Oier Korta: “Prest gaude etorkizuneko erronkei aurre egiteko”

Baleike 2019ko api. 2a, 21:57

Ezkerretik eskubira: Gotzon Enbil, Mari Kruz Alvarez, Arantzazu Florez, Iker Mardaras, Oier Korta, Aitziber Odriozola, Kristina Vicente eta Ainhoa Illarrramendi.

Zumaiako EAJk Santiago hondartzako eremuan gauzatu diren lanen baitan egin du maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren taldeko hainbat kide ezagutzeko ekitaldia. Bukatzear dagoen legealdiko proiekturik esanguratsuenetako bat dela azpimarratu du Oier Korta udal hauteskundeetarako EAJko zerrendaburuak.

Zumaiako EAJk gaur aurkeztu ditu maiatzeko udal hauteskundeetarako zerrendan joango diren hainbat kide. Horiekin batera izan dira Joseba Agirretxea Kongresurako Gipuzkoako hautagaia, Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Deba - Urolako hautagaitzaren zerrendaburua eta Aintzane Oiarbide Bide azpiegituretako foru diputatua.

Oier Korta egungo alkateak eta datozen hauteskundeetarako EAJko zerrendaburuak duela lau urte hasi zuen legealdiari egin dio erreferentzia. “Orain lau urte ziaboga eman nahi genuen, eta zumaiarrek konfiantza jarri zuten gugan. Urte hauetan guztietan gogor jardun dugu lanean helburu hori betetzeko eta Zumaia zuzeneko bidean jartzea lortu dugu. Prest gaude Zumaia eta zumaiarren alde arraunean jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”, nabarmendu du.

Korta izango da EAJren alkategaia, eta gaur eginiko aurkezpenean zerrendan izango diren beste kide batzuk ezagutzeko aukera izan da. “Gogotsu eta ilusioarekin dagoen taldea osatu dugu eta zumaiarren ongizatea helburu dugu. Bide batez, abentura honetan pausoa eman duten zinegotzi hautagaiei eskerrak eman nahi dizkiet. Batzuk errepikatu egingo dute, eta beste batzuk berriak izango dira”, jarraitu du. Arrizabalagak ere, hitz batzuk gaineratu ditu: “Hautagaitza osatzen dutenek herrigintzarako pausoa eman dute, eta horrek konpromisoa adierazten du; herriarekiko eta herrigintzarako konpromisoa”.

Zerrenda osoaren berri datozen egunotan emango dute, baina gaur agertu diren kideak hauek izan dira: Gotzon Enbil, Mari Kruz Alvarez, Arantzazu Florez, Iker Mardaras, Aitziber Odriozola, Kristina Vicente eta Ainhoa Illarramendi.

Giltzarria, talde lana

EAJren aurkezpen ekitaldia Santiago hondartza ondoan egin da, eta, hain zuzen, Arrizabalagak garrantzi berezia eman dio lekuari. “Oso pozgarria da guztiontzat Santiagoko hondartza eraberritu honetan egotea. Urte askoan eskatzen egon garen proiektu baten emaitza da gaur ikusten duguna, eta lortu baldin bada, EAJk talde moduan lan egin duelako da”, nabarmendu du.

Bere iritziz, talde lana da jeltzaleen oinarria, eta mezu hori zabaldu nahi die herritar guztiei. “Herri honi zerbitzatzeko jaio zen EAJ, eta herritar guztiek dituzten arazo eta beharrei aurre egiteko taldea osatzen dugu”, esan du. Kortak ere bat egin du hondartzan egin diren lanen garrantziarekin. “Adin guztietako pertsonek gustura hartu dute. Bukatzear dagoen legealdi honetako proiekturik esanguratsuenetako bat izan da, eta gune hau horrela jartzea baliotsua iruditzen zait”, gaineratu du. “Erakundeen arteko elkarlanaren erakusgarria da hondartza zoragarri hau; ekinaren ekinez lortu dena”, jarraitu du Joseba Agirretxeak. Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak EAJk Madrilen duen bi zereginetan jarri du fokua. “Bi gauzatarako gaude: gurea defenditzeko, eta guri dagokiguna aldarrikatzeko”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide