Martxoaren 8ko grebaren harira, hainbat ekintza izan da asteburuan Zumaian. Mugimendu feministak antolatuta, grebaren inguruko informazio asanblada irekia egin zuten larunbatean, Saregileen plazan.
Atzo, aldiz, zaintza lanak ikusarazi eta bizitza erdigunera eramateko garaia dela aldarrikatzeko ekimena izan zen. Malen-Comio performancea egin zuten Malen Etxeako langileekin batera, emakume migranteen egoera eta etxeko langile egoiliarrena salatzeko.
Sistema heteropatriarkal kapitalistak emakumeak gutxietsi, iraindu eta hil egiten dituela salatu zuten. "Bizitza jasangarriak lortzeko elkarren beharra dugula onartzetik hasten da, horregatik bizitza mantentzeko erantzukizun kolektiboa exijitzen dugu", azaldu zuen mugimendu feministak.
Lanen banaketa sexualean oinarrituta, emakumeek egiten duten enpleguari balio sozial eta ekonomiko baxua ematen zaiola uste dute. Emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 7.573 eurokoa da soldata arrakala. Emakume pentsiodunek, aldiz, hilean 682 euro gutxiago jasotzen dute, bataz beste.
Soldatapekoak izan edo ez, ongizatea eta aberastasuna bermatzeko jarduera guztiak lana direla nabarmendu zuten. Haien hitzetan, egoera erregularizatuta edo erregularizatu gabe edukitzeak egunerokotasuna erabat baldintzatzen du.
"Haurren eta menpeko pertsonen zaintzaz arduratzen direnak emakumeak dira", azaldu zuten. Zapaltzailea eta hiltzailea den sistema heteropatriarkal kapitalista irauli eta bizitza erdigunean jartzeko garaia dela aldarrikatu zuen mugimendu feministak. Zaintza eta tratu onak oinarri dituen sistema bat ezartzeko, ardurak kolektiboa izan behar duela nabarmendu zuten.