Erretratua

Kresalak harrapatuta. Igor Osa Goikoetxea, lehorretik itsasoari begira

Julen Aperribai 2019ko api. 23a, 09:23

Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Ogibidea soilik ez, bizimodua ere bada arrantza Igor Osa Goikoetxearentzat (Zumaia, 1976). Hala behar du, ezinbestean, bederatzi hilabetez aritzen baita itsasoan deskantsurik gabe. Bizimodu horri buruz hitz egin du Baleikerekin, lehorrean hiru hilabete egon ondoren, arrantza denboraldiari berriz ekin aurretik.

“Hemen egunero alda dezakezu ibilbidea. Egun batean joan zaitezke oinez Paolera, eta araztegi aldera, hurrengoan”. Duenak ez duenari erreparatzen dion bezala, metro koadro gutxi batzuen barruan lan egiten duenak asko baloratu ohi du espazio zabala. Lehorrean egingo dituen azken egunak kirola egiteko, lagunekin egoteko eta herriaz gozatzeko aprobetxatzen ditu Igor Osa Goikoetxea arrantzaleak, ohi duen moduan. Azaroan amaitu zen harentzat iazko arrantza denboraldia, eta hilabete honetan hasi da aurtengoa. Berdela, sardina eta antxoa harrapatuko dituzte ekainera bitartean, eta hegaluzetara joango dira, ondoren.

Arrantza denboraldiko lehen astea izaten da zailena, Osak dioenez, “gorputza berriz ere martxan jarri arte”. Itsasontzi barruko lana gorputzak bezainbeste baldintzatzen du buruak, ordea. Alde horretatik, lasai dago: “Kontzientziatuta joaten naiz itsasora”. Ez baitu lehen aldia. Aldian aldiko geldialdiak eta bestelako lanbideak gorabehera, hamabost urte inguru daramatza itsasoan lanean. Familiatik datorkio itsasoarekiko afizioa: “Familia arrantzale batetik nator. Aita ere hala zen, eta, neurri batean, mundu honetan harengatik sartu nintzen. 12 urterekin joan nintzen lehen  aldiz arrantzara itsasontzian, Aste Santu batean. Zorabiatuta itzuli nintzen. Soldadutza egin eta urtebetera, baxuran hasi nintzen Getariako ontzi batean, Exekielen”. Bi urte egin zituen bertan, eta denbora labur batez bestelako lan batzuk egiten ibili eta gero, zesta puntan jokatzera joan zen Ameriketako Estatu Batuetara. Halako bueltak ematen ditu bizitzak; urrutira, espero gabeko lekura, eramaten dutenak, batzuetan, eta hasitako lekura itzularazten dutenak, besteetan. Garbi baitzuen Osak itsasoan lanean bukatuko zuela noizbait.

Lotura, onerako zein txarrerako

Lehorreko lanean ere ibilitakoa da, baina ez dio neurria inoiz hartu. “Tailerretan-eta aritu izan naiz, baina ez naiz inoiz ohitu”, aitortu du. Badu beste zerbait itsasoak harentzat, erakargarri egiten duena: “Bizimodu bat da, eta bizimodu horrek lotzen zaitu. Itsasoarekin eta naturarekin harremanean zaude etengabe”. Belaunaldi gazteek ez diote halako erromantizismorik aurkitzen ofizioari, nonbait. Errelebo falta da lanbideak duen arazo nagusietako bat. “Inork ez du nahi itsasora etorri. Etortzen direnek urtebete inguru egin ondoren utzi egiten dute. Bizimodu gogorra da itsasokoa, eta gazteek nahiago izaten dituzte bestelako lanak”. Lan askoko hilabeteak izaten dituzte arrantzaleek, eta batere lanik gabekoak, ondoren. Egonkortasuna eta erregulartasuna ez dira ofizioaren ezaugarri nagusiak. Egonkortasun bila dabilenak “ez du itsasoan topatuko”, Osak dioenez: “Lehen topatzen zuten, baina garaiak aldatu egin dira eta bizimodua ere bai”. Horregatik, etorkinek egiten dituzte bertakoek egin nahi ez dituzten lanak. Tripulazioa osatzeko ezinbestekoak dira.

Gazteen artean erreferentzialtasuna galdu duen ofizioa izanagatik, ez du arriskuan ikusten arrantza Osak. Aldaketak sumatzen ditu hasi zenetik hona; nabarmenenak, lan egiteko moduan. Dioenez, arraina ahalik eta freskoen lehorreratzen saiatzen dira gaur egun, eta, ondorioz, lehen baino denbora gutxiago ematen dute itsasoan: “Garai batean, itsasontzia arrainez bete arte ez ginen itzultzen. 20 egun egin genitzakeen itsasoan. Gaur egun, aldiz, zazpi egunetan lehen harrapatzen genuenaren erdia harrapatzen dugu, eta itzuli egiten gara. Horrela, arraina freskoago porturatzen da, eta, aldi berean, garestiago. Kalitate oso oneko arraina izaten da gaur egun saltzen dena”. Arrainaren neurrigabeko arrantza mugatzen duten kupoek ere baldintzatzen dute arrantzaleen lana. Lehen baino neurri gehiago dituzte, alde horretatik. Ulerkorra da Osa halako neurriekin: “Ez dut gaizki ikusten, arrainen biomasa mantendu egiten delako horrelako arauekin. Antxoarena adibide ona da: nahi adina balego bezala harrapatu genuen eta batere gabe geratu ginen. Halakoak ez gertatzeko balio dute kupoek”.

Teknologiak ere aldatu du lan egiteko modua. “Makina berriak sartu dira: garabiak, zupagailuak eta halakoak. Haiek egiten dutena eskuz egiten genuen lehen: arraina hartu, ontzi gainera bota, ondoren kaxetara eta kaxetatik behera; gaur egun, aldiz, tutu bat sartu eta dena zurrupatzen du. Horrela, hozkailuetatik zuzenean kaxetara joaten da arraina”. Kalitatean eragina du, Osak dioenez, “arraina gutxiago ukitzen da eskuekin eta ezkatak ez ditu galtzen”. Tresna berrien erabilerak lana erraztu du, era berean. Aldea hain da nabarmena, “lehen egiten zen lanaren erdia” egiten baitute arrantzaleek, Osaren arabera.  

Gogorrena, udara

Sareko arrantzarekin ekin diote denboraldiari arrantzaleek, eta hala ariko dira ekaina erdialdera arte. Orduan hasiko da haientzat lan gogorrena. Denbora gehiago ematen dute itsasoan, eta atseden hartzeko egun bakarra izaten dute, etxera itzultzean. Irlanda ingurura ere joan ohi ziren lehen, baina azken urteetan arraina “barrura sartu dela eta”, Galiziatik Euskal Herrira arteko itsas zatian aritzen dira. Hain zuzen, Galizian bizi izana du Osak gutxik kontatu dezaketen zerbait. Zenbait lankiderekin batera, naufragio bat izan zuen. “Duela 23 urte izan zen. Karnata egitera joan ginen, eta kostaldera hurbildu ginen. Erliebe aldakorra du hango kostaldeak, eta, patroiak gaizki kalkulatuta edo, haitzen bat jo genuen”. Ura sartzen hasi zitzaien orduan, eta baltsak bota zituzten uretara. Baltsetan egon behar izan zuten, hiru bat orduz, harik eta salbamenduko ontziak iritsi ziren arte.

Ur epelagoetan ere ibilia da atunak harrapatzen. Ozeano Atlantikoan ibilia da, bai Ghana, bai Boli Kosta inguruan, baita Indiako ozeanoan ere, Madagaskarren eta Seychelleen inguruan. Kasu horietan, lau hilabete inguruz egiten zuten lan, sarearekin. Lanerako baldintzak inguru haietan hobeak direla onartu du: “Tenperatura goxoak izaten genituen eta egunez egiten genuen lan”. Denbora tarte luzeek eta herriarekiko distantziak herrimina areagotzen dutela onartu du, ordea: “Bizimodua hobea da, baina denbora asko da etxetik kanpo.Inguruak ezagutzeko denbora izaten genuen, behintzat”.

Atun garaikoak dira, momentuz, etxetik kanpo ematen dituen denbora tarte luzeenak. Udan izango da hori. Aurretik, sareko lanari lotu beharko zaio. Luzera begirako asmoez ez da epe laburrekoez bezain seguru mintzo, baina gauzak askorik aldatu ezean, itsasoari loturik ikusten du etorkizuna. “Ez dakit zer pasako den, baina itsasoan jarraitzeko asmoa dut; ez daukat besterik buruan”, dio, determinazioz.

  • Adina: 42 urte
  • Ikasketak: EGB
  • Lanbidea: Arrantzalea
  • Arrantzalea ez banintz: Puntista, seguruena. Hala ibili nintzen garai batean.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut: Korrika egitera joan ohi naiz.
  • Orokorrean, kirola egitea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide