Amaiako plazako jolastokian bildu ziren atzo hainbat lagun Mugimendu Feministak eta Amalgamak taldeak deituta. "Jaiak eta kaleak guztionak direla" aldarrikatu zuten, eta baita santelmoetan "eraso sexistarik ezta LGBTI+foborik" ez zituztela onartuko.
Eguraldi traketsarekin egin zen agerraldia, eta honako idatzi hau irakurri zuten:
"Jaiotzez kontzientziarik gabeko gizakiak gara, sentimendurik gabekoak. Ez dugu inor ez ezer maitatuko, ez dugu inor ez ezer gorrotatuko. Maitatzea zer den “erakusten” digute, nor, zer eta noiz maitatu. Gorrotoa zer den ere erakusten digute, batez ere zer eta nor gorrotatu. “Normaltasuna” maitatzen eta normaltasun horretatik at dagoena gorrotatzen erakusten digute. Baina nork ezarri zuen, nork asmatu eta inposatu zuen normaltasun onartu hori?
Horregatik sortu behar izan zen feminismoa, horregatik sortu behar izan zen LGBTI+ kolektiboa. Horregatik gaude gaur hemen. Horregatik bilduko gara beste behin ere larunbatean.
Beldurra erantzi eta adorea jantzi dugu eta ez gaituzte berriz isilduko, ez gaituzte berriz lurperatuko.
Argi dugu oraindik lan asko dugula egiteko, baina gaurkoan norberak alez ale egindako lanagatik txalotze bat eskatu nahi genuke. Iraultzarik handienak zuretik hasten direlako. Ale txikienetik. Txikitasunak egiten baigaitu handi.
Hori dela eta, apirilak 27, larunbata, gaueko 23:30ean txosnetatik hasiko den manifan parte izatera gonbidatzen zaitugu Amalgamak taldeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak. Festak askatasunez gozatu nahi ditugula aldarrikatzera goaz. Kaleak ere gureak direlako! Beraz, festak gainean ditugun honetan, kaleak hartuko ditugu beste behin. Denok baikara emakume, trans, bisexual, bollera, marika, inyersexual. Denok gara zu. Ez zaude bakarrik. Ez gaude bakarrik. Batuta egin dezakegu, zurekin, harekin, nirekin!
Zumaia aldatzera goaz!
Festak askatasun osoz gozatzeko bidean goaz, baina guztiok dakigu zein zaila den bide honetako gorabehera guztiei aurre egitea. Bidegurutzeetan aurrerago edo atzerago, ezkerrerago ala eskuinerago, baina beti helburu garbi batekin: emakumeen, transen, bisexualen, bolleren, mariken, eta intersexualen askatasuna.
Hori dela eta, San Telmoetan gertatu izan diren jarrera onartezinei aurre egiteko asmoz, hainbat ekimen antolatu ditugu:
Hasteko, bi larunbatetan Emagin elkarteak gune seguru bat eskaintzeko helburuarekin karpa-gune bat jarriko du Martxoak 8 plazan, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara eta gaueko 00:00tatik 02:00etara. Gune hori, erasoren bat jasan edo ikusten bada salatzeko zein informazioa (erasoen prebentzioen aurrekoa, protokolo bateratua, Amalgamak taldeak eginiko esku-orria) eskuratzeko izango da.
Erasoen aurrean jarraitu beharreko protokoloaren berrikuntzei dagokienez, aurtengoa Amalgamak taldeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak batera osatu dugu. Beraz, eraso LGBTI+foboen eta sexisten aurrean hartu beharreko jarrerak azaltzen dira bertan. Protokolo hau betetzeko erantzukizuna Zumaia guztiak har dezan eskatzen dugu. Gogoratu edonolako eraso baten aurrean ezer egiten ez duena erasotzailearen konplize bihurtzen dela.
Bukatzeko, gogora ekarri nahi genuke kultura LGBTI+fobo zein sexista batean bizi garela. Denok izan ditugula noizbait jarrera erasotzaileak, oraindik denok ditugula horrelako jarrerak. Guztiok gara gizarte honen parte, beraz, ez esan inoiz ez dituzula LGBTI+kolektiboa zein emakumeak* zapaldu, ez esan inoiz ez duzula esaldi iraingarririk esan, ez esan inoiz ez duzula horrelako jarrerekin inor mindu. Helburua ez da egindako akatsak ezkutatzea. Helburua akatsetatik ikastea da, heteropatriarkatua suntsitzea, gure sexualitatea askatasunez bizitzea, naturala den zerbait “ohikotzat” hartzea, gezurrari egia jartzea".
Zumaiako Mugimendu Feministak santelmo hauetarako zapi feministak salgai jarriko dituela ere aditzera eman zuten.