Santelmoak 2019

Etxeberria nagusitu da San Telmo eguneko pilota jaialdian

Baleike 2019ko api. 30a, 08:46

Eskuzko pilota jaialdia jokatu zen atzo arratsaldean Aitzuri frontoian. Pilotalekuak itxura ederra zuen; 500 ikusle inguru bertaratu ziren buruz buruko txapelketako partida ikustera, asko eta asko Nafarroatik Etxeberria animatzera etorriak.

Beñat Rezusta eta Peio Etxeberria neurtu ziren txapelketako final zortzirenetako norgehiagokan. Atzelaria lehena, aurrelaria bigarrena. Etxeberria nafarra berehala hasi zen kantxan agintzen, eta Rezustak egindako hutsegite batzuen ondorioz, aldea zabaldu zuen markagailuan (1-6, 1-8). Rezustak izan zuen erreakzio txiki bat eta atzera botatako pilotakaden ondoren markagailuan hurreratzea lortu zuen (4-8, 7-9). Hortik aurrera berriro hasi zen aurrelari nafarra dominatzen, eta atzelariak ezer gutxi egin ahal izan zuen (7-12, 8-14, 9-15, 10-19). Partida 10-22 emaitzarekin amaitu zen. 

Aurretik eskuz binakako partida jokatu zuten Mendizabal III.ak eta Martijak, Arteaga II.a eta Galarzaren aurka. Tantu lehiatu eta gogor batekin hasi zen partida. Arteaga II.a eta Galarza aurretik jarri ziren markagailuan hiru tantoko aldearekin (2-5), baina hor hasi ziren Galarzaren hutsegiteak atzeko koadroetatik. 2-5 horretatik 10-6ra pasa den partida oso denbora gutxian. Partida 22-9 emaitzarekin amaitu zen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide