21 urte zituenean SED (edo Elhers-Danlos) izeneko sindromea diagnostikatu zioten Maffassantiri, eta orduan hasten da, hain zuzen ere, ofizio honen erretratua. Ehunei eragiten dien patologia onbera da, Maffassantik azaldu duenez, baina egunerokoan eragina duena. Hala, denbora behar izan zuela aitortu du “bizimodu normala” ezin izango zuela eraman onartzeko. Minak bere bizitzaren parte izango zirela ulertu zuenean, modu inkontzientean, bere gorputza ulertzen eta bere egoera zerk hobetu zezakeen ikasten hasi zen.
Medikuek ariketa fisikoa egitea gomendatu zioten. Sindrome hau duten pertsonek ohikoa baino malgutasun handiagoa daukatenez, inpaktu handiko kirolak, korrika egitea edota pisua hartzea, adibidez, ez zaie komeni; bai, ordea, yoga, akrobaziak eta antzeko jarduerak. Inoiz ez luke pentsatuko zenbat aldatuko zuen horrek. Ordutik akrobaziak eta yoga bi zutabe izan dira Maffassantirentzat. Osasuntsuago egoten lagundu diote; are gehiago: bere ofizioaren parte ere bihurtu dira.
Lagun batek telak probatzera animatu zuenean zabaldu zitzaion Maffassantiri akrobazien mundua. Geroztik, akrobazia piezak, ikuskizunak eta tailerrak egin izan ditu. Burua beti sortzen, ez da arraroa hiru ideia batera lantzen aritzea: “memoria bisuala daukat eta Arte Ederrak ikasi nuen; agian, horregatik, fotogramaz fotograma muntatzen ditut proiektu nire irudimenean”. Gauzak horrela, ideia bat bururatzen zaionean, musika pentsatzen du, objektuak aukeratu (aroa, trapezioa, telak...), ariketak asmatu eta jantziak zehazten ditu. Elementu guztiek osotasun bat irudikatu behar dutela dio. Gero, entseguen txanda dator: orduak eta orduak sartzeko garaia.
Akrobaten jarduna, ordea, fisikoki oso exigentea da, eta Maffassantik bere sindromearen eraginez uste baino ondorio gutxiago jasan arren, ezin die akrobaten emanaldi denboraldiei edota akrobazia klase kopuru handiei aurre egin, lesioak izaten dituelako. Lesio horiek, gainera, luzera begira bere gorputza kaltetuko luketelakoan dago. “Oreka baten bila aritu naiz, nire entrenamendu, klase eta sormen prozesuekin jarraitu, baina akrobazia ikuskizunak eta klase kopuruak gutxitzeko”.
Horregatik, akrobazien esparrua yogaren munduarekin bateratzea erabaki zuen 2014an, Aire Zentroa zabaldu zuenean. Lehendik modu pertsonalean praktikatzen zuen yoga, baina orduan ekin zion modu profesionalean irakaskuntzari. Klaseak ematea beretzat ere irakaspen berezia izan zela dio, besteen gorputzak sentitu eta ulertzeko gai izatera iristeko. Gaur egun, helduei zein haurrei ematen dizkie klaseak. Helduen kasuan, yoga terapeutikoa ere eskaintzen du, arazoren bat dutenei bideratuta. Haurdun dauden emakumeentzat ere badu zerbitzu berezitua, erditze aurreko eta ondorengo yoga klaseak eskainiz. Horrez gain, haur zein helduentzat aireko yoga klaseak ere ematen ditu.
Edozein delarik aukeratutako modalitatea, guztietan, ongizate integralaren kontzeptuari garrantzi handia ematen dio Maffassantik. Yogaren lehen premisa entzuketa propioa dela dio, “norbere gorputzaren inguruan kontziente izatea”. Disoziazio gisa deskribatzen du gorputzekin egun dugun harremana: “polita jartzen dugu, ile-apaindegira joaten gara, baina ez dugu arretarik jartzen nola zapaltzen dugun edota nola arnasten dugun”. Hala, yogaren abantaila nagusi moduan hauxe deskribatzen du: esterilla gainean ikasi eta sentitzen dena norberak bere egunerokoan aplika dezakeela. “Nire intentzioa ez da inor Buda izatera iristea. Emozioz betetzen nauena da nire ikasleek yogako klaseetan ikasi dutena beren eguneroko bizimodua hobetzeko erabiltzea”, azaldu du.
Ildo horretatik, Maffassantiren yoga irakaskuntzan pisu handia dauka bereziki arreta jartzeak nola tratatzen dituen norberak bere burua eta ingurua; “Ahimsa” edo ez-biolentziaren printzipioarekin lotzen du: sentitzen dena entzun eta horrekin atseginak izatea. Oro har, ordea, uste du ez dela horretarako behar beste denbora hartzen. Presaka bizi den gizartean, eginbeharrez itota, ez dagoela ongi ikusita denbora galtzea dio, baina berak ezinbestekotzat jotzen du: “Egunerokoa gauzez betetzen dugu eta geure buruari ez diogu begiratzen. Horregatik, gelditzeak argitasuna ematen digu. Geure buruari erreparatzeak, gainera, ondokoari begiratzen ere laguntzen digu, enpatia izaten”.
Izan ere, Maffassantiren iritziz, yogak inguruarekin dugun loturan ere arakatzen du. Ildo horretatik, yogaren batasunaren ideia du hizpide, eta batasun horrek unibertsoarekin lotura esan nahi duela dio, inguratzen gaituenarekin eta norbere buruarekin. “Horrela pentsatzeak berekin dakar, gainera, ohartzea zeinen txikiak garen, puntutxo bat besterik ez. Eta horrela ikusita, noski, gure arazoak ere ez dira aurrez uste bezain handiak”.
Barrura begirako bidaia bat
Bere lanak aurkakotasun propioei aurre egiten lagundu diela uste du Maffassantik. “Eraldaketa eta onarpen prozesu bat bizi izan dut, nire gorputzarekin adiskidetu eta berriz baloratzeko bere muga, min eta ertz guztiekin”. Era berean, aitortzen du bere esperientziak lagundu egiten diola ikasle bakoitzak dauzkan kargak ikusten.
Akrobazia eta yoga ezin ditu banatu Maffassantik bere baitan. Akrobata moduan bere lanbideak osasuntsu egoten eta bere burua adierazten laguntzen diola azaldu du; yogak, berriz, mundua ulertu eta sentitzeko baliabideak eskaintzen dizkiola. “Nire mundua orain esperientzia eta irakaspen hauek partekatzea da. Ondo egotea posible dela aldarrikatu nahi dut, guztiok merezi dugulako ondo egotea”.
- Izen-abizenak: Virginia Inés Maffassanti.
- Adina: 35.
- Ikasketak: Arte Ederretan Lizentziatura eta Pedagogia eta Gizarte Hezkuntza ikasketak (amaitu gabe).
- Lanbidearekin lotutako formazioa: aireko akrobaziak trapezioan, telak eta aroa, aireko trapezioa; yoga; aireko yoga; yoga terapeutikoa; erditze aurreko eta ondorengo yoga.
- Akrobata eta irakaslea ez banintz… hezitzailea izango nintzateke, Argentinan hala nintzen… edo ilustratzailea, artista plastikoa… Zuzenbidea ere oso gustuko dut. Dena den, praktika, ikaskuntza eta sormenik gabe ez dut irudikatzen nire bizitza
- Lanetik ateratzean gogoko dut… marraztea, musika entzutea, irakurtzea, telesailak eta pelikulak ikustea, lagunekin hitz egitea, surfa egitea, entrenatzea, etxean egotea, nire lagunarekin gozatzea, yoga egitea, sortzea...