“Hilabeteetako ezkutuko lana izan ohi da ekitaldi baten atzean dagoena. Bezeroaren beharrizanak ezagutu, aurrekontua adostu, kronograma planteatu, ideia landu, gidoia zehaztu, dekorazioa prestatu, materialak aukeratu, hornitzaileak bilatu... Atzera kontaketa moduko bat da, eta estresagarria ere izan daiteke momentu batzuetan… Baina eguna iritsi eta ezkutuko lana errealitate bihurtzen denean, oso momentu polita izaten da hori. Jendearen aurpegietan ikusten duzunean egin duzun hori gustatu zaiela… Une horretan sentitzen duzun poza handia da”.
Pasioz bizi du Maialen Del Pilarrek bere lana. Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasten ari zenean, ez zuen bere burua mundu horretako lan askotan ikusten. “Ekitaldien antolaketa” irakasgaia egokitu zitzaion arte, orduan bere izaerarekin eta gustuekin bete-betean bat zetorren lan arloa deskubritu zuen. Ondoren, esparru horretan espezializatu zen Bartzelonan egin zuen master bati esker.
“Amak josi egiten du eta nik txikitatik esku lanak egiten ordu asko pasatu ditut. Ekitaldien antolaketak aukera ematen dit ume nintzenetik gustatu zaidan sormen hori garatzeko. Izan ere, pertsona sortzailea bazara, oso eremu dibertigarria da ekitaldiena. Nik, behintzat, nire lekua hor aurkitu dut.” Hala, bere lanbidean, praktikan, sormen hori eremu guztietan erabili behar duela dio: bezeroen eskakizunei erantzuteko, aurrekontuaren barruan errenditzeko, prozesuan sortzen diren arazoei aurre egiteko, sorpresa elementuak eskaintzeko, etab.
Sormena ardatz, bide oparoa egiten ari da Del Pilar: Donostiako Zinemaldian ibili da zortzi urtez lanean, wedding planner (ezkontza antolatzaile) gisa ere aritu da hainbat ezkontza antolatzen... Gaur egun, goizetan, moda enpresa baten estrategia digitala garatzen du. Arratsaldeak, berriz, Maio proiektuari eskaintzen dizkio. Maio, Maite Roso zumaiarrarekin batera sortu duen estudio kreatiboa da.
Maio, Maite Rosorekin daukan proiektua
Pasa den urrian sortu zuten Maio estudioa Maialen Del Pilar eta Maite Roso zumaiarrek. Komunikazioa, esperientziak eta sormena dira beraien proiektuen lehengaiak. Ezaugarri horiekin, berriz, izaera ezberdineko lanak eramaten dituzte aurrera; enpresa baten urteurrenaren ospakizuna izan daiteke, supermerkatu kate handi baten inaugurazioa, vending marka baten ekitaldiak, dantza ikuskizun baten estreinaldia, turismo bulego baten barne dekorazioaren diseinua, etab.
“Niri prozesua bera gustatzen zait asko; hau da, ideia pentsatu eta aurrera eramateko erronka hori, materialak aukeratzea, soluzioak bilatzea… Gainera, sarritan, xehetasun guztiez gu geu arduratzen gara. Guztiez esaten dugunean, gainera, horixe esan nahi dugu, guztiez: oraintxe gazta mozten ari gara, gero ordenagailuan eserita egongo gara, argazkiak ere ateratzen ditugu…”. Hain zuzen ere, #sobremesa egitasmoa bereziki gogoan dute, prozesu osoa bien artean eraman zutelako.
Orain dela 9 urte sortu zen New Yorkeko Brooklyn auzoan #sobremesa ekimena Karen Morechai argazkilari gastronomikoaren eskutik. Afari bat antolatu zuen bere estudioan, afari horretako irudiak sarera igo zituen, eta lortutako arrakasta ikaragarria izan zen. Helburua, berriz, hauxe zen: jendea mahai baten bueltan batzea, elkarren artean harremanetan jarrita momentu atsegin bat pasatzeko. Horretarako bertako eta garaiko elikagaiak sustatzen zituzten. Afariaren arrakasta ikusita, mundu mailako deialdi bat egitea pentsatu zuen Morechaik, eta 34 hiritara zabaldu zuen ekimena. Hala, herrialde ezberdinetan egitasmo hori aurrera eramateko gai izango liratekeen pertsonak ezagutzeko prozesua abiatu zuen. Del Pilarrek eta Rosok aurkeztu zuten proposamenak irabazi zuen Donostiako #sobremesa-ren deialdiaren garaile.
Buru-belarri sartu ziren Maioko kideak proiektuan: babesleak bilatu, lekua aukeratu, gonbidapenak sortu, afariaren egitura eta menua pentsatu, dekorazioa prestatu... Sukaldean aritzeaz eta zerbitzatzeaz ere beraiek biak arduratu ziren. Eta, noski, xehetasun guztiak ondo lotzea ere euren erantzukizuna izan zen.
Planifikazioa eta moldagarritasuna, gakoak
Hain zuzen ere, planifikazioa dela diote ekitaldien antolaketan kontuan izan beharreko gakoetako bat. Baina, horrekin batera, garrantzitsutzat jotzen dute, baita ere, moldagarria izatea ezustekoei azkar eta ondo erantzuteko. “Oso alerta egon behar duzu detailerik ez pasatzeko. Baina, horrekin batera, zuzenekoan ere moldaerraza izan behar duzu. Izan ere, gauza guztiak ondo kalkulatuta eduki arren, arazoren bat sortzen bada, gai izan behar duzu ezusteko hori berehala eta ondo bideratzeko”.
Hala, aitortzen dute beraien lanbidea batzuetan estresagarria izan daitekeela. Aldizka, zoramen gisa ere deskribatzen dute. Baina, bikote ona egiten dutela diote eta hori mesedegarria dela beraien jardunean: “Lan saioak luzeak izan ohi dira, zenbaitetan, goizean hasi eta gauera arte. Nekatuta amaitzen dugu, baina, beste alde batetik, oso ondo pasatzen dugu”.
Aurrera begira ere Maio proiektuan aritzeko asmoa dute elkarrekin. Momentuz, gainera, lanik ez zaie falta. “Proiektu asko sartu zaizkigu hasi ginenetik. Egia esateko, ez genuen espero hainbeste lan izatea. Horrek, beste alde batetik, gure enpresaren gauzak atzeratzen joatea eragin du, adibidez, orain ari gara gure web orria edota logotipoa lantzen”. Urte amaierarekin batera, proiektu batzuk bukatzen ari direnez, lan propio horiek egiteko baliatu nahi dute momentua. Izan ere, beraien egitasmoak ahoz azaldu beharrean, modu bisualean aurkezten dituztenean hobeto ulertzen direla diote. Gaur gaurkoz @wearemaio Instagram kontuan ikusi daitezke beraien lanak. Begi bistan dagoena da Maio etorkizuneko apustua dela, bai Del Pilarrentzat, bai Rosorentzat.
- Izen-abizenak: Maialen Del Pilar Meabe
- Adina: 31 urte
- Ikasketak: Publizitatea eta Harreman Publikoak ikasi nuen. Ekitaldien antolaketaren inguruan master bat egin nuen gero.
- Lanbidea: Komunikazioarekin eta sormenarekin lotutako proiektuak eramaten ditut aurrera. Zaila egiten zait ofizio moduan hitz bakar batekin definitzea.
- Ekitaldiak antolatzen ez banu egingo lan… lore denda bat zabalduko nuke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… Zinera joatea edo eskulanak egitea. Horrez gain, sormenarekin lotura duten ikastaro askotan ematen dut izena.