Hauteskunde-mahaietarako deituta zeuden lagunak 8tarako hauteslekuetako ateetan zain egon dira mahaiak osatzeko. Batzuk bospasei minutuko atzerapenarekin agertu dira, baina ez da hori arazoa izan mahaia eratzeko. Informazio guztia jasota, goizeko 9:00etan zabaldu dituzte hauteslekuetako ateak, eta herritarrak pixkanaka joan dira beraien botoak ematen.
Mahai gainean hiru koloretako hautetsontzi dituzte: urdina Europako parlamenturako, zuria Udalerako eta izokin kolorekoa Batzar Orokorretarako. Iluntzeko 20:00etan itxiko dituzte hautetsontziak, eta botoak kontatzeko unea helduko da. Europako parlamenturako botoak kontatuko dituzte lehenbizi, Udalerakoak jarraian, eta Batzar Orokorretarakoak azkenak. Zenbaketa gaua luze joango dela aurreikusten dute denek.