“Maila teorikoan ikuspegi interesgarriak ezagutzen nituen, baina ikuspegi horiek praktikan nola aplikatu?”. Galdera horrek sortu zion ikertzeko grina Aroa Murciano doktoregaiari. Eta, orain ere, bere tesia amaitzear dela, bere lanak helburu hori lortzen ekarpena egitea nahiko luke: teoriaren eta praktikaren arteko aldea txikitzen.
Irakasleentzat formazio metodologia berriak aztertzen dabil Murciano bere tesian. Teoria eta praktika uztartzeko bide horretan, luzaroan egin izan dena aldatzen ari dira: “Orain arte kanpotik zetozen adituek esaten zieten irakasleei gauzak nola egin, errezeta batzuk ematen zizkieten, nolabait. Ikuspegi horri buelta eman nahi diogu guk. Horretarako, irakaslea bera jartzen dugu bere jardunaren inguruan hausnartzen”.
Hala, autobehaketa izeneko tresna bat irakasleen formaziorako baliagarria ote den ikertzen ari da Murciano. Tresna honekin, irakasleek beraien burua grabatzen dute eta beraien jarduna ikuskatzen dute ondoren. Grabazioan ikus ditzakete beraien estrategiak, kezkak, dilemak, etab. Bere ikergaiaren bigarren ardatza, berriz, prozesu horrek hizkuntzaren ikaskuntzan nola eragiten duen eta ikasleen iritzi kritikoa garatzen laguntzen ote duen aztertzea da.
Irakasle ikasketak egiten ari zela heldu zion ikerketaren harrak Murcianori. Azaldu digunez, bere buruan sortzen ziren galderei azalpen bat bilatu nahi zien. Horregatik, Psikopedagogia ikasteari ekin zion. Ikasteko irrikarekin jarraitu zuen, ordea, eta galdera berriak sortzen zitzaizkion. Horri esker, erabat murgildu zen ikerketa arloan, masterra egin eta doktoretza abiatuta. “Nik unibertsitatean hasi aurretik ez nuen inola ere neure burua ikerketan irudikatzen”. Fakultatean bertan sortutako interes, emozio, kuriositateak bideratu zutela uste du mundu horretara. Murcianoren tesi zuzendariaren eta unibertsitatearen interesek bat egin zuten orduan, eta doktore tesia egiteari ekin zion.
Lanbide bat baino gehiago
Ikertzailearena lanbide bat dela dio, baina hori baino gehiago ere badela azpimarratu du. “Ikerketa lana bokaziozkoa da erabat. Zure proiektua da, zuk eraikitzen duzu eta eremu jakin batean beste inork jorratu ez dituen bideak arakatu behar dituzu”. Ildo horretatik, oso garrantzizkotzat jotzen du ikergaia norberarentzat esanguratsua izatea: “Horri lotuta, benetan interesa pizten dizun gai bat izan behar da zure ikergaia; izan ere, hainbat urte pasa behar dituzu horri bueltak ematen. Gaia dilema handia izan behar da zuretzat.”
Murcianoren arabera, bera aztertzen ari den eremua gehienbat eremu frankofonoan landu da, baina Espainiako Estatuan zein Euskal Herrian lan gutxi daude horren inguruan. “Azken batean, ikertzaileen egitekoa bide berriak zabaltzea da. Zentzu figuratiboenean geure burua baso batean irudikatzea gustatzen zait, sasiak baztertzen bide berriak zabaldu eta aurrera egiteko”.
Proiektua hasi eta amaitu arte, hainbat urte eta fase pasatzen ditu doktoregaiak. Dokumentazioa eta marko teorikoa eraiki, zenbait irakasleren esperientziak jaso eta transkribatu, emaitzak eskuan dituela aurreikusitako hipotesiak bete ote diren aztertu eta, horren ondoren, ikuspegi propioa eraikitzen joan. Azken-azken fasean dago Murciano orain, testuari amaietarako orrazkera ematen ari denez, hilabete batzuen buruan tesia entregatzeko.
Prozesu horretan, ikertzailearen lana denbora kudeatzen jakin behar duen inurri diziplinatu batetik gertu dagoela uste du Murcianok. Zentzu batean, bakartia ere izan daitekeela pentsatzen du, azken batean, norberak eraiki behar duelako bere proiektua. Baina era berean, ikertzaileak beraien tesi-zuzendariengandik edo iker-taldeengandik oso babestuta daudela uste du.
Izan ere, emozio askoko prozesu gisa deskribatzen du doktorego ikasketa: “Batzuetan, pozez gainezka sentitzen zara oso puntu interesgarriak identifikatu dituzulako. Beste batzuetan, ordea, galduago sentitzen zara. Adibidez, zerbaiti zentzua bilatzen ez diozunean edo galderaren bati erantzuna ematea kostatzen zaizunean….”. Horri lotuta, bere lanaren alderdirik onena zenbaitetan alderdirik txarrena ere bihur daitekeela nabarmendu du: “Dinamismo handia duen lana da, etengabe transformazioan murgilduta zaude, moldatzen, irakurtzen, ikasten..., baina hori bera zenbaitetan neketsua ere izan daiteke”. Horregatik guztiagatik, planifikazioa garrantzitsua dela uste du, baina horrekin batera erresilientzia ere ezinbestekotzat jotzen du, egoerei egokitu eta aurrera egiteko gaitasuna izatea.
Ikerkuntza gizarteratuz
Murcianorentzat garrantzi handia du ikerketa lana ezagutarazteak. Maila akademikoan, uste du kongresu eta artikuluei esker gainerako ikertzaileekin eztabaidatzea balio handikoa dela. Era berean, ezinbestekotzat jo du lana sozializatzea ere. Horretarako, lan dibulgatiboa egin behar dela pentsatzen du, adibidez, bere kasuan, irakasleek kontsumitzen dituzten hedabideak baliatzen ditu. Horrez gain, nabarmendu du irakasleen formazio saioetan dagoeneko hasi direla aplikatzen bera ikertzen dabilen metodologia. Ikerketa errealitatearekin erabat lotuta joan behar duela dio eta ezin dela geratu unibertsitateko hormen artean.
Kontrara, gizartean ikertzaileek duten paperaren inguruan ere baditu hainbat kezka Murcianok. Batetik, doktoregaien prekarietateak arduratzen du. Bestetik, eta batez ere, behin tesia amaitutakoan, doktore askori ez zaiela etorkizunean ikertzen jarraitzeko aukerarik ematen. Eta nabarmendu du hori ikertzaileari begira zein gizarteari begira aukera handi bat galtzea dela.
Horri dagokionez, Murcianok bi urte baino gehiago egin ditu Genevan ikertzen, eta nabarmendu du han zenbateko apustua egin den ikerketaren alde. Horrek ikertzaileak baliabide gehiago izatea ahalbidetzen duela dio, baita etorkizunean ikertzen jarraitzeko aukerak areagotzea ere.
Dena den, uste du hemen ere gero eta garrantzi handiagoa ematen zaiola ikerketari. Hala ere, nagusiki, ikerketa mota bat sustatzen delakoan dago: teknologia eta industriari lotuta dagona. Horregatik, Murcianori gustatuko litzaioke giza kapitala garatzen duen ikerketari ere pisu handiagoa eta baliabide gehiago ematea.
- Izen-abizenak: Aroa Murciano Eizagirre
- Adina: 31 urte
- Ikasketak: Irakasle ikasketak; Psikopedagogia; Hezkuntza testuinguru anitz eta multikulturaletan masterra
- Lanbidea: Ikertzailea eta unibertsitateko irakaslea
- Ikertzailea ez banintz… Nekazaria izango nintzateke, akaso. Baratze ekologiko bat edo jarriko nuke eta han egingo nuke lan.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Hemen inguruan mendi bueltak egitea asko gustatzen zait: Elorriagan, Askizu inguruetan… Zinema ere atsegin dut, aukera dudan bakoitzean joaten naiz.