Martxoak 8

Martxoaren 8an greba egitera deitu du Zumaiako emakume pentsiodunen talde batek

Baleike 2019ko ots. 27a, 19:28

Datorren ostiralean egingo den greba feminista gero eta atxikimendu gehiago ari da jasotzen. Zumaiako emakume pentsiodunen talde batek ere egun horretan, martxoaren 8an, greba egitera dei egin du.

Pentsiodun bezala, gogoratzen dute emakumeek asko borrokatu behar izan dutela lan merkatuan sartu ahal izateko, “behingoz pentsio baterako eskubidea lortzeko”. Pentsio propioa, ordea, “soldatapeko lanaren emaitza da soilik. Ez ditu bestelako egoera zein errealitateak kontuan hartzen. Horrela, emakumeon pentsioak askoz txikiagoak dira, gehienetan. Gutxiago kotizatu dugu, soldata txikiagoak zirelako. Zaintza ardurak lan merkatutik ateratzera behartu gaituelako, edo lanaldi murrizketak eta kontratu partzialak eskatu behar izan ditugulako, baita ezkutuko merkatuan lan egiteko beste aukerarik ez dugulako izan”, diote.  

Egoera horien ondorioz, prekarietate egoera handia dela uste dute. “Gainera, zaintzan egin badugu lan eta soldatarik gabe, ez dugu pentsio eskubiderik ere.

Lau puntutan jasotzen ditu talde honek bere eskakizunak. Batetik, pentsio duinak eskatzen ditu soldatapean nahiz doakoan lan egin duten emakume guztientzat. Zaintza lanak ardura soziala direla aitortzea beharrezkotzat jotzen dute. Politika publikoak martxan jartzea eskatzen dute, bizitza sostengatzeko behar diren zaintza lanetarako. Eta, azkenik, gizonezkoei dagokionez, ordaindu gabeko lanetan ere ardurak hartu behar dutela diote.

Horregatik guztiagatik, Martxoaren 8an, zaintzari eta kontsumoari greba egitea eskatzen du emakume talde honek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide