alkatetzara. Konbentzituta nago gauzak beste era batera egin daitezkeela. Herriak aldaketa eskatzen du, eta nire helburua  herritarren beharrak entzutea da”, adierazi du.

Herri plataforma honek herriaren oreka bilatu eta politika egiteko modu berriak landu nahi ditu. “Irekiak gara, eta herriko kolektibo eta norbanako guztiei entzuteko prest gaude. Blokeen politikak, tradizionalki alkatetzan egon diren alderdiek zuzendutakoak, kalte egin diote udalerriari, eta guk hobekuntzak ekarri nahi ditugu adostasunak lortuz”, adierazi dute. Azken udal hauteskundeetan izandako datua ere ekarri dute gogora. Orduan % 30eko abstentzioa egon zen, eta herri plataformaren iritziz, “horrek argi eta garbi erakusten du herritarrak ez daudela pozik Zumaian egiten denarekin”.

Laburbilduz, “herriarentzako alternatiba, aldaketa eta berrikuntza” ekarriko dutela esan dute. “Gure helburu politikoak Zumaian hasi eta bukatzen dira. Ez dugu kanpora begirako beste interesetik. Horregatik, herritarrek beste edozein hauteskundeetan gainerako alderdiei bozka diezaiekete. Uzin Zumaia definitzen duen ezaugarrietako batzuk dira zeharkakoak eta independenteak garela”.

Datozen hilabetetan hauteskunde programa aurkeztuko dute. Bitartean, sare sozialen bidez (Facebook, Twitter, Instagram), edo info@uzinzumaia.com helbidera mezu bat idatzita jarri daiteke beraiekin harremanetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide