Irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira Herri Eskolako Aita Mari eraikinaren kanpoaldean

Baleike 2019ko urtarrilaren 28a

Obrak gaur hasi dira, eta lehenengo fase honetan, kotxeen zirkulazioa garajeko sarrera-irteeretara mugatuko da.

Gaur hasi dira Herri Eskolako Aita Mari eraikinera sartzeko bidea oinezkoentzat irisgarriago eta seguruago egiteko lanak. Zumaiako Non arkitektura estudioak egin du proiektua eta bi fasetan banatuko da. 

Kalearen bukaerako zatiari eragingo dio lehenengo faseak, eta bertan, kotxeen zirkulazioa garajeko sarrera-irteeretara mugatuko da. Lanak amaitu ondoren, kale zati horretan ez da aparkatzerik izango.

Lan horiek hilabete eta erdi inguru iraungo dute eta garajeko sartu-irtenei neurri batean eragingo badiote ere, oro har, garajerako sarrera zabalik egongo da lanek dirauten bitartean. Soilik pare bat egun egongo da erabat itxita garajeetako sarrera, asfaltatze lanak burutzen diren momentuan. Hori, baina, lanen amaiera aldera egingo da, eta garajeen erabiltzaileak jakinaren gainean jarriko dira aldez aurretik.

Amaitzeko, garajeen erabiltzaileei eragozpen bat edo beste sortuko dizkiela jakitun da Udala, horregatik, barkamenak eskatzen dizkie aldez aurretik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide