Zumaiako EAJ-PNVren hautagaiak

Baleike 2019ko mai. 11a, 15:46

Zumaiako EAJ-PNVk gaur aurkeztu du maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaitza. 20 lagunek osatzen dute zerrenda. 

Hautagai bakoitzaren curriculum txiki bat ere prestatu dute. Honako zerrenda aurkeztu dute Zumaiako jeltzaleek:

1. Oier Korta Esnal

"Oier Korta Esnal zumaiarra da jaiotzez eta bihotzez. Elgoibarko IMHtik Produkzio mekanikoan Goi Teknikaria, ostalaritzako enpresari izan da urte askotan eta 2017 urtera arte Korta enpresan kontseilari. Azken lau urteotan Zumaiako alkate izan da. Ezkondua eta 3 seme-alaben aita, familia zalea da eta aitatasunak biziki markatu duen pertsona".

2. Marikruz Alvarez

"Ezkondua eta hiru seme-alaben ama. Ogasun eta Pertsonal zinegotzia izan da azken 4 urteotan eta aldi berean enpresa pribatuan Administrazio arduradun, Bilbon. 2001-2015 bitartean, Donostiako garraioari zuzenduriko enpresan batean lan egin zuen, hasieran administrari bezala eta azken 9 urteetan bertako Gerente eta enpresa kontseilu partaide. Salgaien Garraioko eta Jarduera Logistikoetako Enpresen kudeaketa Graduaurrekoa, Estatu Barruko eta Nazioarteko Salgaien Garraioan Lanbide-Gaitasuna eta Administrazio eta Merkataritza Teknikari Espezialista".

3. Aitziber Odriozola

"46 urte, ezkondua eta alaba baten ama. Komertzio munduan hezia, 2007an Flysch arropa denda sortu eta 12 urtez kudeatu zuen. Bitarte horretan, 6 urtez Zumaiako Ostalaritza eta Komertzio elkartean lehendakaria izan zen, sektore hori indartzeko ekimenen sustapenean sakonki parte hartuz. Garaiko lorpenen artean: ZE txartela, outleta, pintxopotea sortzea eta bultzatzea".

4. Kristina Vicente

"41 urte, ezkondua eta hiru seme-alaben ama. Iruñean jaioa, aita portugaldarra eta ama debarra ditu. Deban eta gero Zumaian hazia, Debako Ikastolan egin zituen hasierako ikasketak eta ondoren Zumaiako eskola publikoan. Azken 4 urteetan Hezkuntza, Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan da. Formazioz, Bizitasun soziokultural goi teknikaria eta integrazio sozial goi teknikaria da eta 2004tik Zumaiena ikastetxean Heziketa Bereziko espezialista lanetan jarduten du".

5. Gotzon Embil

"Ezkondua eta bi umeren aita. Proiektu mekanikoen garapena goi mailako heziketa zikloa ikasia, egun kale garbiketa arduradun bezala lan egiten du, baina bere bizitza kirolari oso lotuta dago. Zesta puntako pilotari profesionala izan zen 1996tik 2016ra, azken lau urteetan Zumaiako kirol zinegotzia izan da eta baita Euskadiko euskal pilota federakuntzako presidentea da".

6. Iker Mardaras

"Algortan jaiotako zumaiarra. Ezkondua eta bi semeren aita. Marketing eta enpresa kudeaketan lizentziatua, azken 15 urteetan kontrol korporatiboko kudeaketa arduradun bezala lan egiten du".

7. Ainhoa Illarramendi

"Jaiotzez zarauztarra, Zumaian bizi da azken 16 urteetan. Ezkondua eta alaba baten ama. Gestio Informatikoko Teknikari Espezializatu ikasketak egin zituen Donostiako Nazaret Zentroan. 15 urtez idazkaritza eta administrazio lanetan aritua enpresa ezberdinetan eta 9 urtez Trikuharri jantzi-dendaren jabe, kudeatzaile eta administratzaile".

8. Arantzazu Florez

"27 urteko zumaiarra. Ingeniaritza Biomedikoan graduatua, Ingeniaritza Biomedikoan Masterra, datu analisi eta software programatzaile bezala haritu da Biolan enpresan eta ikerketako laguntzaile da egun Vicomtech zentro teknologikoan".

9. Unai Manzisidor

"Zumaiarra, Enpresen administrazio eta zuzendaritzan lizentziatua izateaz gain, enpresa txiki eta ertainetako finantza kudeaketan gradu-ondokoa. Biokeralty Researcheko finantza koordinatzailea da eta udal politikagintzan aritua, 2007-2011an EAJ-PNVko zinegotzi bezala".

10. Ane Arregi

"Zumaiarra da eta Merkataritza Internazionalean goi zikloko eta salmenten kudeaketa eta espazio komertzialen goi mailako ikasketak ditu. AP8 autopistako Zarauzko kontrol zentroan, egiten du lan eta Euskara eta Gazteria zinegotzia izan da Zumaiako Udalean legealdi honetan".

11. Lide Amilibia

"52 urteko zumaiarra. 2 seme-alaben ama. Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatua, egun Gizarte Politiketako Sailburu ordea da Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailean. Udal kudeaketan ere badu esperientzia, zinegotzia izan baitzen Zumaiako Udalean 2003tik 2007ra eta Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakari izan zen 2007tik 2011ra".

12. Mikel Olaizola Elosua

"50 urteko zumaiarra. Ezkondua eta 2 seme-alaben aita. Ingeniaritza Tekniko Industriala ikasi zuen eta 4 urtez zinegotzi izan zen Zumaiako Udalean. Eskubaloiko entrenatzailea, azken 10 urteotan, Pulpo Eskubaloian".

13. Edurne Egaña

"Zumaiarra. Ezkondua eta bi seme-alaben ama. Ekonomia Zientzietan lizentziatua da eta MBA eta MOC (Orkestra) masterrak ditu. Egun Euskadiko kirol portuetako zuzendaria da. Herrigintzarekin duen konpromisoak, aspalditik zenbait ardura hartzera eraman du; Legebiltzarkidea 2001-2003, Jaurlaritzan Aurrekontu Zuzendaria 2003-2007, Presidentziako Foru Diputatua Gipuzkoako Foru Aldundian eta baita Zumaiako Udaleko zinegotzia ere. Zumaiako zenbait herriko talde eta elkarteren jardueretan laguntzen du".

14. Xabier Urrutia

"Bergaran jaiotako zumaiar honek bizitza erdia baino gehiago Zumaian darama. Ezkondua eta bi alaben aita. Kimikan lizentziatua, Kimika eta Fisikako irakaslea da Zumaiako Institutuan".

15. Josemi Antia

"Zumaiarra, ezkondua eta bi seme-alaben aita. Lanbidez komertziala, eskubaloiko jokalari eta entrenatzaile izan da eta egun Pulpo Eskubaloi Taldeko presidentea da".

16. Arantzazu Arrizabalaga

"Zumaiar honek, Mutrikun duen dendan egiten du lan. Errefuxiatuen salbamenduaren alde sortutako herri ekimenak laguntzen ditu, bereziki Aita Mari proiektua".

17. Isidro Fernández

"Urnietan jaiotako zumaiarra. Ezkondua, 4 seme-alaben aita eta 8 biloben aitona. Ingeniari Teknikoa da eta 11 urte dira erretiroa hartuta dagoela. Demokraziako lehenengo bi agintaldietan, zortzi urtez, zinegotzi izan zen Urnietan eta zinegotzi izan zen baita Zumaiako Udalean ere. Zortzi urtez Pulpo Kirol elkarteko idazkaria izan da. Irakurketa eta zinema zalea, lurralde exotikoetara maiz bidaiatzen du".

18. Juan Carlos Zendoia

"Zumaiarra, ezkondua, bi seme-alaben aita eta bi biloben aitona. Lanbidez erloju- konpontzailea, bere negozio propioa eramaten du. Zumaiako Udalean zinegotzia izan zen 2011-2015 agintaldian".

19. Eusebio Larrañaga

"Azkoitian jaioa, bizitza erdia baino gehiago darama Zumaian. Administraria eta Salmentatan diplomatua da. Komertzial lanetan aritu izan da urte askotan eta egun elektrizitate enpresa bateko arduraduna da. Gurutze gorriko boluntarioa izan da 10 urtez eta Zumaiako Merkatari Elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Zumaiako zenbait talde eta elkartetan kolaboratzailea da".

20. Marije Antia

"Zumaiarra, ezkondua eta bi alaben ama. Etxeko lanetan aritzen da eta Guraso Elkarteko presidentea izan da. Zumaiako Euskararen aholku batzordeko kidea da eta Erkibe Kultur Taldeko presidentea".

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide