Goizean zehar Aitzurin entrenatzen izan dira Beñat Rezusta eta Peio Etxeberria pilotariak. Astelehenean, San Telmo egunean, buruz buruko txapelketako partida izango dute 17:00etan hasita.
Entrenatzeaz gain, pilota aukeraketa ere egin dute eta biak kontentu agertu dira materialarekin. “Antzeko pilotak aukeratu ditugula uste dut. Jokatzekoak eta onak dira”, aipatu du Rezustak. Frontoiarekin ere pozik zeuden. Afizionatu mailan Zumaian jokatutakoa da Etxeberria. “Frontoi polita eta ona da. Beste batzuekin konparatuta handiagoa da, koadro gehiago ditu, baina hori ez da aitzakia, beraz, bakoitza bere jokoa egitera aterako da astelehenean”, esan du.
Sentsazio onak dituela azpimarratu du Rezustak. “Gaurko entrenamendu saioan gustura aritu naiz. Bikoteko txapelketatik diferentzia handia dago buruz burukora, baina hobetu dudala uste dut. Oraindik ere postura batzuetan hobeto moldatzen naiz bestetan baino, baina entrenatzeko egunak izan ditut, beraz, ez dut aitzakiarik”. Agirreri 6-22ko emaitzarekin irabaztetik dator Etxeberria, eta bolada onari jarraipena emateko helburua du. “Aurreko igandean oso ongi sentitu nintzen, eta uste dut partida ona egin nuela. Orain, aurkari oso ona izango dut aurrean, baina kantxan denok nahi izaten dugu irabazi eta garaipena lortzen saiatuko naiz behintzat”, adierazi du.
Rezustaren nahia txapelketan egindakoarekin gustura sentitzea da. “Iaz erraz galdu nuela uste dut, eta ea aurten gerra emateko moduan naizen”, aipatu du. Etxeberria aurkari zaila izango dela ere uste du bergararrak. “Buruz burukoan jokatu dituen bi partidetan ederki moldatu da bai sakean, bai tantoa bukatzen. Partida zaila ikusten dut eta ez naiz inondik inora faborito ikusten, gainera aurreko jokoan sartuz gero zaila izango dut”, nabarmendu du. Etxeberriak bere jokoa egingo duela gaineratu du. “Aurrean jokatzen saiatuko naiz”, amaitu du.