Erretratua

Mundurako etorreran babesle eta bidelagun. Emagin baten lanak

Maialen Odriozola 2018ko eka. 30a, 11:14

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Bada Donostiako ospitalean askok bisitatu dugun solairu bat. Laugarrena. Sabeletik mundura igaro eta lehen orduak pasa ditugulako. Bertan ibiltzen da Igone Sesma, gela batetik bestera, erditu berri diren haurrak eta amak artatzen; haiei eta bikoteei ongietorria errazten. Emagina da Sesma, eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean egiten du lan. Bere egunerokoa kontatzeaz gain, erditzeak garai ezberdinetan bizi izan duen bilakaeraz hitz egin dio Baleikeri.

Osasunari lotuta dauden beste ofizio guztiak bezala, aldatzen joan da historian zehar emaginaren lanbidea, bai ezagutzari, baita praktikari dagokienez ere. Garrantzitsua iruditzen zaio Sesmari errepaso labur bat egitea, abiapuntua zein den ezagutu, bidean zer pasatu den ikusi eta gaur egungo norabidearen zergatia ulertzeko. Hala, antzinako zibilizazioetatik hasi du bere kontakizuna, Egipto zaharrean emaginak bazeudela kontatuz. Erromatarren garaira egin du salto ondoren; izan ere, latinetik dator obstetrizia kontzeptuaren jatorria obstare hitzetik, Sesmak azaldu duenez, “zain dagoena, alboan, parean”. Antzinatetik, askotariko rol eta prestigio mailak izan ditu emaginaren ofizioak kultura eta garai ezberdinetan: formalak, batzuetan; informalagoak, besteetan.

Eredu batetik bestera

Ofizioaren bilakaera historikoan aldaketa esanguratsu bat XVII. mendearen eta XVIII. mendearen artean kokatu du Sesmak, garai hartan hasi baitziren sendagileak erditzeetan protagonismo handiagoa hartzen. Espainiar Estatuan Luisa Gabriela de Saboya erreginaren erditzearekin hasi zen prozesu hori, zirujau batek parte hartu zuelako bertan. Horrekin batera, beste aldaketa esanguratsu bat gertatu zela azaldu du Sesmak, hortik aurrera erditzeak gidatzen zituztenak gizonak izaten hasi zirelako eta emaginek belaunaldiz belaunaldi pilatutako ezagutza bazterrean utzi zelako. Hala, XVIII. mendeak medikuntza ofizialaren eta emagin figuraren arteko gatazkak ekarri zituen. Sesmak kontatzen duenez, Kritikak entzun behar izan zituzten orduan emaginek “teknika zientifikorik ez izatea” edota “higiene baldintza eskasak” edukitzea leporatzen zieten.

Erditzeak ospitalean egiten hasi ziren geroago, ama eta jaio berria hobeto kontrolatzeko. Urteen joanean, ordea, erditze guztien erabateko medikalizaziorantz egin dela azaldu du Sesmak, baita arrisku txikiko haurdunaldien kasuan ere. Sesmak nabarmentzen duenez, horrek, konplikaziorik gabeko erditzeetan, beharrezkoak ez diren esku hartzeak eragin ditu. Hala, eredu horrek hainbat ondorio negatibo ere azaleratu ditu, zesareen ehunekoen gehiegizko hazkundea edota erditze instrumentalen areagotzea, adibidez.

Testuinguru horretan kokatzen du Sesmak postura aldaketa ere. Kukubilko erditzen zen lehen, kokzixaren forma eta grabitatea baliatzeko. Litotomia deituriko posiziora aldatu zen gero. Sesmak azaldu du egokiagoa dela artatzen ari den profesionalak hobeto ikus dezan, baina emakumeak otzantzen dituela beste baten eskuetan uzten direlako eta hark esaten dielako noiz bultza, zer erritmo jarraitu, etab.

Izan ere, Sesmak uste du erditze oso medikalizatuetan amek protagonismo txikia dutela. Horregatik, uste du emakumeak kontrola eta protagonismoa berreskuratu behar dituela, bere burua ahaldundu eta beldurrak uxatzeko. “Beldurtzen zarenean zure buruarengan konfiantza galtzen duzu. Zure indarra galtzen duzu, zure intuizioa…”, azpimarratu du Sesmak. Amen protagonismoa txikitu eta konfiantza gutxitu duten arrazoi gisa identifikatu ditu, baita ere, haurrak jaioberritan amengandiik banatu izana edota erditze gelan konfiantzazko pertsona baten laguntzarik gabe sartu izana.

Ikuspuntua egokitu

Osasunerako Mundu Erakundeak ere egin du gaiaren inguruan gogoeta. Hausnarketa horrek medikuntzak erditzeen gainean duen ikuspuntua aldatzea ekarri du, eta haren gomendioak hartu ditu ikurtzat Sesmak: “erditze natural, normal eta gizatiarrak bultzatzen saiatu behar dugu”. Horregatik, aurrera egiteko atzera ere begiratu behar dela uste du, emakumearen memoria historikoa berreskuratzeko.

Eredu gizatiarragoren bat azaltzeko, Ingalaterra hartu du hizpide Sesmak, han egon baita zenbait urtez lanean. Ingalaterran emaginek oso rol indartsua dute. “Han, paziente bat emaginarengana joaten den momentutik dena normal badoa, ez da kasu patologikotzat hartzen, eta ahalik eta naturalena mantentzea da irizpidea”, azaldu du. Segimendua egiten da, ziurtatzeko dena ondo doala, baina kontzeptua ez da bera: “haurdunaldia ez da gaixotasun bat, ez zaude gaixo, zerbait naturala da” esaten zaio haurdunari. Horrekin emakumeak ahaldundu egiten direla nabarmendu du. Hain zuzen ere, arrisku gutxiko haurdunaldia bada, Ingalaterran emaginak eramaten du prozesu osoa: haurdunaldia, erditzea eta erditu ondorengoa. Konplikazioak identifikatzen badira, ginekologoak gidatuko du taldea.

Izan ere, Sesmak argi utzi nahi izan du erditzeak badituela bere arriskuak. Horregatik, informatuta egotearen garrantzia nabarmendu du, erabakiak ondo eta garaiz hartu ahal izateko. Dena den, prozesua normalitatearen barruan baldin badago, erditzen ari den emakumearen erritmo fisiologikoak eta denborak errespetatu behar direla azpimarratu du, “kontuz ibili behar da beti, baina jakin behar da ondo doanean ahalik eta esku hartze txikiena izaten”.

Eredu natural, normal eta gizatiar baterantz

Eredua hobetzeko, erditzeak normalizatzea eta gizatiarragoak egitea dira gakoak Sesmarentzat, eta zentzu horretan, aurrerapausoak ematen ari direla dio. Adibide gisa jarri du zesareen ratioa jaistea. Ildo beretik, metodo alternatiboak sustatzen ari direla ere azaldu du, eta Donostiako Unibertsitate Ospitalean jarritako bainuontzia aipatu du horren erakusle. Postura ezberdinen inguruan, berriz, nabarmendu du profesionalak orain proaktiboagoak direla. Horrez gain, Sesmak garrantzizkotzat jo du amaren eta jaioberriaren artean azal bidezko kontaktua lehenestea, baita ospitaleko ama eta haurren eraikinean emaginen figurak presentzia handiagoa izatea ere.

Emakumearentzat giro lagunkoiagoa lortzeko bidean, bestalde, balio handia eman dio erditze gelan konfiantzazko pertsona bat sartu ahal izateari. Emakumea prestatzeko, berriz, erditze aurretik eta ondoren ematen diren klaseak hartu ditu hizpide; izan ere, ohartarazi du erditzea maratoi bat bezalakoa dela, eta ondo entrenatzea komeni dela horretarako.

Dena den, Sesmak azpimarratu nahi izan du gauza bat dela norberak erditzea nolakoa irudikatu duen eta beste gauza bat praktikan nola gauzatzen den. “Beti ez da ateratzen nahi bezala, baina inportantea da ez frustratzea”. Kasu horietan, uste du inportanteena arreta ona edukitzea dela, emakumeak momentu oro informatua izan dela sentitzea eta gertatu dena ulertzea. Horrez gain, aholkatu du esperientzia modu ahalik eta positiboenean barneratzea, “saiatu gara baina ezin izan da” pentsatzea.

Protagonisten babesle

Haurra izan eta ordu gutxira pasatzen da gelatik Sesma. Edoskitzen laguntzen du. Izan ere, uste du garrantzitsua dela hasieratik bularra ematea, eta horren inguruko aholkuak ematea. “Edoskitzearekin ere egon da borroka, garai batean alboratzen joan zen, baina dauzkan onurengatik orain berriro bultzatzen ari gara”. Dena den, edozein arrazoi dela tarteko, amaren erabakia bularra ez ematea bada, erabaki hori errespetatu eta babestu egin behar dela nabarmendu du Sesmak.

Izan ere, Sesmak gogora ekarri du emakumeek gero eta informazio gehiago dutela, eta parte aktibo izan nahi dutela beren haurdunaldian, erditzean eta erditze ondokoan. Aldaketa garaia bizi dugu, beraz, medikuntzaren aurrerapen guztiak baliatuta eta diziplina ezberdinetako profesionalekin elkarlanean, amei protagonismoa itzuli eta ahal denean erditze natural, normal eta gizatiarrak sustatzeko.

  • Izen-abizenak: Igone Sesma
  • Adina: 29
  • Ikasketak: Obstetrizian eta Ginekologian espezializaturiko Erizaintza. Horrez gain, nazioarteko ikasketak egin ditut, eta masterra, Nazioarteko Merkataritzan.
  • Lanbidea: Emagina
  • Emagina ez banintz… nazioartearekin lotura duen lanbide batean aritzea gustatuko litzaidake.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… kirola egitea, musika entzutea eta, noski, sozializatzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide