FITUR azokan erakutsi dute Zumaiako eta Geoparkeko turismo eskaintza

Baleike 2019ko urtarrilaren 23a

Gaur zabaldu dute Madrilen FITUR azoka, turismoaren ardatza duen Europako azoka handiena. Ohikoa den bezala, Zumaiako eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko turismo eskaintzek lekua izan dute azoka erraldoi honetan.

Algorriko labarren irudi bat aukeratu dute, besteak beste, Euskadiko turismo eskaintza iragartzeko. Goizean izan da irekiera eta, argazkian ikus daitekeen bezala, bertan izan da Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkaritza, bere lehendakari den Oier Korta Zumaiako alkatea buru dutela. Bertan izan dira, baita ere, Alfredo Retortillo, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, eta Denis Itxaso, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua.

Ekitaldiak ere izango dira arratsaldean zehar. Hala, 15:00etan eta geoparkeen standean, Espainiako hamabi geoparkeen arteko topaketa bat egingo da. 17:00etan, berriz, eta Euskadiko standean, esperientzia geoturistikoen inguruko aldizkari berria aurkeztuko dute. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide