Coro Prieto estetika zentroa: "Sektorean dauden zerbitzu gehienak eskaintzen saiatzen gara, beti ere, bezeroen onurarako badira, noski"

Baleike 2019ko ekainaren 2a

Zumaian aurkitzen den Coro Prieto estetika zentruaren motorra elkarrizketatuko dugu gaurkoan. Duela 40 urte darama sektorean. Ezagutu ezazu zerk eraman zuen edertasunaren eta estetikaren munduan murgiltzera.

Zerk bultzatu zintuen Coro Prieto estetika zentrua sortzera?

Txikia nintzenean eskolatik ateratzean familiako dendaren mostradore atzean laguntzea asko gustatzen zitzaidan. 18 urte nituela estetika ikastea erabaki nuen. Argi nuen pertsonekin tratua zuen zerbaitetan murgildu nahi nuela eta estetikarekin, pertsonak mimatu, politago sentiarazi eta aholkatu ditzaket. Oso kursia izan daiteke, baina maitasunak Zumaiara ekarri ninduen eta zerbait egin behar nuenez, zentroa irekitzea pentsatu nuen ilusio handiz.

Zer zerbitzu eskeintzen diezue zuen bezeroei?

Sektorean dauden zerbitzu gehienak eskaintzen saiatzen gara, beti ere, bezeroen onurarako badira, noski. Gehien eskatzen duten zerbitzuak aurpegiko tratamenduak dira, gazteentzat (aknea, deshidratazioa…) zein helduentzat (ximurrak, orbanak, biguntasuna…). Guztiak 40 urte betetzen dituen Natura Bisse kosmetika etxe kataluniarrak egindakoak; gure balore berdinekin egiten dute lan, ikaragarri onak dira, eta esaten duten guztia betetzen dute beraien produktuek.

Mikropigmentazioa ere gure zerbitzu eskatuenetarikoa da. Bekainetan batez ere: gune horretan hilerik ez duten pertsonek, tratamendu onkologikoren bat jasotzen dutenek, edota forma politago bat bilatzen dutenek, hor daukate soluzioa. Gorputzeko tratamenduak ere eskaintzen ditugu, manikura, pedikura, erlaxazio ritualak, fotodepilazioa, bekainetako kizkurtzeak, makillajea…

Etxerako kosmetikaren aholkularitza ere oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun dagoen kosmetika anitzarekin nork ez dauka apalean ondo ez doakion edo gustatzen ez zaion zerbait? Hemen dago gakoa… Elikadura aholkularitza ere eskaintzen dugu.

Eta Aparatologia asko dugu baita ere, urte hauetan merkatura ateratzen joan diren topenak ekartzen joan gara. Haien artean: Indiba, Velasmoth, Narl, Lipofti… eta orain iritsi berri zaigun gorputzeko grasa eliminatzeko azkena, CrioCool med, pasada bat! Kosmetika eta makillajea ondo erabiltzeko tailer eta masterclassak ere egiten ditugu.

Gaur egun zutaz gain, nor gehiagok osatzen du lan taldea?

Asko izan dira nire etxetik pasa direnak, denak maitasun handiz gogoratzen ditut. Ia denak beraien estetika zentrua irekitzeko asmotan irten dira, nik uste ekiteko grina erakutsi diedala. Orain nire alaba Itxaso, Elena nire iloba, eta ni gaude taldean. Polita da familian lan egitea, hiru adin desberdinen jakinduria batuz. Bakoitzak bere espezialitateaz gain, hirurok pertsonekin tratua eta hauek mimatzea dugu gustokoen.

Estetikaren sektorean zer aldaketa ikusten dituzu 40 urte hauek pasa ondoren?

Ikaragarrizko aldaketa, ez du zer ikusirik. Gaur egungo teknologia eta ikerketak apartak dira gure sektorean; izugarrizko emaitza onak eman dira tratamenduetan, eta efikazia honen ondorioz bezeroen exigentzia puntua igo egin da. Hauek ere infomazio asko daukate aparatuez, kosmetikaz… Lehen, nik esplikatu behar nien zer egingo nien, orain gauza konkretuak eskatzen sartzen dira asko, aparatu edo kosmetika berri baten berri izan dutelakoan.

Beste aldaketa handi bat internet izan da. Lehen eskaparatea denda bera zen, orain webgunea, Instagram, Facebook, etab. dira, eta zer nolako eskaparatea! Batzuek oztopo ikusten dutena nik aukera bezala ikusten dut. Aste honetan bertan Murtziara bidali dugu kosmetika pakete bat, edo Gabonetan e-mail bidez bidalitako tratamendu baleak. Hau esanda @coroprietoestetikazentrua bilatu eta jarraitu gaitzakezu. Facebook eta instagram erabiltzen ditugu eta web orria ere kuxkuxeatu dezakezu.

Nola ikusten duzu herriko komertzioa?

Gero eta anitzagoa da Zumaiako denden aukera, ia denetarik duen herri batean gaudela iruditzen zait. Gainera, ilusioz eta ausardiaz betetako irekiera asko ikusten ari gara, izan ere negozio bat hastea ez da erabaki erraza. Egia da, baita ere, gauza berrietara irekita egon behar dugula dendok, lehen komentatu bezala, sare sozialak landuta eta pertsonalizazioari garrantzia handia emanaz. Denda txikietako familiartekotasunari eta konfiantzari garrantzia handia ematen diot bezero bezela.

Elkarte sendoa ere badugu herrian, gauza berriak egiteko prest eta ideia berriei irekita dagoena. Beti izan naiz elkartekidetzaren aldekoa, bakarrik egin ezin ditugun gauzak lor ditzakegu elkarte bezela.

Etorkizunean pentsatzean… zer etortzen zaizu burura Coro Prieto estetika zentruaren inguruan?

Etorkizunari begira… ni gabeko Coro Prieto estetika zentrua ikusten dut, noski… kar kar. Jada belaunaldi aldaketa ematen ari da, profesionaltasun eta trebezia handiagoarekin, gainera. Aukera handiak ikusten dizkiot etorkizunean, beste 40 urtez kalitatezko zerbitzu onak eskaintzen, prezio egokiak eta orain arteko balio etikoei leial jarraituz.

Azkenik, zer esango zenieten zuen bezeroei?

Batez ere gugan izandako konfiantzagatik eta beti eskaini didaten maitasunagatik eskerrak eman. Gogoan ditut 1979ko uztaileko lehenengo bezeroak. Batzuk zer egiten nuen galdezka etortzen ziren (oraindik ez zen oso garbi ezagutzen estetikari baten lana), beste batzuk ni ezagutzera, ez nintzen zumaiarra eta… Oso atsegina eta ilusio handikoa izan da niretzat haien alabak eta bilobak gure zentrutik pasatzen ikusi izana. Mila esker benetan!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide