Alkate izan zara legealdi honetan. Zer balorazio egiten duzu?
Balorazioa positiboa da. 51 kontratu ireki jarri ditugu abian agintaldi honetan. Aurreko legealdian 27 izan ziren. Sartu ginenean Udalaren egoera ekonomikoak kezkatzen gintuen. Kudeaketa zorrotza egitea zen gure aldarrietako bat, eta, alde horretatik, egoerari buelta eman diogu. Gizarte zerbitzuei buelta handi bat eman diegu; saila bera indartu dugu eta programa berriak abian jarri dira. Hezkuntzan ikastetxe berria egiteko eta Sagarbideko pista estaltzeko konpromisoa sinatu dugu. Udalak berak Aita Mari ikastetxeko aterpe eta jolasleku berriak egingo ditu. Enplegu eta ekonomia sustapenean pauso handia eman da. Legealdi hasieran eskualdeko bost udalerriok konpromisoa hartu genuen Udal Elkartearen bitartez programa jakin batzuk martxan jartzeko, eta horiek fruituak eman dituzte. Bestetik, inguru atsegin eta irisgarria izateko pausoak ere eman dira.
Zure ustez, zein Zumaiak dituen erronka handienak etorkizun hurbilean?
Amaitzear den legealdi honetan Arau Ordezkatzaile berriak egiteko plana jarriko da abian. Herria nola hazi proiektatuko duen dokumentua izango da. Bestalde, azpimarratu nahi dut Aldundiak San Juan Egoitzan birgaitze lanak egingo dituela: plaza gehiago eta espazio berriak sortuko dira.
Zein dira EAJ-PNVren ardatz nagusiak hauteskundeei begira?
Ardatzak legealdi honetatik markatuta ditugu, eta horiekin jarraituko dugu lanean. Gizarte zerbitzuek lanketa handia eskatuko dute. Hezkuntzan iruditzen zaigu lan handia egin dela, eta gaur egiten diren lanek etorkizunera begira garrantzia izango dute. Enplegua izango da beste ardatz bat, eta inguru atsegin eta irisgarriaren aldeko lanean jarraituko dugu, bizi kalitate ona eskainiko duen herria izateko.
Gai konkretuetara jota, etxebizitzaren gaia dugu. Etxebizitza gutxi dago herrian, oso garestiak, eta alokairuaren prezioek ere gora egin dute.
Legealdi honetan Torreagaberri hitzarmena sinatu dugu. Horren arabera, 50 etxebizitza babestu eta beste 50 tasatu egingo dira. Bestetik, alokairu beka jarri dugu martxan gazteei zuzenduta. Programa honek duen berezitasuna da etxebizitzak partekatzea sustatzen duela. Alokairuaren % 75 estaltzera hel daiteke. Erabilera komertziala duten lekuetako etxabeetan etxebizitzak ateratzeko lanketa egitearen beharra ere ikusten dugu. Etxebizitza hutsei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak lege berri bat onartu du, udal guztietan aplikatu beharko da, eta etxebizitza huts horiei tasa berri bat ezarriko zaie.
Kulturara salto eginda, hor dugu Komentua. Aspaldi pasa zen Udalaren eskuetara, baina oraindik erabaki gabe dago zer egin.
Esan nahiko nuke bi eraikin pasa direla udal patrimonioaren eskuetara legealdi honetan: estazio zaharra eta Erkibe etxea. Hausnarketa sakona egin behar dugu, herriak zer behar dituen eta zer lokal ditugun jakiteko. Komentuari dagokionez, jakitun izan behar dugu zer dimentsio dituen, eta edozer egitasmo mahai gainean jarri aurretik, jakin behar dugu babestua dagoela, eta edozer gauza egiten dela ere diru kopuru handia beharko dela.
Gero eta gizarte zaharragoa dugu, eta gero eta behar handiagoak ditu. Bestalde, pobreziatik atera ezin duen jendea ere badago.
Zahartzaroari dagokionez, programa asko jarri ditugu martxan aurreko legealdian, eta programa horiei jarraipena ematea da helburua. Adinekoen behatokiak txosten oso interesgarria prestatu du horren inguruan. Pobreziaren gaia aipatzen duzunez, langabezia tasak behera egin duen heinean, beste adierazle batzuek (Janari Bankoa, laguntzak jasotzen dituzten onuradunen kopurua, etab.) ere beheranzko joera hartu dute. Garbi dago langabezi tasak behera egin duela, eta pozik gaude. Baina ezin gara geratu, geratzeak atzera egitea dakarrelako.
Kirol ekipamenduen inguruko proposamenak aurkeztu zenituzten martxoan, epe luzera begira. Epe laburrera begira, ba al duzue proposamenik?
Udalean sartu ginen unetik kiroldegirako inbertsio partida igo dugu. Lehen 15.000 euroko partida zegoen, eta 2018an 200.000 euro gastatu ziren hobekuntzetan. Asko erabiltzen da, eta ikusita gizartea nola ari den aldatzen, erabiltzaileen kopuruak gora egingo du zalantzarik gabe. Legealdi honetan bi azterketa enkargatu ditugu. Iruditzen zaigu inbertsioekin jarraitu behar dugula, baina kirol ekipamendu berri eta handiagoetan lan egin behar dugu zumaiarron ongizatea bermatzeko.
Aste Santu honetan ere bisitari andana izan dugu herrian, eta turismoak eztabaidarako gai izaten jarraitzen du.
Turismo Plana martxan jarri dugu legealdi honetan. Plan hori egin eta gero ez dakit halako eztabaidarik dagoen. Guretzat turismoa aukera bat da, iruditzen zaigulako merkataritza sustatzeko erreminta dela. Bestetik, turismoa bera guretzat, herri bezala, baliagarria da gure historia, gure kultura ezagutzera emateko. Legealdi honetan Enigma bizia programa jarri dugu abian, euskara ardatz duena. Turismoaren ezbai horretan aparkalekuen erregulazioa jarri dugu martxan legealdi honetan. Lanketa handia izan da, asko kostatu da, eta iruditzen zait egin beharreko lana zela.
Langabeziak behera egin du, baina azkenaldian enpresa batzuek ateak itxi dituzte. Ekonomiaren aldetik zer proposatzen duzue?
Udalak berak ekonomia eta enplegu sustapenean baditu eskumenak, baina azpimarratu nahi nuke gai honi eskualde moduan heldu beharko geniokeela. Langabezi datu horietan emakume eta gizonezkoen artean bi puntu portzentualen diferentzia dago. Fokua jarri behar dugu hor hurrengo legealdian.
Komertzioari dagokionez, denda dezente itxi dira azkenaldian.
Hauteskunde programan herriko merkataritza eta bizitza bultzatzen lagunduko duen proiektu bat daramagu. Erkibe aurreko orubea, Ignacio Zuloaga plaza eta Gurrutxaga plaza artean espazio handi bat sortu nahi dugu. Espazio horretarako aterpe polibalente bat planteatzen dugu. Espazio hori baliagarria izan daiteke ostegunetako merkatua bertara eramateko. Lehen sektorea sustatzeko espazio polit bat ere sor dezakegu, produktu lokalari balioa emateko.
Proposamen zehatzak ere baditugu. Bi haurreskolak bateratzea eta Sagarbidera eramatea planteatzen dugu. Gernika parkean lurrazpiko aparkalekua egitea jasotzen dugu. Portu Saileko eremua da, eta elkarrizketak zabalik daude. 300 aparkaleku joango lirateke bi solairutan banatuta. Zumaia eta Oikia bidegorriz lotzeko konpromisoa ere jasotzen dugu.
Laburrean
- Izen-abizenak: Oier Korta Esnal. Zumaia, 1972.
- Leku bat munduan: Tibet eta Zeelanda Berria ezagutzeko gogoa dut.
- Janari bat, edari bat: arrautza frijituak eta sagardoa.
- Liburu edo idazle bat: Eduardo Punset.
- Pelikula bat: Billy Elliot.
- Musikari bat: Janis Joplin.
- Politikan noiz arte: datorren legealdira arte.
- Hitz gutxitan, beste alkategaiak nola definituko zenituzke: Iñaki eta Patricia ez ditut ezagutzen, bistaz bakarrik. Arritxu Marañon: politikari petoa, borrokalaria.