Kirol instalazioekin zer egin?

Baleike 2019ko martxoaren 7a

Udalak bi txosten eskatu ditu Zumaiako kirol ekipamenduak handitzeko egin beharreko pausoen berri izateko. Lanak arau ordezkatzaileen barruan joango dira eta, beraz, ez dira epe laburrean egingo.

Gero eta herritar gehiagok erabiltzen du Lubaki kiroldegia. 1980ko hamarkadan egindako ekipamendu hau txiki geratu da bertara egunero hurreratzen den herritar kopurua dela eta. Aldi berean, zaharkituta geratu den kirol instalazioa da. Horren aurrean, herriko kirol ekipamenduak handitzeko zer egin daitekeen jakiteko, txosten bana eskatu ditu Zumaiako Udalak.

Txosten horien berri eman zuten udal agintariek pasa den astean udaletxeko pleno aretoan egindako bilera ireki batean. Herriko kirol elkarteak gonbidatu zituzten aukera haien berri emateko, “eta hausnarketa bat egiteko”, Oier Korta alkateak adierazi zuenez. Etorkizuneko ekipamendu horiei Balendiñe izena eman diete, Balendiñe Albizu poetaren omenez.

Eskatutako txosten horien bidez, kirol instalazioak handitzeko argibideak izan nahi zituztela adierazi zuen Kortak. Lan horiek zer kostu izango zuten jakitea ere bazen helburuetako bat. Txosten hauek lotesleak ez direla adierazi zuen. Bestalde, Zumaiako arau ordezkatzaileekin lotuta joango direla informatu zuten. Beraz, ez dira epe laburrean egingo.

Kiroldegia bertan handitu

Lehen txostena Tinko etxeari eskatu zioten. Haren arabera, kiroldegia gaur egun dagoen lekuan bertan handituko litzateke, hau da, egun teniseko pistak dauden ingurura luzatuko litzateke instalazioa. Txosten honen arabera, Aita Mari futbol zelaia bertan mantenduko litzateke, eta GKN enpresa aldera eramaten duen aparkalekuan instalazio gehiago jarriko lirateke.

“Txosten hori Kirol Patronatura eraman genuen, baina ez zion inori konbentzitu eta zalantza asko eragin zituen”, aipatu zuen Kortak. Horren ondoren, bigarren txosten bat eskatu zioten LKS etxeari. Dokumentu horrek beste bi aukera ematen zituen kirol ekipamenduak handitzeko, biak ere Puntanueta ingurunearekin lotuta, eta, konkretuki, Puntanueta 2 etxebizitza promozioarekin.

Kirol hiria

Gune horretan, Puntanueta 2n, 250 etxebizitza ziren egitekoak, horien artean babestutakoak, tasatuak eta alokairu sozialekoak. Torreaga fundizioak utzitako lursailean egingo den promozioan proiektatu dira etxebizitza horietako batzuk, eta, beraz, Puntanueta konpromiso horretatik kanpo geratu da.

Hala, LKSren txostenak bi proposamen jasotzen ditu. A aukerak Aita Mari futbol zelaia Puntanuetara eramatea, eta kiroldegia honek utzitako lekuan handitzea proposatzen du. Lursail horretan, eta baita Puntanuetan ere, etxebizitzak egingo lirateke.

Beste proposamenak, B aukerak, Puntanueta 2n kirol hiri bat egitea du xede. Hala, gaur egun Narrondo ibaiaren alboan dauden kirol ekipamendu guztiak –Lubaki kiroldegia, tenis eta padeleko pistak, eta Aita Mari futbol zelaia– Puntanuetara eramatea proposatzen du, eta hauek utzitako lekuan etxebizitzak egitea.

Kirol ekipamenduak Puntanuetara eramateak auzoan “sinergiak” sortuko zituela defendatu zuen Kortak. “Gaur egun Puntanuetak ez du komertziorik. Kirol hiri bat izateak bizitza ekarriko lioke auzoari”.

Puntanuetan lan hauek eginda, ezingo litzateke bertan dagoen hezegunea ukitu, eta, bestalde, ingurune horretan dauden lur kutsatuen gaia dago. “Ez dakigu zenbat lur kutsatu dagoen, edo zer kostu izango duen horiek eramateak. Ikerketa hori ere egin beharko da”, azaldu zuen alkateak.

Lubaki dagoen lekuan uztearen alde dago Uzin

Maiatzeko udal hauteskundeetan Uzin Zumaiako zerrendan joango den Jon Iraola zinegotzia kiroldegia gaur egungo lekuan mantentzearen alde agertu da. Kiroldegia futbol zelaiak utziko duen lekuan handitzea proposatu du ohar baten bidez. Kirol ekipamendu honek hirigunetik hurbil jarraitu behar duela gaineratzen du. Proposamena alkateari Iraola berak aurkeztu ziola dio oharrak. “Garbi dago ideia gustatu zitzaiola”.

Etorkizuneko kiroldegiari Balendiñe Albizu izena jarriko diotela gaineratzen du Uzin Zumaiak oharrean. “Alde gaude, berdintasun arrazoiengatik, eta, baita ere, Balendiñe Albizu poeta zumaiarrak halako aitorpena merezi duelako. Baina, familia zuzenaren onarpena behar” dela azaldu Uzineko Patricia Camacho alkategaiak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide