XI. Flysch Traila

Flysch Trailek emakumeen parte hartzea sustatzeko ekimena abiatu du

Baleike 2019ko urt. 21a, 16:30

Maratoian parte hartu zuten emakumezko zumaiarrak, iaz, lasterketaren ondoren. (Argazkia: Flysch Trail)

Genero berdintasuna bultzatzeko ahalegin berezia egingo du aurten Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak. Entrenamenduak emakumezkoei, zein gizonezkoei zuzenduta daude, eta parte hartzen duten emakumeek dortsala izango dute ziurtatuta lasterketarako. 

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa duela hamar urte lehen aldiz korritu zenetik nabarmen egin du gora emakumeen parte hartzeak baina, antolatzaileen iritziz, oraindik ez da nahikoa. "2009an %9a ziren emakumeak, eta iaz %29a izan ziren. Aurrerapauso handiak egin dira, baina gure alea jarri nahi dugu emakumeei kirola egiten lagundu eta kopuru horiek hobetzeko", azaldu du Flysch Trail elkarteko kide Bosco Garitanok. Horretarako, ekimen berritzaile bat jarri dute martxan, Zumaia Trail Running (ZTR) taldearekin elkarlanean. Sei entrenamendu saio antolatu dituzte, otsailean hasita. Entrenamenduak doan dira, irekiak, eta helburua da emakumeei prestaketarekin laguntzea.

ZTR taldeko korrikalari Oscar Solas eta Ruben Celada arduratuko dira entrenamendu saioez. Talde bat antolatuko dute maratoi erdirako eta bestea maratoirako. "Inor ez dadila mailagatik kezkatu. Badakigu maila ezberdineko jendea etorriko dela, eta erritmoak egokitu egingo ditugu bakoitzaren gaitasunaren arabera. Batzuk aurrerago joango dira, beste batzuk atzerago, baina inor ez da bakarrik geldituko", dio Solasek. Entrenamenduetarako Zumaia inguruko hainbat ibilbide prestatu dituzte. "Askotan jendeak pare bat ibilbide baino ez ditu ezagutzen eta pena da, Zumaian, ordubeteko saioak egiteko, ibilbide aukera handia daukagulako", azaldu du Celadak. Gainera, entrenamendutik entrenamendura prestaketarekin segitzeko eta elikadura zaintzeko aholkuak emango dituzte.

Otsailaren 3an eta 17an, martxoaren 10ean eta apirilaren 7an izango da lehen lau entrenamendu saioak –maiatzaren 12an eta ekainaren 2an egingo dira azken biak–. Lehen lau saio horietako hirutan parte hartzen duten emakumeek saria izango dute: aurtengo Flysch Trailean dortsala ziurtatuta izango dute. "Gure helburua da aurten korrikalarien %35 emakumeak izatea. Hori lortzeko denon bultzada behar da eta guk pentsatu dugu merezi duela antolaketa taldetik halako erabakia hartzea. ZTRri esker, entrenamendu egokiak egiten lagunduko diegu eta horrek saria izango du", azaldu du Garitanok. "Bestela, ez badugu ezer egiten, izen-ematea zabaltzean normalena da gizonezko gehiagok lortzea dortsala, gehiago direlako, eta dortsalak segituan agortzen direlako. Gizartean dagoen desoreka horren aurrean hartutako erabakia da".

Entrenamenduetan parte hartzeko ez dago aldez aurretik izena eman beharrik. Nahikoa da otsailaren 3an lehen entrenamendu saiora agertzea, Zumaiako kiroldegira, 8:00etan.

