Zumaian eskubaloian jokatzen hasi zirela 50 urte betetzen dira aurten

Baleike 2019ko maiatzaren 30a

Pulporen 1981-1982 denboraldiko gizonezkoen senior mailako taldea.

Erakusketa bat egingo dute Oxforden eta bazkari herrikoia uztailaren 20an. 800dik gora lagun aritu dira eskubaloian Zumaian denbora honetan.

Kauldi Odriozola edota Ander Torriko jokalarien ibilbide arrakastatsuak Zumaiako eskubaloia ezagutzera eraman du herriko edo Gipuzkoako mugez harago. Eskubaloiak Zumaian duen historia ez da, baina, azken urteotara mugatzen; herrian eskubaloira jokatzen hasi zirela 50 urte betetzen dira aurten, eta urteurren hori ospatzeko egitaraua prestatzen ari dira.

Garaikurrez eta argazkiz beteta dago Pulpo Eskubaloiak Lubaki kiroldegian duen bulegoa. Bertan daude Joxemi Antia Pulpoko presidentea eta Josean Granados Pulpoko jokalari ohia. 50. urteurrenerako egitarauaren prestaketa lanetan murgilduta daude, baita eskubaloiak Zumaiak izan duen historiako protagonisten izenak biltzen ere.

Denboran mende erdi atzera egin behar da historia honen hastapenak aurkitzeko, 1969. urtera, hain zuzen ere. "Eskubaloian aritu nahi zuen talde bat zegoen garai hartan, eta jubenil mailan Espainiako txapeldun izan zen eta Espainiako selekzioarekin jokatu zuen Juan Mari Artetxe herritarrarekin jarri ziren harremanetan. Hari eskatu zioten herrian eskubaloi taldea sortzen laguntzeko", diote omenaldiaren antolatzaileek. Eta, baita egin ere.

Talde bezala klub baten sostengua behar zutela-eta, Club Deportivo Zumaiaren izenean jokatu zuten aurreneko urte haietan. Pulpo eskubaloi taldea, berriz, 1974an sortu zuten. "Denbora batean, bi klubak bakoitza bere aldetik aritu ziren. Kontuan hartu behar da Pulpok ez zuela senior mailako talderik izan 1981-1982 denboraldira arte. Ordutik, Pulpo izan da eskubaloi talde bakarra Zumaian", azaldu dute.

Erakusketa eta bazkaria
50 urte hauetan Zumaian eskubaloian zenbat lagun aritu diren jakitea ez da erraza. «Guztira 800 lagundik gora izango dira, neska zein mutil. Pulpoko fitxak baditugu, baita Club Deportivo Zumaiako batzuk ere. Hasiera hartan jokatu zutenen argazkiak ditugu, baita kontatzen dizkiguten kontuak ere». Pixkanaka, Zumaiako eskubaloiaren historia osatu nahi dute. Hala, argazkiak biltzen ari dira Alondegian egingo duten erakusketarako. "Argazkietan agertzen diren lagunen izenak ere atera nahi ditugu", azpimarratu dute.

Erakusketa uztailaren 15etik 20ra egingo dute Oxforden, eta argazkiez gain, jantziak, klubek emandako banderatxoak eta abar luze bat erakutsiko dituzte, "belaunaldi berriek ikus dezaten garai hartan zer jantzirekin jokatzen genuen!", diote irribarre artean. Norbaitek garai hartako arropak edota txandalak baditu, erakusketarako uzteko ere eskatu dute.

Pulporen urteurreneko egun handia uztailaren 20a izango da. 12:00etan herrian eskubaloia sortu zuten lagunak omenduko dituzte, eta jarraian Kofradia aurrean hamaiketakoa egingo dute. 14:30ean bazkaria egingo dute Herri Eskolako frontoian. Ehunka lagun bilduko direla aurreikusten dute antolatzaileek. Ekitaldietan parte hartu nahi dutenek kamiseta bana jasoko dute. Parte hartzeko 40 euro sartu beharko dituzte Rural Kutxako 3008 0172 07 3141195127 kontu korronte zenbakian. Kontzeptuan kamisetaren neurria jarri beharko da. Izena emateko epea ekainaren 15ean amaituko da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide