Norbere markarako zein beste marka batzuetarako egiten du lan, horrenbestez, Trenadok. Madrilen bizi da duela 8 hilabetetik. Goizean agentzia batean aritzen da lanean: ideia kreatiboak sortzen dituzte, diseinuak egin, publizitate kanpainak garatu...; arratsaldean, berriz, bere marka pertsonala lantzen du, produktu ezberdinen aurkezpenetara, ekitaldietara... joanez influencer moduan. Horrez gain, astero, ikus-entzunezko piezak sortzen ditu bidai aseguruak saltzen dituen agentzia batentzat.
Sare sozialek publizitatearen mundua aldatu dute eta markek gero eta gehiago jotzen dute influencer figuretara beren produktu edo esperientziak ezagutarazteko. Influencer bat sare sozialetan jarraitzaile asko dituen pertsona bat da, bere iritzi eta gustuekin publikoarengan eragina izan dezakeena. Hala, bada, marketin eta harreman publikoen esparruan gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira.
Trenadorentzat duela hainbat urte eta nahiko modu inkontzientean hasi zen istorio hau. Magiaren eskutik izan zen. “Youtubera magia bideoak igotzen nituen jendearen feed-backa lortzeko eta ikusleek komentarioak uzten zizkidaten: gustatu zait, ez zait gustatu…”. Garai hartan, hain justu, Trenadoren arabera, Youtube eta youtuberren gorakada gertatu zen eta orduan ekin zion berak ere modu kontzienteagoan edukiak lantzeari. “Nire kasuan, magia egitetik magia erakustera pasatu nintzen tutorialak… eginez”. Denborarekin, ordea, nekatu egin zen Youtubeko kanal horretaz eta orain magia hobbytzat besterik ez dauka.
Gaur egun, batez ere, Instagram sare sozialean aritzen da eta entretenimendua eta umorea lantzen ditu, nagusiki. Bere eguneroko bizimodua da protagonista bere profilean: “Zer egiten dudan, burutik zein txorakeria pasatzen zaizkidan, gaurkotasuneko gaien inguruan daukadan iritzia… kontatzen dut”. Horregatik, bere publikoa askotarikoa dela uste du: “Lehen, nire publikoa magia jarraitzaileak baino ez ziren; orain, berriz, publiko zabalagoa daukat”.
Nola lortu, ordea, publikoa zure profilera erakartzea? Sare sozialak tanta askoz osatutako ozeanoak dira, baina Trenadok argi dauka zein den ozeano horietan norbere lekua lortzeko egin beharrekoa: “zerbait ezberdina eskaini behar duzu”. Ildo horretatik, Trenadok dio jendeari bere naturaltasuna gustatzen zaiola. “Ni ez naiz mozten gai politiko, sozialen edo dena delakoaren inguruan iritzia emateko orduan” . Hain zuzen ere, sare sozialetan itxurakeria asko dagoela onartzen badu ere, uste du jendeak benetakotasuna ere asko baloratzen duela: “Gauza autentikoak gustatzen zaizkio jendeari. Bizitzak momentu onak dauzka, baina badauzka momentu txarrak ere. Niri alde humano hori erakustea gustatzen zait”.
Izan ere, Trenadorentzat dena polita, arrosa… jartzea arriskutsua izan daiteke, batez ere, gazteek egin dezaketen interpretazioari lotuta. “Gauzak ez dira beti ederrak. Ni ez naiz inor inori ezer esateko. Baina nik uste dut, neurri batean, influencerrak izan gaitezkeela garai hauetako iritzi sortzaileak eta hori balia dezakegula mezuak helarazteko eta guk sinesten ditugun gauzetan eragiteko”. Horri dagokionez, jendearekin elkarreragitea ere ezinbestekotzat jotzen du.
Hala, bada, denbora asko ematen du Trenadok bere publikoarentzat edukiak prestatzen. Hain zuzen ere, influencerrek beren jarraitzaileengana iristeko antsietate moduko bat bizi dutela ere aitortu du: “Askotan guk ipintzen diogu presioa geure buruari. Pentsatzen dugu jendeak beti gehiago eta gehiago espero duela gugandik, baina jendeak, berez, ez du eskatzen. Egun baten ez badut nahi ezer kontatu, ez dut kontatzen. Niri inork ez dit jartzen pistola bat buruan. Ez gara zoratu behar”. Dena den, plataformak saritu egiten du etengabe argitaratzen egotea eta horregatik oreka bilatu beharraz ere mintzo da Trenado.
Trenadork dio Madrilen dagoenetik aukera mordoa sortu zaizkiola influencer moduan kolaborazioak egiteko. “Ezin naiz kexatu, hori ere diru iturria da-eta”. Are gehiago, nabarmendu du beretzat bigarren lana bihurtu dela influencer izatea. Marka ospetsuekin lan egiteko aukera eman dio, gainera: Hyundai, Beefeater, Ebay, Samsung… Marka horiekin MTV sarietara edota Errusiako Munduko Txapelketa joateko parada ere izan du.
Horrelakoetan, markak beraiek edo marka horiekin lan egiten duten agentziek kontaktatzen dute Trenadorekin eta zer nahi duten promozionatu azaltzen diote. Marka eta influencerren arteko harremanak profesionalak eta planifikatuak direla azaldu du: “Dokumentu batean bidaltzen digute zein diren egin beharreko argitalpen motak, mezuak egutegia, aurrekontua… Gero guk sareetan partekatzen dugu markarekin adostutakoa”.
Gauzak horrela, Trenadok aitortu du sare sozialek asko aldatu dutela publizitatearen mundua. Orain, influencer marketinaren boom moduko bat gertatzen ari dela dio eta marka guztiak ari direla hori baliatzen. Baina aktibitate ekonomiko gisa hutsune bat ere ikusten dio. Izan ere, lege aldetik abagune batean dago influencerrek egiten duten publizitatea. Ordaindutako argitalpenak askotan ez dira publizitate moduan identifikatzen. Herrialde batzuk hasi dira jada hori arautzen eta hemen ere arlo hori garatzen doan neurrian uste du publizitate mota hori hobeto erregulatzeko unea iritsiko dela.
Eta egokituko zaio berari ere; izan ere, sare sozialetan zein ikus-entzunezkoen munduan, saltsa ezberdinetan sartuta imajinatzen du bere burua etorkizunean, bai bere marka pertsonalarentzat, baita beste marka batzuentzat ere lanean.
- Izen-abizenak: Telmo Trenado Goenaga
- Jaiotze urtea: 1995
- Ikasketak: Ikus-entzunezko komunikazioa
- Lanbidea: Influencerra eta eduki sortzailea marketin digitalaren esparruan.
- Komunikazioaren munduan lanean arituko ez banintz… digitala ez den zerbait egitea gustatuko litzaidake, hau da, nire eskuekin lanean aritzea.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Lagunekin egotea, etxean ez geratzea.