Elkartasun proiektua
Ez da horretara mugatzen aurten lasterketan genero berdintasunari eskaini nahi dion tartea. "Berdintasuna, lehentasuna" izango da lasterketaren leloa, eta beste zenbait ekimen jarri dituzte martxan. Pakistango Sarabastal proiektuarekin elkarlana hasi du Flysch Trailak, hango neskei ikasketekin laguntzeko. Karakorum inguruan bizi diren neskei laguntzeko ekimena dute Juanjo San Sebastianek eta Sebastian Alvarok, batik bat osasun eta heziketa arloetan. Proiektu honi esker, 500 beka inguru bideratzen dira, neskek bospasei urteko ikasketak egin eta handik unibertsitatera joan daitezen. Horietako sei beka hartuko ditu bere gain Flysch Trailek. Sei beka horiek Flysch Trailen parte hartuko duten emakumeen artean zozkatuko dira, aurrerantzean beraiek izango direlarik neska horien amabitxiak. Bekaren gastuak lasterketan hartuko ditu bere gain, eta amabitxiek neska horiekin hartu-emana izateko aukera izango dute, haien errealitatea ezagutzeko.

Gainera, Sarabastal ekimeneko hiru neska etorriko dira Zumaiara ekainean, hango bizimoduaren eta ekimenaren berri ematera. Bi aste egingo dituzte Zumaian, eta eskoletan hitzaldiak emateaz gain, Sebastian Alvarorekin grabatutako bideo bat ere aurkeztuko dute ekainaren 21ean. Izan ere, hiru neska hauek eskaladako proiektu batean murgildu dira, iaz 6.000 metroko mendi bat igo zuten, aurten 7.000koa igotzea dute helburu eta 2020an 8.000 milakoa.

Martxa nordikoa
Ez dira hor amaitzen aurtengo berrikuntzak. Martxa nordikoko proba bat ere antolatuko dute, mendiko lasterketaren bezperan. "Larunbat goizean egingo dugu, ekainaren 22an, eta 10-12 kilometroko ibilbidea izango du, herrian bertan, ordekan izan dadin", azaldu du Bosco Garitanok. Gero eta jende gehiagok praktikatzen du martxa nordikoa, besteak beste, osasunarentzat dauzkak onurengatik. Alde horri ere heldu nahi izan diote antolatzaileek. Flysch Trailaren aste horretan, ekainaren 19an, hitzaldia emango du gaian aditu den Cristina Gonzalez Castro onkologoak. Martxa nordikoak dauzkan onurak aipatuko ditu, bereziki emakumeei begira.

Entrenamenduak 

  Eguna Ordua Irteera lekua Distantzia Denbora Desnibela Ibilbidea
Maratoi erdia

Otsailak 3

Otsailak 17

Martxoak 10

Apirilak 7

Maiatzak 12

Ekainak 2

8:00

8:30

8:00

8:00

8:00

8:00

Lubaki kiroldegia

Errotaberri

Itsas kiroldegia

San Telmo ermita

Amaia plaza

Itzurungo hondartza

8-9 kilometro

10-12 kilometro

15-16 kilometro

16-17 kilometro

19-20 kilometro

19-20 kilometro

1 h - 1 h 15 min

2 h - 2 h 30 min

1 h 45 min - 2 h

2 h - 2 h 30 min

2 h 30 min - 3 h

2 h 30 min - 3 h

300 m +

500 m +

550 m +

600 m +

700 m +

800 m +

Flysch

Andutz

Santa Barbara

Errotaberri

Itxaspe

Mendata tontorra

Maratoia

Otsailak 3

Otsailak 17

Martxoak 10

Apirilak 7

Maiatzak 12

Ekainak 2

8:00

8:30

8:00

8:00

8:00

8:00

Lubaki kiroldegia

Errotaberri

Itsas kiroldegia

San Telmo ermita

Amaia plaza

Itzurungo hondartza

16-17 kilometro

17-19 kilometro

22-23 kilometro

23-24 kilometro

25-26 kilometro

26-28 kilometro

2 h - 2 h 30 min

2 h 30 min - 3 h

3 h - 3 h 15 min

3 h - 3 h 45 min

2 h 45 min - 3 h 15 min

4 h - 4 h 15 min

600 m +

800 m + 

800 m +

1200 m +

1000 m +

1200 m +

Flysch

Andutz + Salsamendi

Endoia

Andutz

Indamendi

Itxaspe

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide