Patricia Camacho: “Zumaiarrak ondo egon daitezen egin behar dugu lan”

Baleike 2019ko mai. 25a, 09:00

Estreinakoz aurkeztu du udal hauteskundeetan hautagaien zerrenda UZIN plataformak. Patricia Camacho zerrendaburuaren hitzetan, zumaiarrentzat lan egitea izango da beren erronka nagusia, eta ilusioz heldu diote helburuari.

Nola baloratzen duzu aurreko legealdia?

Hobetu daitekeela iruditzen zait.

Zein dira datozen urteetan Zumaiak dituen erronkak?

Nik uste dut Zumaiako herritarren bizi kalitatea hobetzea dela erronketako bat. Gure herrian, pobrezian dagoen herritar asko daudela esango nuke. Zumaiarrak ondo egon daitezen egin behar dugu lan. Ez diot atzerritarrek ondo bizitzeko eskubiderik ez dutenik, baina zumaiarren alde askoz gehiago egin beharko genuke.

Zein dira zuen programaren ardatz nagusiak?

Zumaiarentzat eta zumaiarrentzat lan egitea da helburu nagusia. Kaleko jendea gara, eta hemengo herritarrentzat egin nahi dugu lan; gure asmoa ez da harago joatea. Egunez egun egingo dugu lan.

Asko garestitu dira etxebizitzen prezioak, baita alokairuarenak ere. Arazo horren aurrean, zein dira zuen proposamenak?

Etxebizitzak alokairuan dituztenek jaitsi egin beharko lituzkete prezioak. Horri dagokionez, asko garestitu da Zumaia. Gazteek ezin dute etxerik erosi ere egin; hain justu, herritik kanpora doaz bizitzera asko eta asko. Arroara, Zestoara…

Komentua orain bospasei urte pasa zen Udalarena izatera, baina oraindik osatu gabe jarraitzen du. Kontuan hartuta alde zaharraren erdian dagoela, eta haren berpiztean zerikusia izan dezakeela, zer proposatzen duzue?

Hotel bat egiteko konponduko nuke, probetxu handiagoa ateratzeko. Erromesentzako aterpetxea ere izan daiteke aukera bat, baina baldintza onetan. Eraikina osorik konpondu behar da, bestela erori egingo da.

Gero eta zaharragoa da Zumaiako biztanleria. Alde horretatik, zer proposatzen duzue?

Lan asko egin behar da esparru horretan; batik bat, mendeko pertsonentzat. Zer gertatzen da, bestela, jende horrekin? Jende horrentzat eskuragarriagoak izan behar dira gauzak.

Gero eta herritar gehiagok egiten du kirola, baina, agian, kirol ekipamenduak txiki geratu dira. Proposamen bat aurkeztu zuen udal gobernuak, epe luzean garatzeko. Etorkizun hurbilerako zer proposatzen duzue?

Kiroldegia zaharra geratu zaigu. Hura bota eta beste bat egingo nuke. Konponketa batzuk egin dituzte duela gutxi, baina zaharkituta dagoela uste dut. Egin den proposamena ez zait txarra iruditzen, baina kiroldegia herritik irisgarriago utziko nuke, dagoen tokian bertan.

Eraikin zahar asko dugu Zumaian; horietako batzuk saldu egingo nituzke, eta diru horrekin kiroldegiko inbertsioa egin.

Turismo Plana onartu zen. Eztabaida sortzen duen gaia da herrian. Zer proposatzen duzue?

Turismo Plana alderdi guztiek adostu zuten bere garaian, hor ez dago zer esanik. Hala ere, turismoari dagokionez, Algorrin eta Geoparkean sarrera mugatua jarriko nuke.

Eskualdeko langabezi datuak Gipuzkoako onentsuenak dira. Hala ere, badago jendea langabezian. Zer neurri hartuko dituzue?

Lanpostuak sortzeko egingo dugu lan; betiere, zumaiarrentzat lehendabizi. Lan poltsak aterako genituzke, baina, esan bezala, zumaiarrek izango lukete lehentasuna. Horixe da gure interesa.

Laburrean

  • Izen-abizenak: Patricia Camacho Quizena.
  • Adina: 63.
  • Munduan leku bat: irla bat.
  • Janari bat eta edari bat: txuleta eta zerbeza.
  • Liburu bat: Cien años de soledad.
  • Pelikula bat: La vida es bella.
  • Musikari bat: The Beatles.
  • Politikan noiz arte: ez dakit.
  • Oier Korta: kaletik ezagutzen dut, oso gutxi.
  • Arritxu Marañon: ez dut ezagutzen.
  • Iñaki Ostolaza: txikitatik ezagutzen dut, jatorra iruditzen zait.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide