Otsailaren 16an antzezlan honen bi saio egingo dira Zumaiena ikastetxeko aretoan: 17:00etan lehena, eta 19:00etan bigarrena. Iaz arrakasta handia izan zuen antzezlan honek Zumaian, eta aurten ere arrakasta hori errepikatu egingo dela dirudi.
Atzo arratsaldeko 5etan hasi ziren sarrerak saltzen Alondegian. Aurrez iragarri zuten bezala, sarrera kopuru bat aurrez aurre saldu zen, eta beste kopuru bat Internet bidez saltzeko gorde zuten.
Denbora gutxian, 45 minutuan, aurrez aurreko salmentarako gordeta zeuden sarreretatik 700 saldu zituzten, eta 17:00etako saiorakoak agortu ziren jada. 19:00etako saiorako sarrerak gelditzen dira momentu honetan eta, gaur goizean, aurrez aurre salduko dira Alondegiako lehenengo pisuan, 11:00etatik 13:00etara. Aurrez aurreko sarrerak geldituko balira, urtarrilaren 29tik aurrera turismo bulegoan egongo da erosteko aukera.
Internet bidez ere erosi daitezke sarrerak, eta jakinarazi dutenez, bi emanaldietarako gelditzen dira oraindik. Beraz, online erosi nahi dutenek www.entradium.com helbidera jo beharko dute.