Beste lan batean murgilduta nenbilela aprobetxatuz, Udal Artxiboan bila ibili naiz zer jartzen duen gure aititaren aitaz, Jose Ignazio Ibarbia Galarragaz. Oikiako Pikaondobekoa baserrikoa zen, elizaren ardura izan zuen urte askoan, baina frankistek kargugabetu egin zuten, herri bat “liberatu” zutenean uko egin ziolako kanpaiak jotzeari ospatzeko. Hari horri heldu nahi nion aspaldian, eta orain hartu dut tarte bat.
Zumaiako Udalaren webgunean, Udal Artxiboko bilatzailean izena sartuta, behin baino gehiagotan azaltzen da, eta udaletxean eskatuta, lortu nuen “depurazio espedientea”[1]. 1937ko urtarrilaren 7ko dokumentuan, epaia hitz bakarrean ageri da: NACIONALISTA; eta, horren ondoren, kanpaia jotzearen eta erlojuaren ardura kentzeko erabakia. Harekin batera, beste 29 udal langileren izen-abizenak eta ardurak ageri dira, eta bat oso gertukoa egin zait: “Francisco Azcue Iciar, barrendero”; izan ere, Patxi Barrandero ere aititaren aita nuen, aitaren aldetik. Beste orri batean, Batzordearen ebazpena dator, bi zerrendarekin: batean, 17 izen-abizenen ondoren, “No habiendo cargo alguno contra él, conforme al expediente, puede ejercer su cargo”, eta tartean dago Patxi; atzetik, beste 11 izen-abizen datoz, eta bakoitzaren atzetik “Conforme a los datos del expediente, procede a su destitución”, eta tartean da Jose Ignazio. Bitxia iruditu zait nola elkartu zituen Gerrak gure bi aititaren aita, dokumentu berean, oso suerte desberdinarekin.
Baina Jose Ignazioren izena garai bertsuko beste dokumentu batzuetan[2] ere azaltzen da. Izan ere, egun batzuk geroago, urtarrilaren 10ean, udalbatza bildu zen soldaduskarako alistamendua egiteko. Hasieran, guztira 49 gazteren zerrenda egin zuen, eta horietan 25.a Juan Ibarbia Aldasoro da, Jose Ignazioren eta Brigidaren semea. Otsailaren 21ean egin zuten “talla”, alegia, gazteak neurtzea, pisatzea eta medikuak ontzat jotzea soldadutzarako; baina egun horretan ez ziren gazte guztiak azaldu, ezta Juan Ibarbia ere, eta askoren izenen ondoan jartzen du “con domicilio actual ignorado”; hain zuzen ere, udalbatzara Jose Ignazio, aita, joan zen, semearen berri ematera: “compareció su padre, manifestando que se ignora su paradero actual, habiéndose ausentado de su domicilio en fecha 21 de Septiembre último”; falta ziren beste gazte batzuen kasuan ere data horixe ageri da; hain zuzen ere, frankistak Zumaian sartu zirenekoa. Garai hartan ume koskorra zen gertuko batek ondo gogoan dauka egun hura: “Egun batean negar malkotan batzuei eskuarekin agur-agur egiten, eta hurrengoan haiexek egin zieten gero ongietorria frankistei, pozik, eskuineko besoa jaso eta luzatuta”.
Banekien Alondegiko liburutegiko liburu batean [3] ageri zela gure aititaren anaiaren izena, eta hantxe aurkitu nuen, Euskal Armadaren zerrendan: “Ibarbia Aldasoro, Juan. Kirikiño [batailoia]”. Izan ere, banekien gure aititaren anaietako bat Gerran hila zela, Bizkai aldean, aurrera joan eta ez omen zen itzuli. Banekien, baita ere, Gerran hil zen anaia hark arraun egin zuela aititarekin Oikiako traineru gloriosoan, 1930ean, eta argazki hura eskuan, han ikusi nituen bi anaiak; baina izenei begiratuta, sorpresa: gure aititaren ezkerraldekoa Antonio zen, eta ez Juan, nik espero bezala. Gure amari galdetuta, horixe egiaztatu zidan: Gerran hil zena Antonio zela. Orduan, liburukoa, Juanena, oker ote zegoen? Berriz ere liburua hartu eta begiratuta, bi lerro beherago begiak iltzatuta geratu zitzaizkidan: “Ibarbia, Antonio. Itxarkundia”. Beraz, bi anaia ibili ziren aldi berean gudari, eta Antonio hil egin zen. Amak esan zidanez, beste anaia, Juan, ezagutu zuen Gerraren ondoren, eta bazekien urte batzuetan kanpoan ibilia zela, behartutako langileen batailoietan. Gehiago ere esan zidan: beste anaietako bat ere, Jose Mari, alde eginda ibili zen, garai hartan. Hori guztia jakinda, zer gogo izango zuen, bada, Jose Ignazio Ibarbiak “liberazioa” ospatzeko eta kanpaiak jotzeko?
Depurazio espedientearen orri bat.
Jose Ignazio Ibarbiak eta Brigida Aldasorok, zortzi seme-alaba izan zituzten bederatzi urtean (1907-1916). Haietako bat, Emili, Artadiko Torre baserrira ezkondu zen, eta hauxe zioen hildako anaiaz baleiken, 2006an, Abelin Linazisororen “Gure zumai zarra” atalean: “Gerrara jun zan hura. Artxandan gudari hil zitzakun” [4]. Ez zioen ezer ere beste anaiez; bai, ordea, aitak (Jose Ignazio Ibarbiak) karlista bati egindako mesedeaz: “Orduan Francoren aldeko hauek zeuden agintzen eta agintari hauek guri debekatu ein ziguten Zumaira juatea. Ba al dakizu zer pasatu zan? Nik garai batian nobioa karlista hauetako bat nun. Donostira juteako ein nun. Ba, Yereginetikan Donostira jun nintzan hartan gauza txar askoak aittu nittun eta mutila laga ein nun. Kontuak honela, gerra etorri eta gorriak nagusi zian garaian, gure aittak karlistetako lagun bat zun eta Sueltzuk euki zun ixkutatuta. Gero, hauen tropak sartu eta buelta etorri zanean, Sueltzun lagun honei esan zixon: ‘Hi, nik hiri mesede ein diat eta oain hik nei ein behar diak. Honelako eta honelako zeatik ezin dia etorri Zumaira? Laga haiek pakian’. Orduan jakin genun nik nobioa laga nulako izan zala. Beheko plazako Zelaianeko etxe horretan [Erkiben] hartzen zituzten erabakiak”[5].
Hariari tiraka, honaino ailegatu naiz, eta ezin protagonistei galdetu, denak falta zaizkigulako; hala ere, han eta hemen galdetuta, agian noizbait izango dugu berriren bat. Amak esanda, badakit kontu haiek beti tapatu egin zirela familian, isildu, inoiz ez zela hitz egiten horretaz, eta beti mendeko izan zirela Oikian, batzuek Gerra irabazi egin zutelako eta beste batzuek galdu. Orain, momentuan, pentsatu dut ez garela ezer, eta izatekotan, Gerra galdu zutenen bilobak garela.
[1] Udal Artxiboa, 271.31 DEPURAZIO ESPEDIENTEA.[2] Udal Artxiboa, 2852, 208V-211V eta hurrengoak.
[3] EGAÑA, Iñaki: 1936. Gerra Zibila Euskal Herrian, Aralar Liburuak, Andoain, 2000. VIII. Liburukia, 205. Orrialdea.
[4] Baleike aldizkaria, 143. zenbakia, 2006ko apirila. 25. or.
[5] Baleike aldizkaria, 143. zenbakia, 2006ko apirila. 25-26. or.