Erretratua

Argi gorria piztu baino lehen. Irrati esatari baten lanak

Maialen Odriozola 2018ko mai. 31a, 10:53

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Madrilen bizi da Maria Fernandez Sayavera (Zumaia, 1988), Espainiako Irrati Telebistarentzat (RTVE) lanean. Goizean goiz enpresak jarritako garraioan egiten du lanerako bidea. Iritsi, eta bi izan ohi dira ordenagailuaren aurrean egiten dituen lanak: batetik, kaskoak topera jarrita programan erabiliko dituen musika, datu eta esaldi bitxiak aukeratzea; bestetik, erreportajeak prestatzea; horretarako, gai bat aukeratu, horren inguruan hitz egiteko pertsona egokia bilatu, elkarrizketa egin eta bost minutuko pieza osatzen du. Behin lan horiek eginda, estudioan sartu, mikrofono aurrean eseri eta argi gorria piztean, antenara. Irrati esataria da Fernandez, eta Radio 3en egiten du lan.

“Eres lo que escuchas” da Radio 3en leloa. “Entzuten duzuna zara”. Hala, entzulearen belarrian jartzea da Fernandezen premisa nagusia. “Irratia egunero zurekin doan zerbait da, lagun ikusezin bat ia-ia. Beti daukazu alboan, eta, agian, ez diozu egunero arreta bera eskaintzen, baina egunero kontu berdinarekin badatorkizu, azkenean itzali egingo duzu. Beste lagun bat bilatuko duzu”.

Horregatik, saioa prestatzen ari den bakoitzean, beste aldean dagoen lagun ikusezina imajinatzen du: “Ez du izen, abizen edo aurpegi zehatzik, baina beti pertsona berdina irudikatzen dut”. Horrela, egunero, esaldi, datu, gai, edo abesti desberdin bat eskaintzen dio, egunero harritu dadin, inoiz aspertu ez dadin.

Antena jarrita

Gizartean eta kultur eremuan ematen diren berrikuntzei begira, antena jarrita egon ohi da Fernandez. Beti azkenengo joeren atzetik ibiltzen da, esataria, eta horren arabera hautatzen sartzen ditu musika garaikidea, teknologia, feminismoa edota ikus-entzunezko edukiak.

Edukien aldetik soilik ez, formatuen aldetik ere eraldatzailea da Fernandezen jarduna. Irratia ikus-entzunezkoekin uztartzearen aldeko apustua egin dute Radio 3en eta horietako proiektu berritzaile batean lanean dabil buru-belarri Fernandez. Hori horrela, berak aurkeztu eta zuzentzen duen “H3O” programan emakumezko sortzaileei egiten dizkieten elkarrizketak, irratiz ez ezik, irudiekin ere kontsumitu ditzakegu sarean. Formatuak formatu, ordea, helburu bakar bat du buruan Fernandezek, programa egiten duenean: emakumezko gazte sortzaileen ideiak itzalean gera ez daitezela, edo beste modu batera esanda, beraien boterea argitara ateratzea.

“H3O” programan ez ezik, Siglo 21 deiturikoan ere entzungo dute entzuleek Fernandez, gizarte garaikidean ematen diren joera ezberdinen inguruan hizketan. Horrez gain, “Hoy empieza todo” izeneko programan, “Cafe y TV“ izeneko atala aurkezten du, telesailen inguruko kritika eta gomendioak eginez.

Agerikoa denez, askotariko gaiak lantzen ditu kazetariak bere egunerokoan. Horietatik, badira bereziki gustuko dituen esparruak. Teknologiaren alorrean, bere jakin-mina pizten duen gai bat, esaterako, adimen artifiziala da. Alor horrek bide luzea duela uste du aurretik, eta entzulearekin batera esploratu nahi du. Feminismoa izan da bere ibilbidearen hasieratik interesatu zaion gaietako bat. “Berdintasuna lortzea eta aldarrikatzea izugarri garrantzitsua iruditzen zait, baita kazetaritza arloan ere”. Horrela, bada, irratian lanean daramatzan lau urteetan feminismoren inguruko arlo askori buruz hitz egiteko aukera izan du: feminismoa sare sozialetan, kultura popularrean (musika, telebista, zinema), ekonomian, ekologian, etab.

Ametsak eta beste

Gai askotan sakontzeko aukera eta momentu gogoangarri ugari asko eman dizkio, beraz, bere lanak Fernandezi. Une berezietatik, iaz bizitako bat nabarmentzen du. Picassoren Gernikaren 80. urteurrena zela-eta kontzertu saila antolatu zuen Radio 3ek Madrileko Reina Sofía Museoan. Museoa itxita eta jende gutxiz inguratuta, historiaz betetako artelanaren parean kontzertu bat ikusten egoteagatik pribilegio baten moduan sentitu zuen bere ofizioa.

Dena ez da izango ona, ordea. Ofizio bakoitzak baditu bere amesgaiztoak, eta, noski, esatariarena ez da salbuespena. Fernandezek horrela kontatzen du berea: “Behin, programa hasteko 10 minutu falta zirela nik aurkezteko deitzen zidatela amestu nuen. Ez nuen izango prestatzeko denborarik eta gainera Zumaian nengoen. Oso estresagarria izan zen. Hori benetan amestu nuen, baina egia da, errespetua ematen didala ezer prestatu gabe estudioan sartzea. Barregarri geratzeko beldur naiz”.

Hura amesgaiztoa zen, zorionez. Baina errealitatean ere pasa izan du estutasunik. Inoiz zuzenean sartzeko zain dagoela hasi izan da barrez, hitz egitea tokatzen zaionerako gelditzerik izango duen jakin gabe. Hala ere, amesgaizto handi-handiena hauxe litzatekeela dio, barrez: hitz egiten ari dela doministiku egitea.

Ez dira betiko garai onenak

Ametsetan ez ezik, esna ere baditu ofizioaren ingurukok kezkak; prekarietatea eta objetibotasun eza, adibidez, kazetaritzaren egungo egoerari ikusten dizkion itzal ilunenak. “Kazetaritzak ez du bere garai onena bizi, ez, behintzat, alokairua eta fakturak ordaintzeko”, dio. Azken urteetan lan baldintzek izugarrizko beheraka izan dutela dio, eta gaur egun prekarietatea kazetaritzari guztiz lotutako kontzeptua dela. 

Urteen joanean, ordea, langileen egoera ez da okerrera egin duen bakarra. Izan ere, edukien kalitateak ere sortzen dizkio kezkak. Iraultza digitalaren urteak bizi izan ditu Fernandezek, “Nik ez dut nire lana gogoratzen Twitterrik gabe”, azpimarratu du. Horregatik, edukiak zabaltzeko orduan sare sozialek duten garrantzia nabarmendut du. Dena den, ahalik eta klik gehien lortzea besterik bilatzen ez duten titularrak egitearen tranpan ez erortzeko, ezinbestekotzat jotzen du objektibotasuna lehenestea.

Ohikotik atera eta gai berritzaileak topatzea gustuko duen entzule zorrotza bazara, ostiraletan, irratia piztu, Radio 3 sintonizatu eta “ya es viernes” aldarriarekin bat, “Maria Taosa“ entzungo duzu, bakoitzean, irratiaren beste aldean dagoenaren belarrian jarri, eta zerbait desberdina eskaintzeko prest. “Egunero apur bat hobea izatea zure lanarekin pozik sentitzea da; zure lana ondo egin duzula sinestea eta entzuleei zerbait berria erakutsi diezula pentsatzea”.

  • Izen-abizenak: María Fernández Sayavera
  • Adina: 29
  • Ikasketak: Kazetaritzan lizentziaduna eta Irratian Masterra
  • Lanbidea: Kazetaria
  • Kazetaria ez banintz… komunikazioarekin zerikusia duen zerbaitetan ariko nintzateke lanean.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… lagunekin elkartzea eta ibiltzea, Madriletik pasian ibiltzea edo kontzerturen bat ikustera joatea, adibidez.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide