Zumaiako 8-10 lagunek 2016an sortu zuten Zumaia Trail Running korrika taldea. Horien helburua mendian korrika egin eta horrekin gozatzea izan da. Orain, herri mailan taldea ezagutu eta kirola sustatze aldera, ideia bat izan dute. “Urte berriarekin batera, mendi irteerak antolatzea pentsatu dugu. Zumaian jende askok egiten du korrika mendian, batez ere, Flysch Traila jaio zenetik. Kontua da ordea, neguan jende gutxik egiten duela, eta gure asmoa kirol hau negu sasoian ere biziberritzea da. Bide batez, jendea korrika egitera animatu nahi dugu, eta bakarrik egiten duenik badago, jakitea gutxienez herrian talde bat dagoela inoiz taldean atera nahi badu ere”, kontatu du Oscar Solasek, taldeko kideetako batek.
Horrela, urteko lehen irteera asteburu honetan bertan egingo dute, urtarrilaren 5ean. Oraingoan larunbatean izango da, igandea jai eguna delako. “Santa Barbaraino joan eta itzuli egingo gara. 17 kilometroko ibilbidea izango da”, azaldu du. Hasiberrientzako aukera ere zabaldu nahi du Zumaia Trail Running taldeak. “Horientzat hileko hirugarren igandetan antolatzea bururatu zaigu. Gehienez ere 8-10 kilometroko ibilbideak egingo ditugu”, jarraitu du.
Mendian korrika egitea sustatzeaz gain, taldearen asmoetako bat da jendeari ibilbide berriak ezagutaraztea. Solasen iritziz askok ohitura dute beti Elorriaga aldera jotzea. “Horretaz gain, beste hainbat ibilbide eder daude Zarautz eta Zestoa aldera, esaterako”.
Izena eman beharrik ez
Larunbatean izango da taldearen lehen irteera irekia, eta Itsas Kiroldegi aurrean gelditu dira goizeko zortzietan. “Jendeak ez du inon izena eman beharrik izango. Hara bertaratuta nahikoa izango da. Hala ere, nahi duenak gure Facebookeko orrialdean joango dela esan dezake”, azaldu du.
Solasek bere aldetik, eta taldearen izenean, azpimarratu nahi izan du ez dutela inongo konpromisorik bilatzen ez parte hartzaileen aldetik, ezta antolatzaile modura ere. “Herritarrek nahi edo ahal dutenean joateko aukera dute, ez zaie betebehar edo konpromisorik eskatuko. Gure aldetik ere konpromisoa izango da irteeraren deialdia egitea eta bertaratzea. Ez gara elkarte edo talde ofizial bat, eta ez dugu ezertara konprometitu nahi. Bide beretik, ez gara inoren irakasleak. Kirol honekin gozatu eta lagun artean ongi pasatzen duen talde bat bakarrik gara. Gure asmoa kirol hau sustatu eta jendea parte hartzera animatzea besterik ez da”.
Mendi irteeren inguruko informazio guztia Zumaia Trail Running Facebook orrialdean emango dute.